Garapenerako lankidetza, lehentasunetatik kanpo

Instituzio publikoek erdira murriztu dituzte laguntzak garapenerako lankidetzan. Hori dela eta, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde askok gutxienekora gutxitu dituzte euren ekintzak, eta hainbat, desagertu egin dira.

2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Urtea hasi berri da, eta instituzio publiko guztiek esku artean dituzte aurrekontuak, kasu gehienetan luzatutakoak badira ere. Hainbatek handitu egin dituzte euren aurrekontuak, baina garapenerako lankidetzarako laguntzak gero eta urriagoak dira. Kasurik larriena Gasteizkoa da, udalak laguntzak kentzeko asmoa baitu.

Nafarroako Gobernuak hiru urte egingo ditu luzatutako aurrekontuekin. Yolanda Barcinaren gobernuak, baina, 2012tik %80 jaitsi ditu garapenerako lankidetzako laguntzak. Orotara, aurrekontuaren %0,11 emango du horretarako. Gobernuak dio dirurik ez dagoela. Patricia Ruiz de Irizar Nafarroako GGKE Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko kidearen aburuz, ordea, horrelako murrizketak ez dira onargarriak. «Nafarroako Gobernuak %15 jaitsi ditu aurrekontuak. Gobernuz kanpoko erakundeei egindako murrizketa ezin zurituzkoak iruditzen zaizkigu. Guk murrizketez eta krisiez baino, nahiago dugu borondate politikoaz hitz egin». Ruiz de Irizarren ustez, dirua badago, baina arazoa da nola banatzen den. Bestelako zerga politika baten beharra azpimarratu du: «Batez beste, askoz ere diru gehiago jasotzen dute laneko errentetatik, enpresa handien irabazietatik baino». Horregatik, UPNk, PSNk eta PPk adostutako zerga erreformaren aurka egin du Nafarroako koordinakundeak.

Eusko Jaurlaritzak ere murrizketa handiak egin ditu garapenerako lankidetzan: azken hiru urteotan %40 jaitsi ditu laguntza horiek. «Gizarte politiketan eta eskubideetan murrizketak ekarri ditu krisiari aurre egiteko aukeratu duten era horrek», adierazi du Alberto Cereijok, EAEko GGKEen koordinakundeko kideak. Haren arabera, barne produktu gordinak ia ez du behera egin krisi urteetan, baina herritarren arteko desberdintasun ekonomikoek nabarmen egin dute gora. «Desberdintasun indizeetan Europako buruan gaude». Horri aurre egiteko, bestelako zerga politika bat eskatu du Cereijok ere.

2007an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako legea ekarri du gogora: 2012rako Jaurlaritzaren aurrekontuaren %0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko konpromisoa hartu zuten talde politikoek. Ez zuten bete: urte horretan, aurrekontuaren %0,5 baino ez zuten inbertitu lankidetzan. 2013an, berriz, %0,35era jaitsi zuten. Nafarroan ez dago gisa horretako legerik, baina badago parlamentuko alderdi guztien konpromisoa aurrekontuen %0,7 garapenerako lankidetzan erabiltzeko. Bertan ere ez da sekula bete konpromiso hori. Ruiz de Irizar nekatuta dago halako jarrerekin: «Inork ez du esango lankidetzaren aurka dagoenik. Baina guk ez dugu hitz ederrik nahi, ekintzak baizik».

Tokiko administrazioak

Hego Euskal Herriko instituzio nagusien artean, Iruñeko Udalak ematen du lankidetzarako diru gehien. Azken urteetan, aurrekontuen %0,69 eman du horretarako. Hala ere, legealdi osoan gobernu taldeak ezin izan ditu urte bateko aurrekontuak ere onartu; beraz, 2010eko kontuak luzatu ditu urtez urte.

Txanponaren beste aldean dago Gasteizko Udala, ez baitu garapenerako lankidetzarekin konpromisorik hartu. Hori dela eta, beste talde politikoren batekin akordiorik lortzen ez badu, laguntza horiek ezerezean gera daitezke aurten. Iaz aurrekontuen %0,91 eman zuen lankidetzarako, EAJk kontuak onar zitzan baldintzetako bat izan zelako. Baina Javier Maroto Gasteizko alkateak azaldu du garapenerako lankidetza ez dela lehentasuna berarentzat. «Krisi ekonomikoko garaian, ahalegin berezia egin behar dugu lehenengo etxekoentzat».

Cereijok eta Ruiz de Irizarrek diote diskurtso hori «iruzurtia» dela. Alde batetik, garapenerako lankidetzarako ematen ez den dirua ez delako bestelako gizarte politiketarako erabiltzen. Beste alde batetik, adierazi dute ezin direla pertsona batzuen eskubideak besteen eskubideen gainetik jarri. «Eskubideak unibertsalak dira, bestela ez dira eskubideak, pribilegioak baizik», esan du Cereijok. Ruiz de Irizarri onartezina iruditzen zaio leku bateko eta besteko pobreak elkarren aurka jarri nahi izatea.

Gutxiago eta prekarioago

«Azkenaldian adabakiak baino ez ditugu jartzen», dio Ruiz de Irizarrek. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, garapenerako lankidetzako laguntzak erdira jaitsi dituzte Hego Euskal Herriko instituzio publikoek. Horrek hankaz gora jarri du garapenerako GKEen lana, eta hainbatek euren jarduna bertan behera utzi behar izan dute.

«Proiektu bat aurrera ateratzeko, 100.000 euro behar badira, gaur egun 70.000 baino ez dira lortzen», azaldu du Ruiz de Irizarrek. GGKEen lana erabat baldintzatzen ari da hori. «Zaila da lan egitea hain egoera prekarioan eta hain estu ekonomikoki». Ruiz de Irizarrek Munduko Medikuak erakundean lan egiten du. Erakunde horrek guztira ehun langile gutxiago izango ditu aurten Hegoaldean, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian. Horrek milaka pertsonari eragingo dio. «Ehunka langilek lan egiteari uzten badiote, milaka pertsonak utziko diote GGKEen ekintzetan parte hartzeari». Horrez gain, Munduko Medikuak erakundea aztertzen ari da 2015ean Guatemalan egiten dituen lanak utzi edo ez.

Hala ere, ehun langile gutxiagorekin eta Guatemalako proiektuak utzita ere, aurrera jarraitu ahal izango du, erakunde handia baita. Baina badira beste talde txikiago batzuk, gobernuen laguntzarik ezean euren lana bertan behera utzi behar dutenak. Nafarroako GGKEen koordinakundean ez dute zenbatu azken urteotan desagertutako erakunde kopurua, baina egingo balute beldurtzeko moduko datuak izango liratekeela uste du Ruiz de Iribarrenek.

Cereijoren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GGKEek kontratatutako langile kopuruak %20 egin du behera krisi ekonomikoa hasi zenetik. Hori dela eta, GGKEek arazoak dituzte euren proiektu guztiak aurrera ateratzeko. Cereijo Setem erakundeko kidea da. Ekuadorren bertan behera utzi behar izan dute elikadura burujabetzarekin lotutako proiektu bat, laguntza faltagatik. «Behar larriak zituen jendearekin lan egiten genuen. Lurra landuz euren elikadura beharrak bete zitzaketen, eta soberakinak bidezko merkataritzaren bitartez banatzen zituzten».

GGKEen proiektuak luzera begirakoak dira, baina instituzioek aurrekontuak urtez urte onartzen dituzte. Horrek ezegonkortasun handia sortzen du gobernuz kanpoko erakundeetan. Finantzaketa egokia ez baldin badago, urteetako lana hondora baitaiteke. «Ezinezkoa da luzera begirako prozesuak antolatzea», dio Cereijok. Gasteizko Udalean gertatutakoa gogora ekarri du: hiru urterako finantzaketa bermatzen zuten programak martxan jarri zituen 2013an: lehen bi urteetan agindutakoa bete zuen udalak, baina azkenean bertan behera utzi dute. Cereijoren arabera, garapenerako lankidetzan ohikoa da horrelako erabakiak hartzea. «Dirua zaborretara botatzea da hori. Errepide bat eraikitzen hasi, eta bukatu gabe uztea bezalakoa da».

Elkartasunak, gora

Instituzioetatik gero eta laguntza gutxiago jasotzen duten arren, Ruiz de Irizar eta Cereijo oso pozik agertu dira gizarteak azken urteetan erakutsi duen jarrerarekin. «Gure erakundeetako oinarri sozialek laguntzen jarraitu dute. Badakigu jende asko krisia pairatzen ari dela eta hainbat gastu murriztu duela, baina elkartasuna ez dute murriztu», berretsi du Cereijok. Krisia hasi zenetik, %7 baino gutxiago jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako GGKEek herritarrengandik jasotzen duten dirua.

Edonola ere, erakunde publikoen gain jarri dute ardura GGKEetako ordezkariek. Ruiz de Irizarrek uste du Nafarroako Gobernuak gizarte politika eraginkor baten alde egin beharko lukeela. Hainbat lan eta inkestaren arabera, hori baita nafarren nahia. «Ez da gobernuaren dirua, nafarrena baizik. Gobernuak herritarrei entzun beharko lieke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.