Espetxetik atera dira buruzagi independentistak, graduz aldatuta

Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi du bozak otsailaren 14an egingo direla. Generalitatearen inkesta batek ERCri ematen dio garaipena

Buruzagi independentistak kartzelatik atera berritan, atzo. SUSANNA SAEZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Lledoners espetxetik atera ziren preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak atzo —Carme Forcadell ez beste guztiak—, kanpaina hasi zen egun berean.

Irten berritan agerraldia egin zuen Oriol Junqueras presidenteorde ohiak, eta hitzeman zuen «errepresioa amaitu eta erbesteratuak itzultzeko» lan egingo duela. Kataluniak dituen erronka nagusietan egin beharreko «ahaleginaz» ere aritu zen. «Herrialde bat dugu altxatzeko, pandemia bat gainditzeko eta ekonomia bat berpizteko», adierazi zuen.

Generalitateak atzo eman zien hirugarren gradua buruzagi espetxeratuei, baina fiskaltzak helegitea jar diezaioke erabaki horri.Hain justu, fiskaltzaren jokabidea gaitzetsi zuten Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiek. «Zer espero dezakegu fiskaltza honengandik, Ciutadansen ekitaldietan Voxen mitinak egiten dituen Fiskaltza honengandik?» galdetu zuen, erretorikoki, Turullek. Kritikatu egin zuen, halaber, Kataluniako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi izana bozak atzeratzeko erabakia: «Noiz bozkatu behar dugun ere esaten digute orain». Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentistekiko duen «mendeku gosea» salatu zuen Rullek.

Auzitegiaren berrespena

Kataluniako Auzitegi Nagusiak presoek espetxea utzi eta gutxira jakinarazi zuen eutsi egingo diola bozen datari, eta, beraz, otsailaren 14an egingo direla. Otsailaren 8ra arteko epea zuen erabakia hartzeko, baina atzo jakinarazi zuen.

Kataluniako Fiskaltza ere data horretan egitearen alde mintzatu zen aurrez, argudiatuta Generalitateak alderdi politikoekin adostutako atzerapena hauteskunde legearen eta Kataluniako Estatutuaren aurkakoa dela.

Kataluniako Generalitatearen Ikerketa eta Iritzi Zentroaren inkesta baten arabera, ERCk irabaziko lituzke hauteskundeak: 35 eta 36 parlamentari artean lortuko lituzke Pere Aragones zerrendaburu duen alderdiak. JxCk 32 eta 33 artean eskuratuko lituzke, eta PSCk, 26 eta 29 artean. Horien atzetik, Ciutadans, PPC, En Comu Podem, CUP eta Vox lirateke boto gehien jasoko luketen alderdiak, hurrenkera horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.