Ez asaldura masiborik, ez kexa kolektiborik. Ez da halakorik izan BERRIAk duela hamar bat egun inguru jakinarazi zuenetik ETBk programaziotik kenduko zuela Sautrela literatur saioa. Horrek berak neurtu eta defini dezake kultura sorkuntzak oro har, eta literaturak kasu jakin honetan, egungo gizartean duen itzalaren tamaina. Sare sozialetan egindako ohartarazpen, kexa eta pena aitortza bakan batzuk baino ez. Baina literatur munduan eragin du kezka. Eta eragin du Sautrela galtzearekin euskal literaturak erakusleiho erreferentzial bat galdu duelako, eta halako talaia bat berreskuratuko duen ala ez ikusteko geratu delako.
«Sintoma bat da». Eider Rodriguez idazle eta Sautrela saioko lankide ohiarentzat, «kulturak bizi duen egoeraren sintoma, eta betetzen duen gero eta leku txikiagoaren isla» da saioa telebista publikotik kendu izana: «Hemen eta gaur, kultura hondakina da, ez bakarrik telebista arloan, baizik eta orokorrean; ikusi bestela zer toki betetzen duen hezkuntzan: hutsaren hurrengoa».
Azken urteetan Sautrela-k arazoak izan zituen aurrera egiteko, finantzaketa lortzeko. 2012. urtean, programaziotik kendu zuten; urte eta erdi pasatu ostean, berpiztu egin zuten. Hasieratik ordura arte saioaren zuzendari eta aurkezle izan zen Hasier Etxeberria zena (1957-2017), eta orduan ere eginahal guztiak egin zituen saioa egin zedin. 2013ko urriaren 5ean, berriro ekin zioten. Rodriguezek 2006ko martxoaren 31tik 2008ko azaroaren 11ra egin zuen lan Sautrela-n. «Kinka larrian» ezagutu izan du beti saioa. «Beti egon da Damoklesen ezpataren pean; nire aurretik eta ondoren ere hala egin zen lan. Gogoan dut Hasier Etxeberria denboraldia hasi aurretik jartzen zela gurekin harremanetan esanez ez zekiela aterako ote zen... eta berdin amaitzen zen denboraldia, esanez, agian, huraxe izan zela azkena».
2000. urtean sortu zenetik, kultuzko produktu bilakatu zen Sautrela, eta kultuzko izateak berekin dakartzan bi adierak bete zituen: bazuen jarraitzaile saldotxo fidel eta finkoa, produktua erreferentzia ezinbestekotzat zuena; eta, era berean, jarraitzaile saldo hori ez zen sekula masiboa izan.
Sautrela «harribitxia» zen Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko egungo lehendakariarentzat: «Produktu eskisitoa, zaindua, landua; ikus-entzuteko formatu baterako egina zen neurrian, estetikari garrantzia ematen ziona, eta, literatura sorkuntzari buruzkoa zen heinean, ikuspegi horri ere berebiziko garrantzia ematen ziona. Sautrela ikustea eta entzutea plazera zen. Euskarazko letren munduan ari direnentzako eskaparatea, eta literaturazaleentzako erreferentzia».
Rodriguezek bat egiten du Osororen ikuspegiarekin. Harentzat,«ispilu txiki bat» izan da Sautrela. «Geure burua ikusteko. Ez hainbeste polit edo zatar geunden, baizik eta hor geundela, existitu egiten ginela ziurtatzeko. Prestigiotxo bat ematen du, eta badakigu zein garrantzitsua den hori normaldu nahi den hizkuntzaz edo kulturaz hitz egiten dugunean. Hil ala bizikoa».
Ikus-entzule kopuru mugatua izanagatik, hil edo bizikoa da, hortaz, euskal komunitatearentzat, literatur saio bat ez ezik, kultura sorkuntzari buruzko saioak ere izatea telebista publikoan. Simone de Beauvoirrek emakumeaz esaten zuen hura aldatuko luke audientziaren eremura Rodriguezek: «Oso share txikia zuela diotenei esango nieke audientzia ez dela jaiotzen, bilakatu egiten dela». Frantziako eredua ondo ezagutzen du Rodriguezek, eta hangoa dakar gogora: «Frantziako Estatuan, liburu industria omen da kultur industria garrantzitsuena, baita zinemaren aurretik ere. Hori ez da bakarrik idazle onak dituztelako eta argitaratzen dituztelako. Lan bat dago liburuak arlo guztietan txertatzeko, etenik gabea, sistematikoa, ez bakarrik hezkuntzan, baita telebistan ere... Lan hori epe ertain eta luzerako da, ez biharamuneko audientziei menpe egindakoa».
«Edertasun eskubidea»
Bere txikian, Sautrela iritsi da euskal literaturazalearengana, iritsi da idazleengana, eta literaturaren ekosistema osatzen duten eragileengana ere bai. Eta hutsuneak min egiten die. Honela mintzo da Gorka Arrese, Susa argitaletxeko editorea: « Lotsagarria da literaturak eta musikak programa serioak eta garatuak ez izatea Euskal Telebistan». Kontua ez luke Sautrela-ra edo literatur saioetara mugatuko, ordea: «Sakonagoa da auzia: zer arraio gertatzen da arduragabekeria nazional honekin! XXI. mendean gaude, gure kulturaren eta sorkuntzaren maila inoizko ederrena da... baina telebista publikoak bizkarra ematen dio ». Arresek «hamabi orduko» programazioa eskainiko lioke egunero kulturari: «Musika eta literatura, baina baita antzerkia, zinema, bertsolaritza, artea, ilustrazioa eta diseinua ere, noski. Euskal Telebistak eskubide osoa dauka eder agertzeko munduaren aurrean, eta edertasunez jantzitako telebista ikusteko eskubidea daukagu guk, baina ukatu egiten dizkigute bi aukera horiek, ez baitute arretarik kulturaren eta edertasunaren alde».
Rodriguezek ere balio estrategiko publikoaren parametrotik egin du analisia: «Analfabetismo kulturala bultzatzen ari dira, arrakasta handiz, gainera. Erakunde publikoek ardura bat dute hor; ezin dute alfabetatze kulturala etxekoen edo norbanakoen esku bakarrik utzi; horrek jatorrian dauden ezberdintasunak mantentzea lekarke, eta kontrakoa bilatu behar lukete: jatorrian dauden ezberdintasunak samurtu, eta aukera berdintasuna eskaini herritar orori; telebista ezinbesteko arma da hori lortzeko; nolako telebista, halako ikuslea eta, ondorioz, halako herritarra».
Osorok eman du errematea aurrera begirako proiekzio desirazkoa eginez. EIEko lehendakariaren ustez, Sautrela-k «informatu eta hezi» egiten zuen: «Arazoa entretenimendua bada, agian formatu berria da pentsatu behar dena. Sautrela eraberritua aurkeztu zioten EITBko zuzendaritzari Beñat Sarasolak [azken zuzendari eta aurkezlea] eta bere lan taldeak. Pentsatu nahi dut euskal literaturak epe laburrean izango duela saio propiorik telebista publikoan, Sautrela bezala edo beste izen formatu batekin».
Ispilu bat gutxiago
ETBk 'Sautrela' saioa programaziotik kendu duela-eta kexa uholderik ez da egon, baina kezka sortu da literatur munduan. Literaturak ez ezik, kultur sorkuntzak ere leku propioa behar luke telebista publikoan, hainbaten iritziz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu