'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Presoei «bakerako estatu politika» ezartzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiari

«Biktimentzako egun mingarria» izan dela esan du Barcinak, eta «konpromiso osoa» agertu du haiekiko

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Bake politika berrirako aukera modura ulertu behar da erabakia». Hala esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, eta bide beretik hitz egin zuen Josu Erkoreka bozeramaileak ere. Euskal presoei bestelako espetxe politika bat ezartzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, «bakerako estatu politika bat». Nafarroako presidente Yolanda Barcinak, berriz, atzokoa «egun mingarria» izan zela adierazi zuen, eta nabarmendu zuen «biktimekiko konpromiso osoa» duela. Horiez gain, alderdi eta eragile ugariren erreakzioak piztu zituen Estrasburgoren erabakiak.

ITXASO ATUTXA EAJren BBBko presidentea

«Giza eskubideen urratzeak ezin dira giza eskubideen urratzeen bidez borrokatu»

«Albiste ona» izan da Estrasburgoren erabakia EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxarentzat, haren hitzetan «giza eskubideen urratzeak ezin direlako giza eskubideen urratzeen bidez borrokatu». Hala, epaia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, baina ETAri ere hitz egin dio: «Doktrina ezarri dieten presoei helegiteak aurkeztea baimentzen badie, gainerako presoei ere askatasun bera eman diezaiela».

MARIBI UGARTEBURU Sortuko bozeramailea

«Espetxe politika positiboki iraultzeko baliatu behar da»

«Bakeari aukera emateko unea da», Sorturen iritziz. Maribi Ugarteburu bozeramaileak nabarmendu du epaia ez dela ezker abertzalearen garaipena, «giza eskubideetan sinesten duten guztiena» baizik. «Espetxe politika positiboki iraultzeko baliatu behar da une hau».

JAVIER RAMIREZ PSNko bozeramailea

«Haiek baino hobeak gara; hori da gure indarra gizarte gisa»

«Demokrata gisa», auzitegien erabakiak onartzen dituztela esan du Javier Ramirez PSNko bozeramaileak. «Hori ezin dezakete esan epai honetaz baliatuko direnek. Horregatik, haiek baino hobeak gara, eta hori da gure irmotasuna gizarte gisa». ETAren biktimak ere gogoan izan ditu.

GEROA BAI

«Erabat onartu eta berehala bete dezatela»

Ohar labur baten bidez, Espainiako Gobernuari hitz egin dio Geroa Baik, epaia onartu eta «berehala» bete dezala eskatzeko. «Zigorra ezin da mendeku bihurtu, huts egingo bailuke gizarteratzeko xedean».

IÑAKI OIARTZABAL EAEko PPko idazkari nagusia

«Terrorismoaren biktimekin justua zen, eta ETAren aurkako borrokarako baliagarria»

«Makurra» da Estrasburgok emandako epaia, Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiaren iritziz, eta «mina» eragiten die ETAren biktimei. «Doktrina justua zen terrorismoaren biktimekin, eta baliagarria ETAren aurkako borrokarako». ETA «betiko eta baldintzarik gabe» desegin arte «lanean» jarraituko dutela ziurtatu du Oiartzabalek.

REBEKA UBERA Aralarreko antolaketa idazkaria

«Giza eskubideen, Europaren eta demokraziaren garaipena»

Garaipentzat jo du Aralarreko antolaketa idazkari Rebeka Uberak Estrasburgok 197/2006 doktrina baliogabetu izana: «Giza eskubideen, Europaren eta demokraziaren garaipena da, baita elkarbizitza eta bakea lortzeko lanean murgilduta egon garenona ere». Giza eskubideak erabat errespetatzeko, Espainiako eta Frantziako gobernuek espetxe politika, legedia eta auzitegiak «egokitu» behar dituztela esan du Uberak.

ALTERNATIBA

«Mendeku politika ezarri du Espainiak urte askoan»

Alternatibako kideek ohar baten bidez adierazi dute «urte gehigi» aritu dela «mendeku politika» ezartzen eta beharrezkoa dela egoera horri buelta ematea.

ANDREA UÑA EB Berdeetako kidea

«Bada garaia legea interesen arabera erabiltzeari uzteko»

EB Berdeetako Andrea Uñak espero du PPren gobernuak ez duela «ingeniaritza juridikorik» erabiliko: «Bada garaia legea interesen arabera erabiltzeari uzteko».

LOKARRI

«Elkarbizitza sendotzeko ekarpen positiboa da»

Epaia betetzeko eskatu dio Lokarrik Espainiako Gobernuari, eta adierazgarritzat jo du «Espainiako kontrol judizialek funtzionatu ez izana». Hala, elkarbizitza sendotzeko ekarpen positiboa dela adierazi du ohar baten bidez. Bake Bideak ere garrantzitsutzat jo du erabakia, eta Herrira-k azken hilabeteetan horren inguruan egindako lana ere ekarri du gogora.

ELA

«Espainiako estatuaren gizatasunik eza erakusten du»

ELA sindikatuaren arabera, euskal gizartearen gehiengoaren nahia islatzen du Estrasburgoren epaiak, eta «Espainiaren gizatasunik eza» erakusten. Gaixo daudenak askatu eta sakabanaketa bertan behera uzteko eskatu du.

ERNAI

«Ezinbestekoa da borrokan segitzea, etxean izan daitezen»

«Pozgarria» bada ere epaia «berandu» datorrela esan du Ernaik: «Borrokan segitzea ezinbestekoa izango da preso eta iheslari politikoak etxean izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.