Kataluniako hauteskundeak. Elkarrizketa. Joan Tarda. ERCko diputatua

«Ardura historikoagatik prozesuak aurrera jarraituko du»

Gehiengo independentistaren «agindu demokratikoa» berrituta, Tardak uste du orain Madrili elkarrizketa proposatzeko garaia dela, presoez, autogobernuaz eta kataluniarren eskakizunez eztabaidatzeko.

EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Osteguneko hauteskunde gaua ERCko buruzagitzako kideekin igaro zuen Joan Tarda i Coma (Cornella de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1953) Espainiako Kongresuko diputatuak. Ez zen festa handirik aretoan, 32 parlamentari lortuta, hirugarren indarra baita alderdia, Ciutadans eta Junts Per Catalunyaren atzetik (JPC). Gehiago espero zuten. Prozesu subiranistaren altzoan, azken zazpi urteetan etengabe hazi da ERCren babesa, eta uste zuten zentro-eskuin subiranistari sorpassoa emateko garaia iritsi zitzaiela. Hala ere, Kataluniak autogobernua berreskuratu zuenetik, inoizko emaitza onenak lortu ditu ERCk, botoetan eta parlamentarietan. Horrek eta independentismoak lortutako gehiengoak gozatu zituen alderdiaren gaziak ostegun gauean. Gauerdia igarota, Tardak tarte bat atera zuen BERRIAren galderei erantzuteko.

Gehiengo absolutua izango du independentismoak Kataluniako Parlamentuan. Zein izango da ERCren eta bloke independentistaren zeregina aurrerantzean?

Hemendik aurrera, Marta Rovira idazkari nagusiak lehen balorazioan esandakoa egitea dagokigu: autogobernuaren berreskurapena exijitzea, preso politikoen askatasuna eskatzea eta, azkenik, berriro Madrili elkarrizketa galdegitea, gure eskakizunei irtenbide demokratiko bat eman ahal izateko. Jokaleku hori sortu egin behar dugu, eta aipatutako hirurak dira premiazkotzat ditugun helburuak.

Gaur-gaurkoz, Espainiako Gobernuak beti egin izan dio uko autodeterminazio erreferendum bat adosteari, eta pentsa daiteke horrela jarraituko duela. Aldi berean, orain arteko estrategiaren mugak agerian geratu dira. Zer pauso eman ditzakezue, orduan?

Pertseberantziaz aritzea. Beti esan dugu ez dugula etsi behar, eta pertseberantzia horrek isla izan behar duela manamendu demokratikoan. Zailtasunekin izan bada ere, gai izan gara agindu hori berritzeko. Espainiako administrazioak bazekien dena eman behar zuela hauteskundeotan, oso garrantzitsua zela prozesua galbidean jartzea; asmo hori izan ez balute, ez ziratekeen iritsiko jazarpen fisikora eta judizialera. Hala eta guztiz ere, Espainiako hedabideak saiatu diren arren kaos informatiboa eragiten, lortu dugu gehiengo independentista bat osatzea. Hortaz, esandakoa; pertseberantziaz jokatu behar dugu, agertoki berriak sortzeko.

JPC ERCren aurretik geratu da boto eta parlamentari kopuruan. Ziurtzat jo al daiteke Carles Puigdemont izango dela Generalitateko gobernuburu eta ERCk eta CUPek babestukodutela?

Azken urteetan, CUP antikapitalista, PDECat zentro-eskuinekoa eta ERC sozialdemokrata, hain alderdi ezberdinak izanagatik, gai izan gara ados jartzeko prozesu bat eraikitzeko, batzuetan zailtasun zenbait izan arren; hortaz, ziur nago orain prozesu subiranistak aurrera jarraituko duela, ardura historikoagatik eta jakin dugulako oztopoak gainditzen. Gainera, independentistek eta autodeterminazioaren aldekoek bat eginez joan behar dute.

Catalunya En Comukoekin lankidetzarako aukera ikusten duzu?

Beti esan dut: errepublika katalana osatzea errazagoa izango da autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko indarrak gai bagara batuta lan egiteko.

Zer egin du gaizki ERCk, JPC izateko boto emaile independentisten aukera nagusia? Inkesta gehienen arabera, ERC zen irabaztekoa eta JPCrekiko alde nabarmena zuen.

Ez dakit, aztertu beharko dugu izan ditugunak al ziren irudikatzen genituen emaitzak. Edozein modutan, agerikoa da katalanismoak eta independentismoak oso barneratua dutela erakunde nazionalen balioa, gorabehera handiak izan dituztelako. Puigdemontek boto ugari jaso ditu boto emaile askoren asmoa zelako presidentetzaren instituzioa babestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.