Eskoziako auzitegi batek ebatzi du Johnsonen hitza fidagarria dela

Erresuma Batuko Gobernuak Edinburgoko tribunal batean hitzeman du 'brexit'-a atzeratuko duela ez badu akordiorik lortzen

Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Boris Johnson lehen ministroak atzo esan zuen Erresuma Batua «ezinbestean» irtengo dela Europako Batasunetik urriaren 31n. Hamaika bider esan du jada. Hori hala izan dadin, ordea, ezinbestekoa du Bruselarekin akordio bat sinatzea. Hala da oposizioko alderdi guztiek eskuak lotu zizkion lege bat onartu zutenetik: traturik ez badago urriaren 19a baino lehen, brexit-erako epea luzatzeko eskatu beharko du Johnsonek—urtarrilaren 31ra arte—.

Eskoziako auzitegi zibil nagusiak ez du beharrezkotzat jo lehen ministroa erabaki hori hartzera behartuko lukeen auzi eskaera onartzea. Ostiralean egin zen epaiketa, eta, auzitegiaren arabera, bermeak eman zituen gobernuak irailean Erresuma Batuko Parlamentuan onartu zen legea betetzeko. Lord Pentland epaileak azaldu zuenez, «ez da beharrezkoa, ezta egokia ere» aipatutako eskaria onartzea, gobernuak Europako Batasunari luzapena eskatzeko gutuna bidaliko baitio beharrezkoa bada.

Eta Johnsonek ez badu legea betetzen? Epailearen arabera, auzitegien eta politikarien artean dagoen «elkarrekiko konfiantza» apurtuko litzateke.

Ondorioz, atzera bota du brexit-aren aurkako zenbait eragilek aurkeztutako eskaria: Joanna Cherry SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentariak, Vince Dale enpresariak eta The Good Law Project erakundeko Jolyon Maughamek.

Auzitegitik atera berritan egin zituen adierazpenak Maughamek. Epaileak esan zuen «arrazoi izatea espero» duela, eta gobernua legea betetzera gonbidatu zuen, «hitzeman duen moduan». Gaia, ordea, ez da bere horretan geratuko epaia jakin ostean, «gobernuak legea ez betetzeko arriskua oso handia baita»; helegitea jarriko dute gaur, oraingoan Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean.

Johnsonek «hutsuneren bat erabiliko duen beldurra» dutela esan dute brexit-aren aurkako aktibistek. Gobernuaren kontraesanezko jokabidea salatu dute, jendaurrean urriaren 31n EBtik ezinbestean irtengo direla babesten jarraitzen baitu Johnsonek.

Johnsonen proposamena

Europako Batzordeak atzo adierazi zuenez, Erresuma Batuak joan den astean aurkeztu zuen brexit-erako akordioa «ez da onargarria». Haren ustetan, ez ditu betetzen Europak Irlandako mugaren auzian ezarritako baldintzak, eta Erresuma Batuari eskatu dio «xehetasun gehiago» emateko.

Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga gogorra saihestea da Europaren asmoa. Astean zehar harremanetan jarraituko dute alde bietako ordezkariek, xehetasun teknikoak zehazteko.

Bestalde, Johnsonek Europako Batzordeari eskatu dio ahalik eta azkarren erantzuteko egindako «proposamen eskuzabalari». «Aurkeztu dugun proposamenen batekin arazorik baldin badute, eser gaitezen eta eztabaida dezagun».

Igandean izandako telefono deian, Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroak Johnsoni eskatu zion «azkar» egiteko elkarrizketa teknikoak, asteburua baino lehen balioztatu ahal izateko ea akordio bat posible den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.