Imanol Murua Uria. Kazetaria

«Giltzarri izan zen Batasunak aurre egitea ETAren erabakiei»

'Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika' liburua idatzi du Imanol Murua Uria kazetariak, ezker abertzaleko eztabaidan gertatu zena kontatzeko xedez.

enekoitz esnaola
Zarautz
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Imanol Murua Uriak (Zarautz, 1966) 2010eko martxoan aurkeztu zuen Loiolako hegiak liburua, huts egindako konponbide prozesuari buruz. Hilabete bat lehenago ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena plazaratua zuen, eta Muruak dio Loiolako hegiak-en aurkezpenetan etorkizunaz asko galdetzen ziotela. «Erdi bromatan» esaten zien hurrena «bukaera zoriontsuago batez» idatziko zuela. Gauzatu du asmoa; atzo aurkeztu zuen.

Mamira: nork gidatu zuen ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik estrategia politikora aldatzera?

Nik jaso dudan informazioagatik, esango nuke ezker abertzaleko sektore eta antolakunde guztietan zegoela aldaketarako gogoa, baita ETAn ere, eta, aldaketa esaten dudanean, da borroka armatua uztea. Aldaketa errezeloz ikusten zuten sektoreak ere alde guztietan zeuden. Eztabaida transbertsala izan zen. Baina eztabaida eman zedin eta horrek dena auzitan jar zezan —borroka armatua barne—, giltzarri izandako une batzukbadira, eta haietako bat talka bat izan zen: Batasuneko zuzendaritzak aurre egin zien ETAren batzarrak hartu zituen erabakiei [2008an ziklo armatuarekin segitzea erabaki zuen]. Horrek ahalbidetu zuen ezker abertzaleko oinarrietan gehiengoaren borondatea azaldu eta gauzatu ahal izatea. Jende bat erabakigarria izan zen.

Zure liburuan Eugenio Etxebeste Antton-ek esaten du garai hartaz: «Zuzendaritza politikoa ezker abertzale politikoan kokatzen hasten da».

Ezker abertzaleak hartu zuen erabaki hura hartzeko, ezker abertzale politikoak gidaritza hartu zuen. Horretarako, erresistentzia batzuk puskatu behar izan zituen.

Sarreraren osteko lehen kapituluan —Krisia (2007-2008)—, aurreneko atal Barajasko biharamuna hasteko Rufi Etxeberriak Arnaldo Otegiri esan ziona jarri duzu: «Negoziazio eta estrategia eredu hau agortuta zegok».

Hori Otegik Argien aroa liburuan kontatu zuen. Oso esanguratsua da esaldia, eta horregatik jarri dut narrazioaren hasieran. Esaldihorrek eraman ninduen gauzanabarmen bat egitera: zer bukatu zen azaltzeko eta gakoak emateko, Rufi Etxeberriak aipatu zuen eredu hori zer zen aztertzera,ezker abertzalea zer eredurekin saiatu izan zen aztertzera.

Etxebestek Aljerkoaren ondoren aipatu zuen negoziatzeko «heldutasunik» ez zegoela, liburuan jaso duzunez. Batasunak gauza bera zioen 2006an, Barajasko atentatuaren ostean.

Anttonek Santo Domingotik ETAko zuzendaritzarentzat barne txosten bat idatzi zuen, autokritikoa, eta bukaeran esaten zuten bataila militarra galtzeak ezin zezakeela eraman bataila politikoa galtzera. 2011n egindako aldaketarekin ezker abertzaleak hori lortu du, neurri handi batean: bataila politiko-militarra galtzea onartu, gutxienez bataila politikoan irabazteko edo aurreratzeko aukerarekin jarraitzeko. Gaztazken konponbideen teorietan bada bat oso zabaldua dagoena —Ira William Zartmanena—, eta esaten du gatazkak elkarrizketen bidez konpontzeko edo bideratzeko baldintza egokiak izateko heldutasun puntu bat behar dela, eta hori lortu ahal izateko blokeo puntu batera heldu behar duela gatazkak. Puntu horretara iritsi direla ondorioztatzen dutenean eragile desberdinek —tartean, nazioarteko bitartekariak—, orduan hasten da funtzionatzen. Hemen heldutasuna, dirudienez, berandu iritsi zen.

Alternatiba Demokratikoan (1995) ETAk bi erreien lehen diseinua egin zuen, eta Batasunak garbiagoa, Anoetan (2004).

2011 hasieran Renora joan nintzenean, ikerketa hau dela-eta euskal gatazkari buruz ingelesez argitaratutako bibliografia irakurtzen hasi nintzen. Besteak beste, Robert Clark-ena, euskal gatazkari buruzkoa —hiru liburu atera zituen 1980ko hamarkadan eta 1990eko hasiera-hasieran—, eta hark ordurako proposatu zuen bi erreien eskema. Clark-ek esanzidan berak ez zuela ezer deskubritu, garai hartako eztabaidatan hori bazegoela —ez ezker abertzalekoetan—, baina gorputza geroago hartu zuela. Batasunak 2004an Anoetako belodromoko ekitaldiari garrantzi handia eman zion, eta ekitaldia baino lehenago off the record batean aurreratu zigun eskema haren aldaketa zela ETA negoziazio politikotik kanpo geratuko zela, etor zitekeen prozesua errazteko. Pauso handia zen. Gero ez zen gauzatu behar bezala.

Batasunekoek gero esana da Loiolako garaian, Lizarra-Garazikoan bezala, ez zela bi erreien«filosofia» eta «izpiritua» bete.

Nik uste 2006ko prozesuan eutsi izan balitzaio eskema horri funtzionatuko zukeela.

Barajaskoa gertatu zen 2006 bukaeran, eta liburuan diozu ezker abertzalean lehen aipatu duzun «talka» gertatu zela.

Talkarik bazela sumatzen genuen. Gero Bateragune auziko epaiketan auzipetuek berek [Otegik-eta] garbi azaldu zuten talkaren neurria zein zen, nahiz eta defentsa estrategia batean ere koka zitekeen azalpen hori. Talkaren garai haren hasieran gogoratzen naiz ezker abertzaleko hamasei lagun ezagunek nola eman zuten prentsaurreko bat, ezker abertzale osoaren irudia eman nahian, estrategia eraginkor baterako pausoa ematera zetozela esanez. Aste horretako igandean kirola egitera atera, eta bizikletan Itziarren gora nindoala, Iñigo Iruin ere bizikletan. Iruin ez zen prentsaurreko hartan izan, baina banekien bazekiela esanahia zein izan zitekeen, eta bizikletan gindoazela aipatu nion aste hartako argazkiak esan nahi zuela eztabaida aurrera eramaten ari zirela. Esan zidan ezetz, lasai egoteko, hasiera besterik ez zela, oraindik gelditzen zela eta auskalo zer aterako zen handik. 2009ko martxoa zen. Talka hasten ari zen.

Ezker abertzaleak aitortzen du «zatiketa arriskua» egon zela.

Bai, eta zatiketa kosta ahala kosta saihestu nahian ibili ziren alde guztietakoak, eta hori behintzat lortu zuten. Zauri batzuk hor egongo diren arren, meritutzat dute zatiketa eragoztea.

Barne eztabaidan zergatik atera zen irabazle Batasuneko zuzendaritzaren jarrera?

Garbi zutelako gehiengoak babesa ematen ziela. Bazekiten ezker abertzaleko oinarri sozialaren gehiengoarentzat ETAren borroka armatua garaiz eta lekuz kanpo zegoela, euskal gizartearen zati baten babesa galdua zuelako, eta beste zati handi baten arbuioa gogorragoa eta esplizituagoa zelako. ETAren borroka armatuaren moldeen bilakaera eta nazioarteko testuinguruarena ere aztertu behar dira horra iristeko. Azkenean, ezker abertzalearen barruan ere ikusten zen ETAren borroka armatua bukatu egin behar zela.

Liburuan azpimarratzen duzu Otegik-eta ez zutela esaten eta idazten borroka armatuaren bukaera behar zela, baizik eta «estrategia eraginkorra» behar zela.

Otegi Martutenetik 2008ko abuztuan atera zenean, estrategia eraginkorraren diskurtsoa zabaltzen hasi zen, iradokiz ordura artekoa ez zela eraginkorra. Hasi izan balitz esaten «borroka armatuaren garaia bukatu da» eta abar, segur aski segituan geratuko zen biderik gabe. Zutik Euskal Herria ebazpen erabakigarrian ere ez da esaten borroka armatua bukatu behar zela. Tabu hori auzitan jartzeko beste formulazio bat aurkitzea eraginkorra izan zen.

2010eko otsaila mugarria da, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria plazaratzeaz aparte. Izan ere, 2011ko apirileko Zutabe-an ageri da ETAk orduan atentatuak uztea erabaki zuela.

Garbi ikusten zen ETAk 2007-2008 batzarrean erabakitakoa auzitan jarri zela. ETAk erabaki zuen, beraz, gelditzea, eta gogoeta egitea eta eztabaidatzea, gauzak nolabideratu pentsatzeko. ETAk 2010eko irailean Gara-ko elkarrizketa batean esan zuen Zutik Euskal Herria nolabait ezker abertzalearen egituretako batek egindako eztabaidaren ondorioak zirela —Batasunarenak—, eta berak ez zuela parte hartu prozesuan. Zioen berak ere bazuela eztabaida bat, kontuan hartzen zuela Zutik-eko apustu politikoa, baina ez zegoela guztiarekin ados. Erreparo batzuk jarri zituen. Zutik Euskal Herria-k esan nahi zuena eboluzionatzen eta barneratzen joan zen, horrek bide bakarra uzten zuela ikusiz. 2011ko urtarrilean su-etena eman zuenean, jarduera armatua uzteko borondate bat agertu zuen, su-etenak irauteko bokazioa azaldu zuelako. Ematen zuen erabakia hartuta zegoela, baina ez zela edonola hartu nahi.

Espainiako Gobernuak, Zapaterorenak, bazekien zer zetorren. Ustez konpromiso batzuk hartu zituen gatazkaren ondorioez. Zergatik ez zituen bete?

Zergatiaz hitz egitean, igual espekulatu egin behar da. Baina garbi dagoena da Zapateroren gobernua oso ahul zegoela krisi ekonomikoagatik, eta 2012ko martxoan tokatzen ziren hauteskundeak 2011ko azarora aurreratu zituen. Gainera, alderdian bakardadea zeukan Zapaterok, eta inkestetan, balorazio eskasa. Hori arazo bat zen prozesuan zebiltzanentzat, bazekitelako Zapateroren ordez jarriko zenarekin —Rajoyrekin— dena zailagoa izango zela. Azkartu egin zuten, eta iritsi ziren helmugara, Moncloan artean Zapatero zegoela. Liburuan kontatzen dut konpromiso batzuetara iritsi zirela ETA eta Espainiako Gobernua, baina inoiz egin gabe aurrez aurreko bilerarik eta dokumenturik sinatu gabe. Ematen duenez, nazioarteko bitartekariak ibili ziren batzuekin eta besteekin bilduz: Henri Dunant zentrokoak eta Jonathan Powell. Zeharkako harreman haietan iritsi ziren idaztera dokumentu bat konpromiso batzuekin, bide orri batekin, ETAren erabakiaren ondoren alde bakoitzak zer egingo zuen jarriz. ETAk negoziatzeko indarra mugatua zeukan alde bakarreko erabaki bat emango zuela esan zuen momentutik. Nire ustez, gobernuaren jarrera zen konpromiso sekretu eta sinatu gabeko haiei baietz esatea, eta gero, gerokoak.

Baina bitartekariak ez ziren edozein.

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zenean haren kabineteburu Powell zen. Eta Blairrek berak ETAren erabakiaren biharamunean oso artikulu esanguratsua atera zuen TheNew York Times-en —A Basque Peace—: esaten zuen gatazkaren ondorioetan zer pauso eman behar ziren. Baina orduko egoera ez zen Aljerko negoziazioetakoa, 1989koa; orduan Aljeriako Gobernua bertan zegoen. Azkeneko horretan nazioarteko bitartekari horiek gobernuz kanpoko eragileak dira, azken batean. Horrek bitartekariei eman zien jokatzeko malgutasun handi bat, baina gero, gauzak betearazteko momentuan, indar txikia zuten. Nik uste Currinek eta horiek benetan espero zutela Zapaterok konpromisoak betetzea. Harritutageratu ziren bete ez zituenean, eta, segur aski, haserre ere bai.

ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik hilabete batera izan ziren Espainiako hauteskundeak: 2011ko azaroan. Azkarregi, gauza onerako?

Ramon Jauregirekin ere hitz egin dut —ministroa zen garai hartan—, eta esan zidan tarte hartan ezin zela erabakirik hartu, eta ez zela zilegi izango gainera, laster bestegobernu bat egongo zelako. Gainera, Jauregik ez du onartzen konpromisorik zegoenik. Gero Rajoyk loturarik ez zuen onartu; kontagailua zeron jarri zuen.

Rubalcaba 2011ko uztailerako esana zen «terrorismoaren bukaerak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea» ekarriko zuela.

El País-en esan zuen hori, baita hau ere: «Gu gerra irabazten aritu ondoren, ezin diegu utzi bakea irabaz diezaguten».

Beraz, gatazkaren ondorioen konponbidea trabatzeko asmoa al du estatuak? 2011ko maiatzean Bilduk lortutako emaitza ikusgarriak zer pentsatua eman ote zion estatuari?

PSOEk, PPk, estatuak buruan zeukaten ETAren borroka armatua bukatu behar zutela, baina ez hori bakarrik. Buruan zuten une horretara mugimendu independentistak eta ezker abertzaleak ahalik eta ahulen iritsi behar zutela. Bilduren emaitza haiek, agian, seinale bat eman zien. Baina bestaldean ere berdin esango zuten: buka dezagun, baina mugimendu independentista indartsu bat abiatzeko moduan. Estatuak bilatu zuen ezker abertzalean zatiketa lortzea, edo, gutxienez, hura ahultzera jo zuen, eta hortik uler daitezke Otegiren eta Bateragune auziko besteen atxiloketak. Iñaki Oiarzabal EAEko PPko orduko idazkari nagusiak liburuan esaten du sozialistekin zituzten elkarrizketetan haiek esaten zietela kontua ez zela azkar bukatzea [ETAren jardun armatua], baizik eta ez zezatelaindartsu bukatu.

ETAren jarduera armatuaren amaierarako beste faktore batzuk izan zirela ere idatzi duzu: Berlingo harresiaren erorketa, Europako talde armatuen bukaera, GAL, Ajuria Eneko ituna, Elkarri... Zenbaterainoko eragina izan zuten?

Zergatik bukatu da ETAren jarduera armatua? Ezker abertzalearen gehiengoak babesa emateari utzi ziolako. Baina hurrengo galdera da: eta zergatik utzi zion ezker abertzalearen gehiengoak babesa emateari? Ikusi zuelako azkenaldian borroka armatua ez zela eraginkorra izan eta, gainera, kaltegarria ere bazela. Baina zergatik iritsi da ondorio horretara orain? Hori azaltzeko, aipatutako faktore haiek denak ikustera joan behar dugu. Mendebaldean mugimendu armatu, iraultzaile eta abertzale moduan ETA baino ez zen geratu, eta, era berean, oso faktore garrantzitsua izan da euskal gizarteak 1960ko hamarkadatik aurrera emandako aldaketa, oraingoa guztiz desberdina delako. Gainera, Batasuneko zuzendaritzak aztertu zuen zer gertatu zen Aljerren, zer Lizarran, zer Loiolan, eta ondorioztatu zuen ordura arteko negoziazio eredua agortu egin zela, eta ez zuten beste aukerarik ikusi.

Esaten duzu Loiolan aukera handi bat galdu zela.

Irakurketa pertsonal bat da hori. Gero ikusi da azkeneko aukera izan zela Loiolakoa. Oso garbi ikusten dut gatazkaren ondorioen partea hobeto bideratuko zukeen aukera handi bat galdu zela. Iruditzen zait presoen gaia ez zela egongo gaur egun dagoen moduan. Beste partean, politikoan, potentzialitate handia izan zezakeen zirriborro batean ados jartzera heldu ziren Loiolan, baina uste dut Madrilen nekez egingo zuela aurrera. Izan ere, ikusten da zer gertatzen ari den Kataluniarekin.

Presoen kontua aipatu duzu. 2011n, Bilduren legeztatze garaian, Urkulluk aipatu zuen balekorik ezean Zapaterorekiko elkarlan oro bertan behera utziko zuela EAJk, eta Ortuzarrek liburuan dio «ultimatuma» eman ziotela PSOEren gobernuari. Presoen auzian EAJk zer jarrera du?

EAJkoek beraiek esaten dute asko busti zirela Konstituzionalak mahai gainean Bilduren legeztatzea eduki zuenean, eta beste batzuek ere hori esaten dute, UrkulluZapaterori deika ibili zelako eta abar. Presoen auziaz, berriz, EAJk dioena da hori ezker abertzalearen arazo bat dela. Sakabanaketarendiseinuan-eta EAJk izan zuen erantzukizunik, baina orain presoen auzian Bildurenean agertutako konpromiso berarekin ez dut ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.