Albistea entzun

Garbiñe Aranburu. LABeko idazkari nagusia

«Confebask da herri honetan benetan politika egiten duena»

U-30eko greba orokorrarekin, kaleak betetzeaz gain, «lantokiak hustu» nahi dituzte lanuztera deitu dutenek; Aranburuk dio horrek neurtuko duela jardunaren arrakasta.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko urtarrilak 12 - Donostia

Ezkerreko politika agindu duen Espainiako gobernu bat eratu berri den arren, greba orokorraren deialdiaren egokitasuna defendatu du Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973); are, gobernu berriak greba egiteko arrazoi gehiago ematen dituela uste du LABeko idazkari nagusiak.

Pedro Sanchez presidente, eta Unidas Podemos gobernuan. Agian, ez da unerik onena greba orokorrera deitzeko?

Alderantziz ikusten dugu. PSOEk eta Podemosek egindako akordioan ez dago inolako borondate politikorik 2010eko lan erreforma eta 2011ko pentsio erreforma kentzeko. Asmo on ugari badira Rajoyren garaiko erreformak doitzeko, baina zehaztapen gutxirekin, dena elkarrizketa sozialerako mahaira bideratzen baitute.

Denbora apur bat beharko da aldaketak zer neurritakoak izango diren ikusteko, ezta?

Argi dago nondik nora doan kontua. Apustu sendoa ez badago aldaketa sakonak egiteko azken urteetan egon den prekarizazio prozesuan, ezin dugu askorik espero, elkarrizketa sozialerako mahaian patronalaren jarrera aski ezaguna baita. CEOEk lasaitasuna helarazi du Garamendiren ahotan.

Beraz...

Gobernu itun hori ezagutu eta gero, arrazoi gehiago daude.

Ez al da musika atsegina lan erreformaren atal kaltegarrienak kentzeko promesa?

Kezkatzeko musika ere izan daiteke. Esaterako, negoziazio kolektiboaren estatalizazioari inolako mugarik ez jartzeko apustu bat dago. Ultraaktibitate mugagabeaz hitz egin dute, baina sektoreko itunei lehentasuna emateaz ere bai, enpresa itunei kenduta.

Ematen du LABek horrekin ados egon beharko lukeela.

Sektore itunak bai, baina zer sektore? Zer esparrutakoak? Euskal itunak errespetatuko dituzte? Zapateroren garaian hasitako zentralizazioan sakondu nahi dute.

Rajoyren gobernuaren aldean, Sanchezena langile klasearen zauriak osatzera omen dator. Eszeptiko samar zaude, ezta?

Grebarako aldarrikapen taulako neurri bakar bati ere ez diote erantzun gobernu itunean.

Ez al dute 1.200 euroko gutxieneko soldata helburu gisa?

Hedabideetan esan zuten, baina itunean ez dago. UGT bera 1.150 eskatzen ari da. Pentsioei dagokienez, KPIaren erreferentzia aipatzen dute, baina jasangarritasun faktorea kendu gabe; beraz, ez dago bermatua KPIa ere. Erretiro adina atzeratzeko erabakiak ere hor jarraitzen du, eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio tartea handitzearenak ere bai. Soldata arrakala, azpikontratazioa... dena dago zehaztu gabe.

Baina zergatik aurreikusi behar da gobernu horrek ez dituela beteko bere promesak?

Gakoa da gobernuak legeak aldatuko ote dituen patronalarekin akordiorik ez badago. Horregatik diogu arrazoi gehiago daudela orain grebara joateko.

Greba giroa ikusten duzu kalean?

Kalean barneratua dago grebaren beharra; denok ikusi dugu atzerapauso nabarmenak urteotan. Prekaritatearen fenomenoa erabat zabaldu da. Prekaritate molde berriak asmatu dituzte: autonomo faltsuak, riders-ak... lan harremanen uberizazio bat dago.

Baina greba ez da bakarrik lan duinaren aldekoa.

Greba feministek argi utzi digute kapitalarekin dugun talka horrek ezin duela mugatu kapitala/lana dikotomia klasikora; kapitala/bizitza da dikotomia, eta ikuspuntua zabaltzeak ekarri du zaintza lanei erreparatzea, klima larrialdiari... Grebak merezi duela helarazi behar dugu.

Deitzaileek asmatu behar duzuela jendea motibatzen?

Greba hau ez da erreforma bati erantzuteko: ez da erreakzio greba bat, baizik eta erasora egitekoa. Baldintzak daude erasora jokatzeko, feministen eta pentsiodunen mobilizazioak gertatu eta gero. Lantokietan ere borrokak asko zabaldu dira. Borroka orokorra dago, eta, orain, mugarri bat jartzera goaz.

Manifestazio jendetsuak aurreikus daitezke, baina grebaren arrakasta lanuztea egitea erabakitzen dutenen kopuruak finkatuko du. Beldur zara ez ote diren hainbeste izango?

Greba indargabetzeko saio ugari dago. Greba politikoa dela esan du Gasteizko gobernuak, eta guk ere hala diogu: politikoa da, jakina, politika publikoak aldarazteko helburua baitu. Pobreziari eta prekaritateari aurre egiteko neurri zehatzik ez dute jaso aurrekontuetan. Patronalarentzat ez dago prekaritaterik, ekonomia oso ondo doa, eta borrokak ez du balio ezertarako. CCOO eta UGT ere grebaren aurka ari dira. Eta, hala ere, garbi daukagu jendartearekin eta langileekin zuzenean dugun harremana izango dela grebaren arrakastaren oinarria. Hedabide nagusiak, erakundeak eta patronalak greba ezkutatzeko eta jipoitzeko saio batean daude.

Baina izango du arrakastarik?

Gure helburua ez da bakarrik manifestazioak egitea, kaleak betetzea, baizik lantokiak hustea, eta helburu horrek arrakasta izango du, seguru.

Langileek hautu bat egin behar dute zerbaiten alde dirua galtzeko. Pentsioak, gazteak, feminismoa, klima aldaketa... Hainbeste eskaera egonda, garbi ikusten ote dute zeren alde ariko diren?

Borroka desberdinek bat egin dute greba honetan, eta aldarrikapen taula zabala da, baina pentsio duinen aldeko borroka erabat loturik dago enplegu duinaren aldeko borrokarekin. Pentsio duinen aldeko borroka guztiona da, langileona ere bai, noski. Eta bizitza duinaren aldeko borrokarekin lotzen dira biak. Neurri zehatzak eskatzen ditugu, eta argi adierazita dago nori eskatzen dizkiogun.

Pentsiodunekin banpiroarena egin duzue sindikatuek?

Ez, aliatuak izan behar dugu. Sistemak zatiturik nahi gaitu, ahulago, eta borroka guztiak elkartzea beharrezkoa da.

Pentsiodunen mugimendua zatitu duzue zuek?

Inondik inora ere ez. Pentsiodunen mugimendua plurala da, eta bere erabakiak hartzeko gai. Beren erabaki kolektiboak errespetatu ditugu. Erabaki kolektibo horietatik kanpo beste batzuk daudela beste iritzi batzuekin? Ondo, baina guri ezin zaigu aurpegiratu mugimendua zatitu dugula.

CCOOk eta UGTk hala egin dute.

CCOOk eta UGTk posizio zaila dute, borrokari uko egin eta kontzertazio sindikalismoan daudelako. Baina esan behar dutena da ados ote dauden bi lan erreformak eta pentsio erreforma atzera botatzearekin. Ezin da ahaztu CCOOk eta UGTk pentsio erreforma sinatu zutela 2011n.

Greba honekin bada asmo bat legegintzaldia amaitu aurretik Urkulluri oroigarri bat uzteko?

Greba politikoa da hau, eta inolako konplexurik gabe esaten dugu, baina gauza bat da politika publikoak aldatu nahi izatea eta beste bat Urkulluri greba bat sartu nahi izatea legegintzaldia amaitu aurretik. Grebara ez dugu arinkeriaz deitzen, helburu jakin batzuekin baizik, eta gureak argiak dira.

Babes soziala handitzeko, finantzaketa behar da. Kezkatzen zaituzte zerga politikan egon daitezkeen aldaketek? Esaterako, ondare zerga kentzeak?

Patronalaren neurriko zerga sistema bat egin dute. Denok ulertzen dugu gehien duenak gehien ordaindu behar duela, baina justu kontrako norabidean doaz azken urteetako aldaketak. EAJk, PSErekin eta PPrekin batera, enpresen irabaziak gutxiago zergapetu ditu. Beste zerga politika bat egin daiteke, baina patronalak agintzen du. Guri aurpegiratzen digute, baina patronala da herri honetan benetan politika egiten duena, Confebask. Pentsa dezala irakurleak zenbatetan ikusi duen Urkullu langile baten alboan, eta zenbatetan ikusi duen patronalarekin. Bizkaiko metalgintzako gatazkan oso argi ikusi da: haren adierazpenak ez dira despiste bat izan, posizio jakin baten adierazleak baizik.

Aspaldian ari zen eskatzen LAB sektore desberdinen mobilizazio orokor bat, eta ELAk ere grebara deitzea erabaki du. Greba orokorra zuen garaipen bat da?

Herri honetako langileen garaipen bat da. Bi sindikatu gara, eta grebara iristeko bide desberdinak egin ditugu. Borroken bat egiteen inguruko hausnarketa egin dugu LABen, lantokiz lantokiko borrokaz gain, eta ELA erresistentzia kutxan oinarritutako lantokiz lantokiko estrategian egon da. Bata zein bestea zilegi dira.

Zubiak eraikitzeko gai izan zaretela ematen du.

Herri honek behar du eragileak elkarrekin aritzea. Guk oso argi genuen urrats hau egin behar zela. Baina, guretzat, elkarlana ez da sindikatu batek besteari bere eredua inposatzea, desberdinen arteko adostasunak eraikitzea baizik. Greba ondorena ere kudeatu beharko da, eta denborak esango du elkarlanean sakontzerik ote dugun ala ez.

Grebaz ez dute kasik hitz egin patronalak eta gobernuek.

Greba indargabetzeko estrategia da: ezkutatzen ari dira, eta hedabideetan ere itzalaldi bat dugu; eta gehiengo sozial eta sindikal batek greba orokor bat deitze hutsa bada albistea. Kontua da oso deserosoa zaiela greba hau. Geroko, zilegitasuna kentzeko saio bat espero dugu; gauzak berotu ahala iritsiko da. Baina garbi dugu gure tresnak zeintzuk diren deialdiak erantzun zabala izan dezan: harreman zuzenak. Eta jasotzen ari garen erantzuna da: «Bazen garaia».

Zergatik egin beharko luke greba 2.000 euro edo gehiago irabazten duen langile finkoak? Langile klaseari erreparatzen diozue, baina argi al dago zein den langile klasea?

Azken urteetan, langile klasearen zatiketa eragin dute helburu garbi batekin: langileria ahultzea. Eta, hein batean, lortu dute. Horrek ekartzen du norberak bere zilborrari begiratzea, eta langile bat jartzea bera baino okerrago dagoenaren aurka, kapitalaren aurka jarri ordez. Horri buelta ematea dagokigu guri. Hobeto daudenen lan baldintzak ez dira pribilegioak, eskubideak baizik, eta nahi duguna da bizi eta lan duina orokortzea, aberastasun nahikoa dagoelako. Hobeto dagoen horrek alboan izango ditu okerrago daudenak, kontratu partzialekin, behin-behinekoak... Pentsioa bermatzeko ere, borroka beharrezkoa izango du. Zerbitzu publikoak ere jasoko ditu... Elkartasun ariketa bada greba egitea, baina norberaren mesedetan egiten dena ere bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urkullu Ingeteameko buruekin. ©BERRIA
Abdulaziz bin Salman al-Saud Saudi Arabiako Energia ministroa, asteazken honetan Vienan eginiko bileran ©CHRISTIAN BRUNA (Efe)

LPEE Moskurekin lerrokatu da eta petrolio ekoizpena murriztuko du

Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu

Erabaki «tekniko» bat dela argudiatu du taldeak, motelaldi ekonomikoak prezioan izan dezakeen eragina txikitzeko. Bi milioi upel gutxiago ekoiztuko dituzte, munduko produkzioaren %2 inguru

Petroliontzi bat San Petersburgon., ©Anatoli Maltsev / Efe

Errusiako petrolioaren prezioari muga bat jarriko dio EBk

Iker Aranburu

Saudi Arabiak, Errusiak eta LPEE+ taldeko ekoizleek bi milioi upel gutxiago merkaturatuko dituzte, salneurria igotzeko.

Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendaria, Eduardo Junkera presidentea eta Patxi Sasigain Lehiakortasun arduraduna. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Adegik «sakrifizioa» eskatu die langileei ere, «okerraldia» iritsi baita

Xabier Martin

Konfiantza jaitsi egin dela esan du Gipuzkoako patronalak, eta enpresa osatzen duten guztiak «batera» aritzera deitu ditu. Konfiantzak «nabarmen» jaitsi arren, datu ekonomikoak ez dira oraingoz askorik hondatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.