Noiz sortua: 2018-04-25 00:30:00

Artearen matematika beltza

Elena Asinsek bere ibilbide oparoan egindako bost artelanekin osatutako 'Menhirrak' erakusketa bisitatu daiteke 2019ko martxora bitarte, Nafarroako Unibertsitateko museoaren areto nagusian
Irudian, erakusketan ikusgai dagoen <em>Menhirrak</em> eskultura.
Irudian, erakusketan ikusgai dagoen Menhirrak eskultura. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naiara Elola -

2018ko apirilak 25

«Agnostikoa izan arren, oso emakume espirituala zen». Angustias Freijorenak dira hitzok. Elena Asins (Madril, 1940-Azpirotz, Nafarroa, 2015) artistaz ari da. Nafarroako Unibertsitateko museoan Elena Asinsen bost artelanekin —horietako bi Freijok utzitakoak—, Menhirrak erakusketa osatu dute. Zettel, Remarks on the Foundations of Mathematics, 3 in 3 Perspective Scale, Menhirrak eskultura, eta izen bera duen bere bariazio piktoriko bat dira bost artelan horiek. Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, oso erakusketa «berezia» da. 2015ean, Asinsekin beste erakusketa bat diseinatzen ari zirela hil zen artista, eta, ondorioz, proiektua ezerezean gelditu zen. Saiakera hartatik hiru urte igaro eta gero, museoarekin izandako harreman «onagatik», Menhirrak erakusketa ia urtebetez bisitatu ahal izango da, 2019ko martxora bitarte.

Asinsek berezko zuen espiritualtasuna Ortiz-Etxague aretoan sartu orduko nabari da. Oso modu berezian argiztatu dute museoko areto hori. Argi gutxi dago. Artistaren esanak kontuan izan dituzte argiak hautatzeko orduan. Rafael Levenfeld komisarioak azaldu duenez, erakusketaren protagonistak, Menhirrak eskulturak «eskatzen» duen argia jarri dute. Izan ere, artistak ia berezko zuen mistikotasun horretatik sortutakoa da artelan hori. Hala, giro pausatua «nahita» eraiki dutela adierazi du Levenfeldek.

Komisarioaren lanketari esker, eta Menhirrak artelanak dituen proportzioengatik, erakusketan duen protagonismoa handia da. Gainera, aretoaren erdigunean kokatu dute. Asinsek 1995ean egindako obra 40 monolitoz osatutako eskultura multzo bat da. Horietako bakoitzak, oinarri modura, distiragabeko beltzez margotutako lau angeluko prisma bat du. Eta gainean, zati bat falta duen kuboa. Bigarren Mundu Gerran hildako AEBetako soldaduen omenez Normandian dauden zenbait hilerriren antza handia du lanak. Frantziako Dordoina eskualdeko Lascaux zonaldean dauden menhirrak izan zituen Asinsek inspirazio iturri. Xede bakarra du obrak: bisitariak sakratua kontzeptuaz hausnartzea.

Monolitoek elkarren artean elkarrizketa moduko bat eratzen dute. Hori zen, hain justu, Asinsen nahia: «Menhirrak oso malguak dira, ikusgai dauden espaziora egokitu daitezke. Bada aukera bata bestearen atzean jartzekoa, baina garrantzitsuena da piezen artean eratzen den hartu-emana». Sortzen diren harreman horien funtsezko faktore bilakatzen da argia. Izan ere, argiaren bitartez, beltzak diren monolitoak gris bilakatzen dira, eta izkinak ebakitako kuboen itzalak eskulturaren oinarrian islatzen dira. «Artistak proposatzen duena bidaia bat da, monolitoek dituzten ikuspegi eta itzal ezberdinetan barrena garatu daitekeen bidaia», dio Levenfeldek.

Perfekzionista zen oso Asins lanean. Freijok «langile amorratu» modura definitu du. «Orduak eta orduak ematen zituen, eta askotan jatea ere ahaztu egiten zitzaion. Gauza guztien gainetik zegoen artea». Sortzaileak artearen munduan garatutako ibilbidean, izugarrizko garrantzia izan zuten matematikek eta teknologiak, batez ere ordenagailuek. Aitzindari izan zen ordenagailuak sorkuntzarako erabiltzen. Ia «obsesio» bilakatu zen artistarentzat matematiken inguruko ikerketa, Freijoren iritziz. Ordenagailuak ikerketa hori gauzatzeko erabiltzen zituen. Bide hori jorratzen hasteko, mugarria izan zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, 1964an, IBMren laguntzaz eraiki zuten ordenagailua. Ia eraikin baten tamaina zuen. Zientzialariek erabiltzeko eraiki zuten arren, artistei esperimentatzeko aukera eman zitzaien. Asinsek berak azaldu izan zuenez, esperimentazio horren bitartez sortu zitzaion forma geometrikoekiko interesa.

Handik ia hogei urtera, 1987an, New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Computer Science departamentuan egonaldi luze bat egin zuen. «Nire bizitzako aukera izan zen; handik aurrera nire lana (mentala eta sormenezkoa) aberastu egin da, mugarik gabe, gainera», erantzun zuen artistak egonaldi hartaz galdetu ziotenean. Izan ere, ordutik aurrera, bere adierazpen plastikoa ordenagailuen bitartez egindako kalkulu sistematikoetan oinarritu zen.

Hala ere, Levenfeldek uste du Asinsen lana ez dela abstrakzioaren bidean kokatu behar: «Egia da sorkuntzaren adiera abstraktuaren eta kontzeptualaren arteko tentsioa etengabekoa dela, baina argi eta garbi, artista kontzeptuala da». Artistarentzat ordenagailuak gizateriaren «ametsa» gauzatzeko baliabide bat ziren. Izan ere, teknologiaren bitartez, hitzak, ideiak eta irudiak «manipulatzen» zituela adierazi izan zuen. Azken finean, abstraktua zena figuratibo bilakatzeko modua topatu zuen.

Gainera, oso iaioa zen hiru dimentsioko lanketatik bi dimentsioko lanketarako aldaketa gauzatzeko saltoa egiten. Erakusketan, esaterako, Menhirrak eskulturaren bi dimentsioko bertsioa dago. Freijo galeristak erosi zion duela urte asko. Nafarroako Unibertsitateko museoari utzi dio orain, erakusketak iraun bitartean. Izan ere, Freijo buru-belarri ari da Asinsen lana ezagutarazten. «Mundu mailan oso artista ezezaguna da. Ekarpen handia egin zuen, eta horrek nazioartean oihartzuna izan behar du», aldarrikatu du.

Artistaren karpetak

Aretoaren alde banatan, artistaren bi karpeta kokatu dituzte: Zettel eta Remarks on the Foundations of Mathematics. 1987an New Yorken sortuak dira; teknologiaren bidez egin zuen esperimentazioaren emaitza dira. Garai hartan, Columbiako unibertsitatean, adimen artifizialaren eta informatikaren eremuetan zuen ezagutzan sakontzeko aukera izan zuen. Esperimentazioaren bidetik garatu zuen ezagutza Menhirrak eskulturan, eta koadroan gauzatzea lortu zuen. Izan ere, plano edo bozeto izatetik, egiazko artelan bilakatu zituen, bakoitza bere eremuan. Levenfeldek adierazi duenez, bi karpetek artistaren jatorria «hobeto» ulertzen lagunduko diote bisitariari.

Zettel-ek, berriz, Asinsek aurre egin izan zion kezka bati erantzun zion: idatzitakoa irudi nola bilakatu. Artelanak Ludwig Wittgenstein filosoaren 249. aforismoa erreproduzitzen du. Ia 20 metroko luzera duen folio luze batean, hainbat aforismo islatu zituen, izaera ezberdinak dituen kuboen serie baten bidez. Ilustrazio baten antza dute, eta Asinsek, Wittegensteinek esan bezala, kuboak zuen interpretazio andanaren defentsa egin zuen: «Batzuetan ilustrazioa gauza bat bezala ikus dezakegu; beste batzuetan, beste gauza bat bezala. Beraz, intepretatzen dugu, eta ikusten dugu norbanakoak interpretatzen duen moduan».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

<b>Laborategia.</b> Lan eskerga egiten ari dira zientzialariak birusa menderatzeko. ©S. MOREIRA / EFE

Bio zigiluaren balio erantsia

Xabier Martin

Maskaren ekoizpenean erreferentzia bihurtu da Euskal Herria, baina laborategian ere ari dira birusaren aurka biozientziaren esparruan jarduten duten euskal enpresak

Kubako mediku espezialistak Italiara iritsi berritan, pandemiari aurre egiten laguntzera ©ERNESTO MASTRACUSA / EFE

Politika berdeak pandemiaren aurka

Arantxa Elizegi Egilegor

Mundu osoko 40 milioi osasun langile ordezkatzen dituzten 350 erakundek eskatu diete G20ko kideei balia dezatela krisia kutsaduraren eta klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko

 ©BHC

«'Made in Euskadi' maskarek ez dute ekarriko onura ekonomiko handirik»

Xabier Martin

Pascual de Zuluetak azpimarratu du, koronabirusaren aurkako borrokan parte har dezaketen enpresak alde batera utzita, pandemiak kalte handia egin diola sektoreari; esan du «izozturik» geratu dela jarduera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna