Moriako kanpamentu berrian 150 koronabirus kasu atzeman dituzte

Poliziak herenegundik du martxan migratzaileak zentro berrira eramateko operazioa. 5.000 lagun inguru hartu dituzte

Migratzaileak kanpamentu berrira bidean. VANGELIS PAPANTONIS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Latza da Morian bizi diren milaka migratzaileen egoera: baldintza txarretan bizi ziren lehendik ere, eta, pasa den astean errefuxiatuen gunean izandako sutearen ondotik, are gehiago okertu da haien egoera. Huts egindako migrazio politika baten sugarrak izan ziren, aldaketa sakonen premia azaleratu zutenak, eta jo puntuan jarri zutenak Europaren sistema. Hala, bada kezka eragin duen beste kontu bat ere: koronabirusa. Atzo jakinarazi zutenez, 150 errefuxiatuk positibo eman zuten Greziak eraikitako kanpaleku berrian eginiko probetan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eman zuen albistea.

Agentziako bozeramaile Shabia Mantooren arabera, 5.000 migratzaile inguru daude Kara Tepeko instalazio berrietan, eta, oraingoz, 8.000 pertsona hartzeko lekua du —obrako lanek jarraitzen dute—; atzo pertsona gehiago sartzeko asmoa zuten. Hain zuzen, Poliziak errefuxiatuak kanpaleku berrira eramateko operazioa jarri zuen martxan herenegun, eta ilara luzeak sortu ziren zentroko sarreran. Kara Tepeko errepidearen zati handi bat hustu zuten agenteek, eta milaka pertsona kanpamentu berrira sartzera behartu. Sutea jazo zenetik ebakuazioaren aldeko borrokan aritu dira migratzaileak, baina Poliziaren eta militarren mehatxuen eta kale gorrian pasatako bederatzi egunen pisua nozitu zuten azkenean, eta, horrela, horietako asko kanpamentura joatera derrigortu zituzten. Milaka lagunek, oraindik ere, kalean pasatu behar izan zuten gaua.

Kara Tepen eraiki den «behin-behineko» kanpamentu berriaren ezaugarri guztiak oraindik ez dira ezagunak, baina, pandemia dela eta, esparrua oraingoz itxia egongo dela iragarri zuen gobernuak.

Instalazio berrietara sartu aurretik, COVID-19a duten jakiteko test azkarrak egiten ari zaizkie migratzaileei. Mantooren esanetan, proba masibo horien ondorioz «150 kasu positibo inguru» atzeman dituzte, eta bakartuta daude pertsona horiek. Era berean, UNHCR-eko bozeramaileak jakinarazi zuen zentrora iristen ari direnen etorkizunak kezkatzen dituela, eta kanpamentu berria «aldi baterako irtenbide» gisa soilik ulertu daitekeela, eta ezluzerako zentro moduan. Haren arabera, Greziako agintariek oraindik argitu behar dute zein izango den kokagune horren etorkizuneko erabilera. «Luzera begirako konponbide posibleei buruzko eztabaidan laguntzeko prest gaude; besteak beste, kontinentera modu seguruan eta ordenatuan lekualdatzen jarraitzea eta EB Europako Batasunak babestutako birkokatzeak egitea».

Horrez gainera, UNHCR-ek esan zuen espero duela Europako Batzordearen hurrengo migrazio eta asiloari buruzko ituna aukera egokia izatea EBk eta estatu kideek gai horiei heltzeko; baita «salbuespenezko erronkei aurre egiten dieten herrialdeekin» babes, elkartasun eta erantzukizun partekatu handiagoa bermatzeko ere.

Europako kanpalekurik handiena erre zenean, Bruselak iragarri zuen migrazio politika berriak proposatuko zituela, eta nabarmendu aurrerantzean ere «bereizi» egingo dituztela «geratzeko eskubidea dutenak eta ez dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.