Kortxoenea eraitsi dute, eta Ertzaintza bortizki oldartu zaie protesta egin dutenei

Hustea legez kanpokoa izan dela salatu dute Kortxoeneko lagunek. Manifestazio jendetsu baten bidez erantzun dute. Eneko Goia alkatea Londresen dagoela gertatu da auzia

Kortxoenea gaztetxea hustu eta eraitsi zuten atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Jone Amonarriz - Oihan Vitoria
Donostia
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Goizeko zazpirak eta laurden aldera esnatu ziren atzo Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean gaua pasatzen ari ziren hiru gazteak. «Hondeamakinak zetozela entzun dugu, eta, janzteko denborarik ere eman gabe, hamabi lagun inguru sartu dira aurpegia estalita eta beltzez jantzita. Mertzenario-sikario batzuk bidali ditu eraikuntza enpresak. Kolpeka eta besoa bihurrituz atera gaituzte, hainbat lanabesekin. Saiatu gara gauzak hartzen barrutik, baina ezetz esan digute, eta mehatxatzen hasi dira, ezer ukituz gero besoa autsiko zigutela esanez. Kanporatu egin gaituzte. Kanpora ateratakoan eta eraikuntza enpresako jabeak esan dienean joan zitezkeela, alde egin dute. Eraikuntza enpresak berak ekarri eta bidali ditu».

Atsekabe eta amorru handiz kontatu zion gertatutakoa BERRIAri Kortxoeneko kide Ioritzek. Grabagailua ahoari itsatsia zuela egin zituen adierazpenak, hondeamakinen soinua zela-eta. Jende ugari bildu zen eraikinaren atarian, Indianoeneko kalean. Pixkanaka, gero eta ertzain gehiago bildu ziren han; bertan zeuden hiru laguneko ertzain bat zegoen, batez beste. Baina, oro har, giroa nahiko bare. Ez oso luzerako.

Ategorrieta etorbideko errepideak itxi zituzten dozenaka lagunek, goizeko hamaikak aldera, eraistea salatzeko. Zirkulazioa guztiz eten zuten bi noranzkoetan. Sirena hotsak. Segituan iritsi zen Ertzaintza, lau auto eta bi furgonetatan. Modu baketsuan ekin zioten harresia desegiteari, baina minutu gutxi batzuk aski izan ziren indarkeriaren bideari heltzeko. Eserita zeuden lagunak bortizkeriaz altxarazi zituzten bitartean, autobus turistiko bat lehen lerroan zegoen guztia ikusten. Eta lurrean eserita zeudenak, «hau da Donostia» oihukatuz turistei, ingelesez.

Sekulako tentsioa sortu zen Ertzaintzaren eta protesta egiten ari zirenen artean. Mehatxuak, bultzadak, kolpeak, ostikoak, irainak... Ertzaintzaren oldarraldiak hainbat zauritu eragin zituen; gazte bati buruan zauri sakon bat egin zioten borrarekin jota. Eraso horiek guztiak salatzeko, zauritu oro larrialdietara joateko irizpidea adostua zuten lehendik gazteek. Kaltetutakoek baino gutxiagok egin zuten urrats hori, ordea. Horrez gain, bi lagun atxilotu zituzten; hainbat ertzainek inguratu eta jipoitu ondoren eraman zuten gizonezko bat, eta protestan parte hartu zuen emakume bat gero, erresistentziari eusteagatik. Iluntzean askatu zituzten biak.

Hiriburuak irentsi du

Gune autogestionatua eraisteko hiru saialdi egin dituzte lurzoruaren jabe den enpresako langileek azken hilabeteetan. Laugarrenean, ordea, «kanpo laguntzarekin joan dira jabeak, gorbata eta guzti». Hustea «bortitza eta legez kanpokoa» izan dela salatu dute, kaleratu zituzten langileak ez zirelako ertzainak, segurtasun enpresa pribatu bateko langileak baizik.«Gainera, udalak bazekien gaur gertatuko zela, teknikariak hemen baitziren zortziak baino lehen, beren lan ordua baino lehenago, alegia. Norbaitek eman zien abisu gaur hau gertatuko zela», adierazi dute.

Udala negoziatzeko«itxurak egiten» ari dela ohartarazi dute Kortxoeneko ordezkariek: «Borondate ona daukatela erakutsi nahi dute, eta sinetsarazi ez dagoela beren esku, hau gauza pribatua dela». Egoera hori dela eta, udaleko kabineteburuarekin hitz egin zuten atzo eguerdian asanbladako ordezkariek. «Berriz ere esan digu oraindik badutela asmoa gure kultur eskaintzari espazio bat emateko, eta guk erantzun diogu eskaintza horren zain gaudela». Bileran ez zuten ezer berririk entzun, eta kexu dira udala «kultur eskaintza» terminora soilik mugatzen delako. «Gertatutakoak konfiantza falta handia eragin digu», gaztigatu dute.

Kanpoan da Eneko Goia Donostiako alkatea; turismoaren inguruko feria batean Donostia 2016 proiektua aurkeztu zuen atzo Londresen. Paradoxa horri heldu diote hainbat lagunek: kultur proiektu bat aurkeztu bitartean, beste bat eraitsi dute.

Kultur ereduen arteko talka

Kontraesan hori jarri dute hainbatek gatazkaren erdigunean azken hilabeteotan, Kortxoenea birrintzearen arriskuaren aurka. Parte hartzearen eta kultura alternatiboaren alde egiteak Donostia 2016 kultur proiektua aberastuko luke, baina «kultura pribatizatu eta proiektu herritarrak suntsitu» nahi dituztela gaitzetsi dute Kortxoenearen erabiltzaileek, behin eta berriz. Bi ereduren arteko talka nabarmena da.

Atzo iluntzean Kortxoenetik Donostia erdigunera egindako manifestazioan ere talka horren aurkako oihu ugari entzun ziren, eta gaztetxean hasitako proiektuak jarraipena izango duela nabarmendu zuten han bildutakoek: «Kortxoenea eraikin bat zen, eta hura eraitsita ez dute lortuko proiektua geratzea».

Udaletxe aurrean bukatu zen Kortxoenean hasitako manifestazioa. Babes handia jaso du gaztetxeak azken hilabeteetan, eta atzo ere nabarmena izan zen eraisketagatik jendeak zuen haserrea. Donostiako Udalaren aurkako oihuak eta Kortxoenearen aldekoak nagusitu ziren, bestelako aldarrikapen batzuen artean.

Gaztetxea husteko garaian jazotako gertakariak ere salatu zituzten ibilbidean zehar eta manifestazioaren amaieran manifestariek, «Ez gaituzte geldituko, Kortxoenea bizirik» zioen pankartaren atzean eta aurrean jarrita. Atzo eta aurreko egunetan eta asteetan Donsotiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxeari adierazitako elkartasuna eskertu zuten gaztetxeko ordezkariek manifestazioaren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.