Kanpotik barrurako leiho bat

Sinesgarritasuna eta zilegitasuna arriskuan ikusita, gobernu irekia delako praktika abiatu dute erakunde publiko ugarik, mundu osoan. Euskal Herrian ere badu isla. Gardentasuna, herritarren parte hartzea eta elkarlana bultzatzeko neurriak ugaritu dira.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gobernu irekiaren kontzeptua politikan geroz eta ohikoagoa bihurtu den arren, haren esanahia ezezaguna da oraindik ere jende askorentzat. Diskurtsoetan aipatzen da, ugaritu egin dira hari eskainitako atalak webgune ofizialetan eta praktikara eramateko plangintzak garatzen ari dira udaletxeetan, foru aldundietan eta Nafarroako Gobernuan nahiz Eusko Jaurlaritzan. Urrats batzuk eman dira, baina gobernu irekiak ezartzen dituen erronkak gainditzeko daude.

Hiru zutabetan oinarritzen da gobernu irekiaren kontzeptua: gardentasuna, parte hartzea, eta herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, gobernu irekiaren ardatzak dira «jardueraren gardentasuna, zerbitzu eta informazio publikoen eskuragarritasuna, eta gobernuak behar, eskari eta ideia berriei erantzuteko duen bizkortasuna».

Gobernu irekia ez da asmakizun berria. Erresuma Batuan,1970eko hamarkadan baziren gobernu eredu modu horri buruzko aipamenak. Baina, 2009an jaso zuen mundura zabalduko zuen bultzada. Urte horretan, Barack Obama AEBetako presidente zenak Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren memoranduma aurkeztu zuen: administrazioaren irudia herritarren aurrean hobetu, eta kudeaketa publikoa gardenago eta eraginkorrago egiteko helburu zuen gida.

Hain justu, finantza arloko krisiak munduko ekonomia nagusienak atakan jarri zituen garaiarekin batera iritsi zen Obamaren proposamena. Ez da kasualitatea, Adela Mesa EHUko Politika eta Administrazio Zientzietako irakaslearen iritziz. «Erakundeek garrantzi handia eman diote [gobernu irekiari] haien jardunari zilegitasuna aitortzeko». «2008ko krisiak kudeaketa publiko txarreko egoerak azaleratu zituen eta, horien artean, bereziki, ustelkeria kasuak. Behar politiko horien testuinguruan garatu dira mota horretako neurriak».

Horrez gain, Mesak ziurtatu du gobernu irekiak erantzun egin nahi diola gizarteak erakundeekiko adierazi duen urruntasunari. «Gizartea erakundeetatik urruntzen ari zela ikusi zuten, hauteskundeetako parte hartzea gutxieneko kezkagarrietara iristen ari zen, eta inkestek oso sinesgarritasun txikia aitortu zieten».

Euskal Herrian badu isla

Gobernu irekiaren olatua Euskal Herrira ere iritsi da eta haren eraginez, araudi berria sortu da erakundeen funtzionamenduari buruz, herritarrekiko harremanari lotuta.

Nafarroako Parlamentuak Gardentasun eta Gobernu Irekiaren legea onartu zuen 2012an, eta hura moldatzea adostu zuen joan den apirilean. Azken moldaketarekin, Gardentasun Kontseilua eratzea onartu da, gobernuak legea betetzen duela bermatzeko.

Jaurlaritzaren kasuan, oraindik ez da araudirik onartu. Aurreko legealdian proposamena egin arren, Urkulluren gobernuakegitekoen artean izango du hurrengo lau urteetan.

Aurreko legealdian, Jaurlaritzak Gardentasun, Herritarren Parte Hartze eta Gobernu Onaren lege proiektua aurkeztu zuen, baita Euskal Sektore Publikoaren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko proposamena ere; baina legebiltzarrak bietako bat bera ere bozkatu gabe amaitu zen legealdia. Sortzeko dagoen araudiak zehaztu beharko du zein betebehar izango dituen Jaurlaritzak gobernu irekiaren printzipioei jarraikiz eta, horiek urratuz gero, zein zigor ezarri beharreko zigorrak arduradunei. Gobernuaren jarduna kontrolatzeko, Gardentasunaren Kontseilua eratzea espero da, halaber; Gardentasun legearen aurreproiektuak hala jaso zuen eta.

Legerik gabe, EAEko gobernuak abian ditu gobernu irekiaren praktikari lotutako hainbat neurri; aipagarrienak, Irekia atari digitala (www.irekia.eus) eta Open Data Euskadi plataforma (opendata.euskadi.eus).

Irekia «herritarren eta administrazioaren arteko komunikazioa bideratzeko Interneteko zuzeneko zubia» da, webguneak azaltzen duenez. Helburu du gobernuaren jardunaren berri ematea eta herritarrei ekarpenak egiteko aukera erraztea. Open Data Euskadi, berriz, Jaurlaritzaren datu publikoak ikusgai jartzeko erreminta da. Patxi Lopezen gobernuak (PSE-EE) sortu eta Iñigo Urkulluren aurreko Jaurlaritzak garatu ditu Irekia eta Open Data.

Nafarroako Gobernuak ere antzeko erremintak sortu ditu gobernu irekiaren jarduna bere egiteko: www. gobiernoabierto.navarra.es gardentasun eta harremanetarako ataria; eta, gunearen barruan, Open Data datu publikoen katalogo digitala eta herritarren ekarpenak jasotzeko atala.

Adela Mesa irakaslearen esanetan, «garrantzitsua» da gobernuak gardentasun eta parte hartzerako erremintak sortzea, baina «beste dimentsio bat» eman behar zaie. «Irekia adibide eredugarri gisa aipatzen da askotan. Goraipatu egiten da. Nire inguruan, ordea, unibertsitate munduan eta lagunen artean, ia inork ez du ezagutzen. Porrota da hori». Mesaren iritziz, «gobernu irekiaren jarduna neurri handian Irekian oinarritzen bada, gehiago zabaldu beharko litzateke hari buruzko informazioa».

Open Data atarien inguruan ere, halako erreminta eratu izanaren balioa nabarmendu du; baina, zehaztu duenez, «ahalegin handiagoa egin behar da ez soilik datuak eskuragarri egon daitezen, baizik eta datu horien gaineko interesa izan dezaketenek sarbidea izan dezaten». Alde horretatik, «eten digitala murriztu» beharraz ohartarazi du. «Arazoa ez da Interneterako sarbidea izatea, erabilera aukera baizik. Badira zenbait aplikazio erabiltzeko konplexuak direnak. Beste batzuetan, eskuragarri dagoen informazioa ez da baliotsua herritarrentzat».

Mesak azaldu duenez, erreminta digital horiek oraindik ere erabiltzaile kopuru apala duten arren, «garrantzitsuena datua hor egotea da, eta ikusgarri egon dadila».

Bestalde, beharrezko jo duEusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuko Gardentasun legea hobetuko duen lege propioa onartzea.

Espainiako Estatuko legea hobetzea «ez da oso zaila», Mesaren hitzetan. Salatu duenez, estatuko legeak «administrazioaren isiltasun negatiboa» jasotzen du. Hau da, administrazioak herritarraren eskariari epe jakin baten barruan erantzuten ez badio, eskaria ukatu egingo da automatikoki. «Oso larria da. Erreklamazioa aurkezteko eskubidea urratzen du». Bestalde, legeak ez du zigorrik aurreikusten arau haustea egiten duten politikari edo langile publikoentzat, eta publikatu beharreko informazioak mugatzen ditu zenbait arlotan.

Udalak ere egokitzen

Nafarroako eta EAEko gobernuez gain, foru aldundiek eta udalek ere hainbat neurri hartu dituzte erakundeen irudia hobetu eta herritarren aurrean gardenago agertzeko.

Mesaren iritziz, herritarren parte hartzea sustatzeko «egitura paraleloak» eraikitzen dira kasu askotan, «osoko bilkuraren funtzionamendua aldatu gabe».

Ibon Uribe Eudel EAEko udalen elkarteko batzorde eragileko kideak adierazi duenez, udalen erronka nagusia «parte hartzea, gardentasuna eta etika publikoa uztartuko dituen osotasun sistema» lortzea da. Orain arte bultzatu diren neurriei «ebaluazio sistema eta ekintza plana osatzea» falta izan zaie.

Helburu horrekin, Eudelen hamar bat udalek osatutako sarea eratu dute, «gobernu eredu onaren hiru ataletan sakonduko duen sistema integrala» diseinatzeko. Europako Kontseiluak ezarritako Dodekaedro metodologia erabiliko dutela iragarri du Uribek. «Bidean, eztabaida sortuko dela argi daukat. Bi ikuspuntu desberdin dauzkagu gizartean, baita alderdietan ere. Herritarren erdiak argi eta garbi esaten digu gugan utzi dutela erabakiak hartzeko gaitasuna, eta, beste erdiak, parte hartu nahi du».

Gobernu irekiaren bidean orain arte egin diren urratsak baliotsuak izan dira, Uriberen iritziz. «Ez dezagun ahatz zenbat jendek parte hartzen duengure hauteskundeetan, eta zenbatekEuropan, botoa derrigorrezkoa ez den herrialdeetan». Hartutako neurriek erakundeen zilegitasunari eusteko balio izan dutela deritzo. «Herritarren konfiantza galtzen ari garela pentsa badezakegu ere, ez dugu guztiz galdu, eta, beharbada, eman diren urratsek azaltzen dute konfiantza gehiago galdu ez izana».

Eusko Legebiltzarrak Udal legea onartu zuen joan den apirilean, eta atal oso bat gorde du udalen funtzionamenduan gobernu irekiaren jarduna nola txertatu zehazteko. Uriberen hitzetan, legeak «ez du erronka handirik ekarriko udalentzako». Aldiz, «egiazko erronka gobernu eredu onean aritzean datza, legeak agintzen duenetik harago joatean». Orain arteko eskarmentua baliatu nahi du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.