Hodei Egiluzen desagerpena

«Erantzunak behar ditugu»

Anberesko Escalda ibaian agertutako hilotza Hodei Egiluz galdakoztarrarena dela baieztatu dute.Semea desagertu ondoren zer gertatu zen ikertzen jarraitzeko eskatu dute gaztearen gurasoek

Egiluz desagertu zen herrira ere eraman dute aldarria. Ekitaldi ugari egin dituzte, kasua ikertzen jarrai dezaten. M. TEJERO / EFE.
Eskeine Legorburu - Garikoitz Goikoetxea
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Orain badakigu Hodeiren gorpua dela, eta zer gertatu zen jakiteko erantzunak behar ditugu». Desagertu ondoren, semeari zer gertatu zitzaion jakin nahi dute Hodei Egiluzen gurasoek. Auzitegi medikuek atzo eman zuten jakitera otsailaren 11n Anberesko (Flandria) Escalda ibaian aurkitutako gorpua Egiluzena dela, eta bertan berretsi zuten eskaria gazte galdakoztarraren gurasoek: «Belgikako agintarien lankidetza eskatzen jarraitzen dugu Hodeiren desagerpenaren arrazoiak argitzeko». 2013ko urriaren 19an desagertu zen Egiluz Anberesen. Lagunekin afaltzera irten, eta etxera zihoala lapurreta egin zioten. Orduan galdu zen gaztearen arrastoa.

Hilabete geroago hasi zen polizia Anberesko ibaia arakatzen, hilketaren hipotesia indarra hartzen hasi zenean. Urpekariek, baina, ez zuten emaitzarik lortu. Bi urte eta lau hilabete igaro dira dagoeneko Egiluz azkenekoz bizirik ikusi zutela, eta 853 egun geroago baieztatu dute orduko hipotesia.

Egiluz desagertu eta hurrengo egunetan bost lagun atxilotu zituzten, desagerpenarekin zerikusia zutelakoan. Gaztearen txartela erabilita dirua ateratzeagatik atxilotu zuten gizon bat, eta beste bat saiakera egiteagatik. Emakume bat ere atxilotu zuten, Egiluzen sakelakoarekin, eta beste bi lagun gaztearen objeturen bat izateagatik. Europako zenbait etxe okupatutan ere aritu ziren Egiluzen bila, baina halakoren batean egon zitekeela baztertu zuten. Hainbat hiritako 70 etxe okupatutan aritu ziren haren bila, 39 egunez.

Akituta agertu ziren atzo Pablo Egiluz eta Koro Diaz gurasoak komunikabideen aurrean. Anberesen ziren, eta bertan egin zituzten adierazpenak. Bart De Wever Anberesko alkateak «laguntza eta babesa» eman zien.

Nola sentitzen diren azaltzea «oso gogorra» dela esan zuen Pablo Egiluzek, eta aitortu zuen inoiz ez dutela semea bizirik aurkitzeko itxaropena galdu: «Egunak pasatu ahala gero eta zailago egiten zitzaigun bizirik zegoela sinestea, baina inoiz ez genion uko egin ideia horri». Semea desagertu zenetik jaso duten «babes nekaezina» eskertu zuten gurasoek. «Zuen laguntzarik gabe ez ginateke honaino iritsiko, eskerrik asko», esan zuen Egiluzek.

Zoriak hala nahita agertu zen atzo astebete gorpu bat Escalda ibaian. Urperatutako gabarra bat azaleratzeko lanak egiten ari ziren urpekari batzuek aurkitu zuten hilotza. Egiluz azkenekoz ikusi zuten lekutik 500 metrora agertu da gorpua, Kattendijkdoken, moila eta ezponda gune batean. Egiluz nola hil zen argitzea geratzen da oraindik, ordea.

Koordionazio gehiago

Desagertu zenetik asko izan dira gaztea bilatzen jarrai dezaten Egiluzen gurasoek eta lagunek egin dituzten eskaerak. Europako parlamentura jo zuten iazko urrian,eta Europako kide diren estatuetako polizien eta justiziaren arteko koordinazioa hobetzeko eskatu zuten desagertutakoen senideek, tartean Egiluzen gurasoek. Ohartarazi zutenez, Europan, urtero, 250.000 pertsona desagertzen dira, eta horiei buruzko datu base bat sortzea galdegin zuten. Halako kasuei aurre egiteko, Europan herrialdeek batera lan egitea erraztuko luke datu base horrek. Era berean, desagertuen familientzako laguntzen beharra azpimarratu zuten.

2014ko uztailean ere izan ziren Bruselan, eta Europako Batasunaren inplikazioa eskatu zioten Cecilia Malmostrom Barne komisasioari. Hodei Bila elkarteak, berriz, 2.000 sinadura bidali zizkionElio Di Rupo Belgikako lehen ministroari, ikerketarekin jarrai zezaten galdegiteko. Belgikan desagertutakoen bilaketaz arduratzen den Child Focus elkarteak ere bat egin zuen Egiluzen desagerpena argitzeko eskariarekin.

Espainiako Senatuak adierazpen instituzional bat ere onartu zuen 2014ko urrian, eta Espainiako Barne Ministeritzak bi polizia judizial bidali zituen Belgikara garai berean, Egiluzen bilaketan laguntzeko.

Babesa hasieratik

Gurasoek eta lagunek ez ezik, Galdakaoko herritarrek ere askotan bat egin dute Egiluzen desagerpena argitzeko eskariekin. Gaztea desagertu eta urtebeteko epean hilabetero egin zituzten elkarretaratzeak Galdakaoko udaletxe aurrean. Anberesen antolatutako elkarretaratzeetan eta ekintzetan ere parte hartu dute Egiluzen lagunek eta gurasoek bi urte hauetan.

Hodei Bila taldeak antolatuta, 2014ko abuztuan Flandria, Belgika eta Herbehereetan zehar bizikleta martxa egin zuten, Egiluz bilatzeko lanak ez eteteko eskatzeko. Iazko maiatzean galdakoztarra gogoratzeko monolito bat jarri zuten Anberesen, eta ekainean www.hodei-missing.com webgunea sortu zuten kasuari buruz informazioa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.