Lehen koska gainditu dute

Espainiako aurrekontuen osoko zuzenketak atzera bota dituzte. EH Bilduk babesa berretsi du

Oskar Matute EH Bilduko diputatua, atzo, Espainiako Kongresuko eztabaidan. CHEMA MOYA / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako aurrekontuen tramitazioak urrats bat aurrera egin zuen atzo Kongresuan, PP, JxCat, CC, Foro Asturias, BNG etaCUPen osoko zuzenketak atzera bota ostean. Hemendik aurrera, aurrekontu proiektuaren inguruko babesak negoziatzen jarraitzeko bidea askoz samurragoa izango du Espainiako Gobernuak, baina akordioa norekin lortu nahi duen erabaki beharko du. Eta, gaur-gaurkoz, gobernua osatzen duten bi bazkideen artean ez dago batasunik. Atzo, Kongresuko eztabaidan agerian geratu zen aliantza ezberdinen aldekoak direla PSOE eta Unidas Podemos. Ciudadanos akordiotik kanpo nahi du Unidas Podemosek, eta inbestiduraren aldeko indarren babesa lehenetsi du. Biekin negoziatzeko asmoa duela berretsi zuen, berriz, PSOEk. Ciudadanosek, ordea, argi utzi zion gobernuari zein den marra gorria: EH Bildutik askatzea. «Ez duzue zertan onartu Arnaldo Otegiren umilizaziorik», esan zion Ines Arrimadas diputatuak PSOEri.

EAJk eta EH Bilduk, bestalde, aurrekontuak negoziatzeko borondatea berretsi zuten atzo: modu argian egin zuen EH Bilduk; zuhurrago jeltzaleek. Eta, hain justu, EH Bilduk aurrekontuei iragarritako babesak baldintzatuta egin zen atzoko eztabaida. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak aurreratu zuen ez dutela betorik jarriko, eta borondate osoa dutela aurrekontuak babesteko.Azaldu zuen aurrekontuetan «aurrerapauso txiki batzuk» sumatu dituztela, baina «eredu neoliberala hausteko» norabide onean daudela, eta EH Bilduk baduela konpromisoa prozesu horretan parte hartzeko, «modu bateratuan». Osoko zuzenketen aurkako botoa EH Bilduren jarreraren isla izango dela aurreratu zuen, eta hemendik aitzina «ausardiaz» jokatuko dutela, urrats gehiago egingo dituztela: «Gaur ez da ezer amaituko: gaurkoa hasiera baino ez da izango».

Bestelakoa izan zen EAJko Idoia Sagastizabal diputatuak agertutako jarrera. Ohartarazi zuen dieselaren gaineko zerga aurrekontu proiektuan sartuta gobernuaren eta EAJren arteko konfiantza giroa «nabarmen» urratu dela. Azpimarratu zuen jeltzaleek adosteko borondatea dutela, baina «bide luzea» geratzen dela oraindik.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak esker oneko hitzak izan zituen EAJrentzat eta EH Bildurentzat, eta hitz eman zien datozen asteetan zuzenketen bidez saiatuko dela haien eskaerak jasotzen.

Erreakzio soka luzea

EH Bilduk aurrekontuei azaldutako babesak ezinegona sortu du PSOEren barruan, eta horri buruz galdetu zioten atzo Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeari. Mendiak «normaltasunaren barnean» kokatu zuen Bildurekin negoziatzea. EH Bildu Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea albiste ona dela azpimarratu zuen, gogora ekarriz beti eskatu zaien moduan ari direla politika egiten. «Bonben eta botoen artean aukeratzeko eskatu diegu beti, eta haiek botoak aukeratu dituzte». Hala ere, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenari aurpegiratu zion EH Bilduren estrategia «gizentzen» aritzea.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, ordea, ukatu egin zuen halakorik. Esan zuen ez zaiola «hausporik» ematen ari EH Bilduren estrategiari, eta azpimarratu «ezkerreko politikak egiteko aukera» zabaltzen duela koalizioaren jarrerak. «Orain arte inbestidurarako blokea izan zena legealdiko blokea izango da aurrerantzean».

EAJ kritikoagoa izan da EH Bildurekin. Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkideak «ongietorria» eman zion koalizioari, «politikara iritsi berria» delako, eta gogoratu zuen jeltzaleek lau hamarkada baino gehiago daramatzatela lanean. Arkaitz Rodriguez Sortuko koordinatzaileak, berriz, EAJren aurka egin zuen, eta adierazi du EH Bildukoak Madrilera joaten direla «erregimena eraistera eta herrien defentsa egitera». Carlos Iturgaitz PPko presidenteak hain zuzen horixe salatu zuen; EH Bilduren asmoa dela «konstituzioaren erregimena haustea» eta PSOE haren «aliatua» bilakatu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.