Enplegu publikoaren legea ez onartzeko eskatu dute administrazioko langileek

ELAk eta Interinok taldeak salatu dute «milaka langile» kaleratzea ekar dezakeela. Gaur bozkatuko dute dekretua Espainiako Kongresuan

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik abiatu zuten manifestazioa, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako behin-behineko ordezko langileen Interinok taldeak eskari zuzena igorri diete Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei: enplegu publikoaren legearen aurka egin dezatela gaur. Izan ere, arlo publikoko behin-behinekotasuna mugatu nahi duen dekretua gaur bozkatzekoa da Espainiako Kongresuan. Sindikatuek ohartarazi dute ez duela behin-behinekotasunaren inguruan dagoen arazoa konponduko; aitzitik, milaka langile kaleratzea ekar dezakeela uste dute.

Bi sindikatuek deituta, dozenaka lagun mobilizatu ziren atzo, Gasteizen: bi orduko lanuztea eta manifestazioa egin zuten dekretuaren aurkako protesta gisa. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik Gasteizko udaletxerainoko bidea egin zuten Kaleratzerik ez! Gaudenok geldituko gara irakur zitekeen pankartaren atzean. Bidean, askotariko aldarriak egin zituzten; besteak beste, «kontsolidazioa», «lantaldearen erdia arazo larrian» eta «dekreturik ez» oihukatu zuten.

Gaur egun, Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan langileen %40 inguru behin-behinean ari da lanean, 60.000 langile baino gehiago denera. Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Zentralaren kasuan, Lakuan, 3.500 inguru dira behin-behineko ordezko gisa ari direnak. Sindikatuak bat datoz egoerari neurria hartu beharrarekin, baina uste dute Madrilen proposamenak ez duela konpontzen oinarrian dagoen arazoa. «Ez dugu uste Espainiako Gobernuak ezer berririk ekarriko duenik lege honekin: ez du arazoa konpontzen, eta, gainera, zerbitzu publikoetan urteetan izan diren egoera prekarioak errepikatuko ditu», gaitzetsi zuen Lorea Izagirre Alkorta ELAko ordezkariak.

Sindikatuek salatu dute testu berriak ez duela neurri berezirik jasotzen oposizioetara aurkezten diren behin-behineko langileentzat. «Aldi baterako laneko abusua jasan duten langileei ez zaie bermatzen lan poltsetan sartzea, ezta urtean 20 eguneko kalte ordaina jasotzea ere», azaldu zuen Izagirrek. Eta gogorarazi zuen horietako askok hamar, hogei edota 30 urte baino gehiago daramatzatela behin-behineko ordezko gisa. Gainera, ohartarazi dute dekretu berriarekin Madrilen esku geratuko dela erretiroa hartu duten langileen zenbat postu bete behar diren.

«Gabezia demokratikoa»

Espainiako Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin hitzartu ditu dekretuaren edukiak, eta helburua da arlo publikoan behin-behinean ari diren langileen kopurua mugatzea, %8ko langatik behera jartzeko. ELAk eta Interinok taldeak azpimarratu dute, ordea, itundutakoa «oso larria» dela, «bai edukiaren aldetik, bai araua tramitatzeko aukeratu den moduaren aldetik». «Egin duten prozesua oso itxia izan da, gabezia demokratiko larriak dituen ezohiko prozesu baten bidez; legea ez du gobernuak bultzatu; aitzitik, CCOO, UGT eta CSFI sindikatuek bultzatu dute», salatu du Izagirrek.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote dekretua publikoki errefusatzeko eta auzitara jotzeko. Izan ere, iritzi diote testua autogobernuaren eskumenei egindako «esku hartze larria» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.