Ez dute kanpora joan nahi

Mendigorriko familiek agerraldia egin dute D eredua eskatzeko. Gimeno: «Legea beteko dugu»

Mendigorriko gurasoak eta euskalgintzako ordezkariak, herenegun eginiko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mendigorriko Julian Maria Olcoz ikastetxe publikoan (Nafarroa) D eredua ezartzeko eskaera berretsi du herriko guraso talde batek. «Ikasketa komunitatearen parte izan nahi dugu, eta beste hizkuntza eredu bat ezarri, aberastasuna, inklusibitatea eta dibertsitatearen hazkundea ekarriko duela uste dugulako», azaldu dute Iosu Goñik eta Francisco Ioldik, familien izenean. Nafarroako Gobernuak, baina, ez du amore eman nahi. Atzo, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gogorarazi zuen euskarazko lerro berri bat zabaldu ahal izateko, zortzi ikasleko gutxieneko kopurua ezarrita dagoela. Taldea osatzeko eskaera nahikorik bildu ezean, Mendigorriko ikasleek Garesera desplazatu beharko dute, ikasketak euskaraz egin nahi badituzte.

Gurasoek, hain zuzen, gobernuari kritikatu diote foru dekretuan ezarritako ratioak «hertsi-hertsian» aplikatu nahi izatea, eta Mendigorriko ikastetxea D ereduko erreferentziazko eskolen zerrendatik kendu izana. Irizpide aldaketa hilabete gutxi batzuen buruan gertatu dela gaineratu dute: «Azaroan esan ziguten ez zutela ikusten D ereduko lerroa irekitzearen aurkako motiborik. Urtarrilean, berriz, kontrakoa». Areago: Garesera desplazatzeari uko eginez gero diru laguntzak galtzearekin mehatxu egin zietela salatu dute Mendigorriko familiek. «Garesko ikastetxea aukeratuko ez bagenu, jantokia eta garraioaren diru laguntza kenduko dizkigutela esan ziguten».

2020-2021eko ikasturterako aurrematrikulazio epean, Mendigorrian egin diren eskaeren %43 D eredurako izan direla azpimarratu dute familiek. «Hurrengo urterako ditugun datuen arabera, euskara aukeratuko luketen familien eskaerek beste ereduetakoak gaindituko lituzkete».

Duela 30 urte bezala

Euskarazko hezkuntzaren aldeko eskaria hazizn badoa ere administrazioaren erantzuna «duela 30 urtekoa» dela esan dute: «Gutako batzuek ez genuen euskara ikasteko aukerarik izan, eta Garesko euskaltegira jotzea erabaki genuen. Beste guraso batzuek etxabe eta barrakoietan ikasi behar izan zuten, edota herritik kanpora joan, euskarazko lerro berri bat ireki ahal izateko. 30 urte geroago, behartuta gaude gure seme-alabentzako gauza bera eskatzera».

EH Bilduk auziari buruzko galdera egin zion atzo Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari, Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuran. Gimenok berretsi zuen aurreko egunetan esandakoa; alegia, Hezkuntza Departamentuak zorrotz beteko duela ratioen irizpidea, baina, Mendigorrian zortzi ikasleko talde bat osatuko balitz, «eskaera sozialari men egiteko» prest dagoela.

EH Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruizek kargu hartu zion Gimenori: «Ratioen araudia ezin da modu berean aplikatu eremu guztietan, landa eremuko eskolak ez baitaude egoera berean». Hori dela eta, «malgutasunez» jokatzeko galdegin zion kontseilariari, D ereduko lerroari betoa jartzeak «kolokan» jarriko lukeelako Mendigorriko eskolaren etorkizuna bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.