Hamalau bikote ariko dira Seguran, Euskal Herriko 43. dantza solte txapelketan

18:00etan hasiko dute lehiaketa, Baratze pilotalekuan. Txapelketarekin batera, Dantza Eguna ere ospatuko dute larunbatean, 11:30ean

Seguran jokatuko duten Euskal Herriko Dantza Txapelketako aurkezpena egin zuten atzo. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Izaten dira txapelketa gehiago ere urte barruan, baina Segurakoa (Gipuzkoa) da dantzariek gorriz markatu ohi dutena. Larunbatean jokatuko da aurtengoa, 18:00etan, Baratze pilotalekuan, eta Gipuzkoako hamahiru bikotek eta Bizkaiko bikote batek parte hartuko dute. Bi dantza egin beharko ditu bikote bakoitzak: batetik, zortzi pausoko fandangoa, txistuaren erritmoan; bestetik, arin-arina, trikitiaren laguntzarekin. Isilkara txistulari taldeak eta Estanga anai-arrebek bina pieza prestatu dituzte, eta larunbatean entzungo dituzte horiek dantzariek beraiek ere.

Josu Ibarra, Karlos Sarriegi, Nerea Vesga, Gabriel Alonso eta Ane Anza izango dira epaileak. Estibalitz Iturria Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, lau alderdiri erreparatuko diete: dantzariek pausoak egiteko duten trebezia eta kalitate teknikoari; gorputz enborraren, besoen, buruaren eta eskuen erabilera teknikoari; dantzaldiak osotasunean eskaintzen duen alderdi artistikoari edo bikoteak dantzatzen duenean transmititzen duenari; eta, azkenik, erritmoari. Beste bi epaile ere egongo dira, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares, jantziak epaitzeko.

Aitor Ruiz de Eginoren obra

Sariarena izango da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Oinarrien arabera, udalerri bat ordezkatzen duen bikote berak hiru aldiz irabazten badu txapelketa —bost urteren buruan—, udalerri horrentzat izango da behin betiko garaikur moduan ematen duten eskultura. Xabier Artolak eta Idoia Besadak iaz lortu zuten hori, eta Irurako Udalarentzat (Gipuzkoa) izan zen Nestor Basterretxeak egindako artelana. Aurtengo irabazleek Aitor Ruiz de Egino artistak egindako eskultura jasoko dute, eta ordezkatzen duten udalerrian egongo da datorren urtera arte. Horrez gain, 800 euro, txapela, lepokoa eta beste zenbait sari ere jasoko dituzte.

Hain zuzen, 2016ko, 2017ko eta 2018ko txapelketak irabazi zituzten Artolak eta Besadak. Aurten, ordea, ez dute parte hartuko. «Deskantsu bat behar genuela erabaki genuen. Intentsitate handiz egiten genituen entseguak, eta gorputzarentzat dezenteko karga da», adierazi zuen atzoko agerraldian Artolak. Hala ere, aipatu zuen jarraitzen dutela tarteka elkarrekin entseatzen, eta ez zuen baztertu etorkizunean berriro Segurako txapelketan parte hartzea.

Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin batera, Dantza Eguna ere izango da larunbatean Seguran. 11:30ean polka erraldoia egingo dute, eta, eguerdira bitartean, plaza dantza gidatuak izango dira, Gau Argi taldearekin. Herri bazkaria egingo dute ondoren, Errebote plazako karpan, eta, bazkalostean, dantza gidatuen beste saio txiki bat, txapelketa hasi arte. Txapelketarako sarrerak dagoeneko amaituta daude, baina ETBk emango du jaialdia, larunbatean, 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.