Bertol Arrieta.
'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Maldizioa!

2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Agur esan nahi nion Belinhari, eta kalez kale ibili naiz Lapan, non topatuko, asteburuan berarekin egokitzea zailagoa zatekeelakoan. Ez dut astirik alferrik galtzeko; astelehenean daukat bueltako hegazkina. Aldok ez dit telefonoa hartzen alemaniarren sarraskiaren ondorenetik, eta noraezean jardun naiz, itsu-itsuan gora eta behera.

Bruxo Marcelorekin egin dut topo. Espainiar batzuei adarra jotzen ari zitzaien, finala Argentinak irabaziko duela esanez, eta Messik zelai erditik gola sartuko duela ziurtatuz.

-Izugarria izango da! Egin kasu Bruxo Marcelo zaharrari! Maracanaren maldizioa alemaniarrek eramango dute betirako! -esaten zien.

Barre egin dut, halako gol batekin Munduko Kopa bat irabaztea zer izango litzatekeen pentsatze hutsarekin. Baina nik ere badaukat errezelo arraro bat —eta baita Aldok ere— esaten didana Messi kopa jasotzen ikustea tokatzen zaigula aurtengoan, nahiz eta alemaniarrak izan faborito argi. Eta Neuer atezaina libero lanetan dabilen hauetan... Ibil dadila tentuz!

Goizeko hirurak aldera aurkitu dut Belinha, azkenean, Largo do Lapan, Ernesto izeneko taberna ilun batean, alemaniar itxurako ilehori batekin musuka. Atetik begiratu diot, eta begiztatu nauenean, irribarre egin dit. Alemaniarrari hitz batzuk xuxurlatu eta niregana hurbildu da.

-Banoa -esan diot.

-Badakit -esan dit.

Eta musu luze bat eman dit bere mingainarekin kafe-zapore eder baina mikatza utziz egun askotarako nire aho-sabaian, fereka gozo bat marraztu dit eskuarekin aurpegian, eta begi-keinu bat egin ostean, barra ondora bueltatu da, alemaniarrarengana.

«Arrivederci»(?!) esan dit aldendu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.