Bidesariekin «tematzea» egotzi dio oposizioak Gipuzkoako Aldundiari

Garraiolariei dirua itzultzeko eskatu dute EH Bllduk eta Elkarrekin Podemosek. Aldundiaren jarrera «arduragabea»da, Hiruren iritziz

N-1eko bidesariaren aurka Hiruk deitutako protesta, Etzegaraten, 2015eko urrian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 errepidean eta A-15 autobidean kamioiei jarritako bidesariei eusteko hirugarren arau bat iragarri izana kritikatu dute oposizioko taldeek. Epaitegiek lehen bi arauak baliogabetu ondoren, ordainsariekin «tematzea» eta «jarrera arduragabea» izatea aurpegiratu diote Markel Olanoren gobernuari. Beldur dira garraiolariei dirua orain ez itzultzeak ez ote dituen kostuak handituko .

Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, hitz gogorrak erabili ditu aldundiaren jarr era epaitzeko. «Txapuza, harrokeria eta kudeaketa txarra» leporatu diote Juan Karlos Eizagirre eta Estitxu Elduaien batzarkideek. Haien ustez, EAJren eta PSEren gobernuak alde batera utzi beharko lituzke «arduragabekeria, inprobisazioa eta inposaketa», eta ordainsariak berehala eten beharko lituzke. Gainera, kobratutako dirua itzuli beharko lieke 2018az geroztikN-1 eta A-15 erabiltzeagatik pagatu duten kamioilariei. 35 milioi euro dira, koalizioak kalkulatu duenez.

Antzeko hitzak erabili ditu Arantza Gonzalez Elkarrekin Podemoseko batzarkideak ere: «Erabat ulertezina da foru gobernua ordainsariekin tematzea, badaezpada ere logikoena izango litzatekeelako [ordainsaria] etetea, eta ez hainbat milioiren itzulketari aurre egin behar izatea». Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak «segurtasun juridikorik gabe» beste arau bat iragarri izana gaitzetsi du Gonzalezek, «kalte handia egin diezaiokeelako foru kutxari».

PPko batzarkide bakarrak, Juan Carlos Canok, «egia judizialari egokitzeko» eskatu dio Olanoren gobernuari, «ez baita nahikoa arrazoia duela pentsatzea».

Hiruk dirua bueltan nahi du

Ordainsarien aurkari historikoa izan den aldetik, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak gustura hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak aldundiaren azken helegitea onartu ez izana. Eta, gaizki, berriz, aldundiak hirugarren arau bat iragartzea. «Hiruk ez du ulertzen foru aldundiaren jokabide temati eta zentzugabe hori, auzitegiek behin eta berriz baliogabetutako sistemari eustea, jakinik interesak, errekarguak, zehapenak eta kostu bidegabeak sortuko dituela, guztion diruarekin ordaindu beharko direnak. Administrazioa arduragabe ari da, argi eta garbi».

Horregatik, bi eskaera egin ditu Hiruk: behin-behinean sistema bertan behera uzteko, eta garraiolariei «bidegabeki» kobratutakoa berehala itzultzeko ofizioz, eskaeren zain egon gabe. «Sistema automatikoa da, zuzenean kobratzen zaie garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen den aldi bakoitzeko, eta itzulpena automatikoki egiteko zailtasunik ez dago; datu guztiak dituzte, eta erabiltzaileak ondo identifikaturik; beraz, ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik».

Bidesarien aurkako bere argudioak gogorarazi ditu Hiruk. «Bide-azpiegiturak ondasun publikoak dira, denok ordaintzen ditugu zergen bidez, guztiok gara horien erabiltzaileak. [...] Bidesariak garraiolariei bakarrik ezartzea baztertzailea da, errepideen berrordainketa azkenari kargatzea, katearen zatirik ahulenari. Azken finean, errepideen erabiltzailea produktua bera da, kontsumitzailearengana iritsiko dena. Garraiolaria bitartekaria besterik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.