Oihanederrek hiru proiektu saritu ditu 'Batera' deialdian

Itziar Uriarteren ipuinak, Irune Zabaletaren olerki ilustratuak eta Araban husten ari diren herriei buruzko dokumental bat dira sarituak

Aurtengo saridunetako batzuk: Irune Zabaleta, Itziar Uriarte eta Erlantz Mata, Gasteizen. RAUL BOGAJO /FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Oihaneder Euskararen Etxeak hiru sormen lan saritu ditu Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdian: bi bakarkako lan eta proiektu kolektibo bat. Lan bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu. Oihanederreko arduradun Iñaki Lazkanok jakinarazi duenez, aurtengo lanak «originaltasunagatik, elkarlanerako joeragatik eta Gasteizko zein Arabako ingurunearekin duten loturagatik» saritu dituzte. Aurtengoa bigarren aldia da, eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Vital Fundazioarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatu du.

Itziar Uriarteren Bizimundua ipuin bilduma da sarituetako bat.Munduko hainbat txokotako emakumeen, homosexualen eta arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen bizimodua irudikatu du bilduman. «Proiektu inklusiboa izatea da xedea», azaldu du Uriartek. Hain zuzen ere, liburu fisikoaz gain, Interneteko euskarria sortuko du, eta, bertan, keinu hizkuntzan ikusi edota braillez irakurri ahalko da. Horregatik azpimarratu du «ikusi, ukitu eta entzun daitekeen ipuin bat» dela. Diru irabazirik balu, boluntario lanak egiten dituen elkarteetara bideratuko luke irabazien ehuneko bat.

Bestetik, Irune Zabaletak poesia eta ilustrazioa bilduko ditu liburuxka batean. Tinta eta grafito artean: musak izeneko proiektua «nahi gabe» sortu zela azaldu du. Bere sentimenduak idazten hasi, eta lagunek publikatzera bultzatu zutela azaldu du. «Esaten da bizitzan zuhaitz bat landatu, liburu bat idatzi eta zerbait sortu behar dela. Nik zuhaitz dezente landatu ditut dagoeneko; liburuarena tokatzen da orain», gehitu du Zabaletak. 25 olerkirekin osatuko du liburua, eta, ilustrazioak egiteko, irudigile gazteen laguntza izango du. Poemagile gazteen sarea berpiztearen alde ere azaldu da.

Ikus entzunezko lanak ere saritu dituzte. «Gure aitona-amonenak ziren eta husten ari diren herrien inguruko dokumental bat egin nahi dugu», azaldu du Erlantz Matak. Erroak izena eman diote proiektu kolektibo horri. Dokumentala bost lagunen arteko lana izango da: Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Mata bera. Arabako landa eremuan dauden herrien egoera ezagutaraztea izango du helburu. Matak adierazi du Herri Txiki Bat plataformarekin elkarlanean ari direla, baina herriak zehazteke daudela oraindik. Aitzitik, argitu du ez dutela elkarrizketa moduan planteatzen: «Egun batzuk pasatu nahi ditugu bertakoekin bizitzen, haien egunerokotasuna ondo ezagutzeko». Gainera, etorkizunera begira, ez dute baztertzen beste dokumental bat egitea, bigarrena.

Finantzaketa kolektiboa

Proiektu saridunek, jasotako diru kopuruaz gain, itsulapikoa.eus webgunean finantzaketa kolektiboko kanpaina bana abiatzeko laguntza izan dute. Atzo hasi, eta 40 egunetan Gasteizko gazteen sormen lanak finantzatzeko aukera izango da. Lazkano pozik azaldu da iaz iturri horrek emandako emaitzekin: «Proiektuek behar adina diru lortu zuten, eta, beraz, aurten berriro bide hori hartzea erabaki dugu». Hainbat ekarpen egin daitezke webgunean, eta laguntzaileek opari bereziak izango dituzte: kredituetan edo eskertze orrietan izena agertzea, lanen kopia fisikoak zein digitalak, eta oihalezko poltsak eta kamisetak, adibidez.

Gazteek hiru hilabeteko epea izango dute proiektuak bukatzeko, eta emaitzen aurkezpenaekainaren 23an egingo dute, Oihaneder Euskararen Etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.