Zaldibarko luizia

Sindikatuek kezka dute suhiltzaileen jantzietan amiantoa agertu delako

Amianto aztarnak agertu dira Zaldibarren erreskate lanetan aritutako hiru suhiltzaileren jantzietan. Sindikatuek diote auzia «harago» doala

Suhiltzaileak, luizia gertatu berritan, SOS Deiak zerbitzuak egindako argazki batean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hilabete igaro da Zaldibarko zabortegian lur jausia gertatu zenetik, eta oraindik ez da apaldu lehenengo orduetan hara joan behar izan zuten suhiltzaile, ertzain eta bestelakoen haserrea. 16:00etan izan zen luizia, eta handik gutxira iritsi ziren hara erreskate lanetan aritu behar izan zuten lehenengo zerbitzuak, baina gauerdira arte ez zuten jakin zabortegian amiantoa bazegoela. Bertan behera laga zituzten lanak. Orain, kezka areagotu da jakin dutenean amianto aztarnak aurkitu dituztela han aritu ziren hiru suhiltzaileren jantzietan —Iurretako suhiltzaile etxeko bi eta Derioko bat (Bizkaia)—.

«Guk kamioietan beti eramaten ditugu gai arriskutsuetarako jantzi bereziak», azaldu dioBERRIAri operatiboan parte hartu zuen suhiltzaileetako batek—nahiago izan du izenik ez esan—, «baina ez genituen erabili, inork ez zigulako esan han amiantoa eta beste substantzia batzuk zeudela. Maskararik ere ez genuen erabili, eta hori akatsa izan zen, usaina oso sarkorra zelako».

Argia astekariak joan den astean argitaratu zuenez, Iurretako suhiltzaile taldeko biren jantzietan eta Derioko batenean amianto aztarnak aurkitu dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiko Osasun zerbitzuak operazioan parte hartutako suhiltzaileekin harremanetan jarri dira, eta jakinarazi diete langileak bi taldetan sailkatzeko asmoa dutela, ustez bakoitzak izandako arriskuaren arabera.

Suhiltzaileak BERRIAri esan dioez daudela ados horrekin: «Airean partikula multzo bat baldin badago, zuregana irits daiteke haizearen norabidearen arabera, eta, beraz, ezin da esan zuloak egiten ibili ez zirenek arrisku gutxiago zutela; izan ere, hiru kideren jantzietan antzeman dituzte amianto partikulak, eta horietako bat ustez arrisku gutxiago hartu zuen taldekoa da, ez baitzen ibili lurra zulatzen».

Eguneroko egoeraren isla

Oscar Abad ELAko Lan Osasuneko arduradunaren ustez, «gertatutakoak oso ondo islatzen du enpresetan egunero ikusten duguna, hau da, lan osasunean eta prebentzioan dagoen arinkeria, informazio falta eta, askotan, baita inbertsio falta ere». Gainera, afera honetan kudeaketa «hasieratik gaur arte txarra eta kaotikoa» izan dela deritzo.

Baina sindikatuetako ordezkarien ustez, arazoa ez da horretan amaitzen, eta «harago» doala uste dute: «Suhiltzaileena fronte bat baino ez da. Hor jende gehiago aritu da lanean babes egokirik gabe: ingeniariak, topografoak, ertzainak eta abar», azaldu du Abadek. Dioenez, «langile azpikontratatuen kasua» da kezkagarriena, eta anbulantzietan aritu zirenak aipatu ditu: «Langileek garbitu behar izan zituzten anbulantziak».

Lehenengo egunean lanean aritu zirenez gain, orain Zaldibarren garbitze eta erreskate lanetan dihardutenen egoeraz ere kezkatuta daude sindikatuak: «Jendeak esan digu hamar orduko lanaldiak egiten dituela. Legearen arabera, amiantoa duen lurra mugitzen ari badira, gehienez ere lau ordu egin ditzakete; hori ez dira betetzen ari», esan du Luli Eraso LABeko Lan Osasuneko arduradunak. Langile horiek ere artatzeko eskatu du: «Lanak luzatzen ari dira; jada ezin da esan amiantoarekin noizbehinkako kontaktua izan dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.