Txus Martin euskal presoa askatzeko eskatu du LABek, «larri» baitago

Atzo egin behar zioten bihotzeko ebakuntza Martini, baina atzeratu egin dute. LABek elkarretaratze bat egin du Eusko Jaurlaritzaren aurrean

LABek elkarretaratzea egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Txus Martin askatzeko eskatzeko. IHANA IRIONDO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak salatu du Txus Martin euskal presoa «larri» dagoela, eta hura askatzeko eskatu zuen atzo Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuari ere eman zioten Martinen egoeraren berri; hain justu, atzo egin behar zioten bihotzeko ebakuntza euskal presoari, Gasteizko Txagorritxu ospitalean, baina atzeratu egin dute azkenean. Sindikatuko kideek 21 gurutzerekin egin zuten elkarretaratzea, espetxean larri gaixo diren 21 euskal presoen egoera irudikatzeko.

2002an atxilotu zuten Martin lehenengoz, Frantzian. Zortzi urte egin zituen han preso, egoera gogorrean: erabat bakartuta egon zen bost urtez, eta lagunen bisitarik ere apenas izan zuen —hiru lagunek baino ezin izan zuten bisitatu urte haietan—. Hiru urtez bakartuta egon ostean, 2006an agertu zitzaion gaitza lehen aldiz. 2010ean, Frantziak Espainiaren esku utzi zuen Martin, eta kartzelatu egin zuten urte hartan bertan. Ordutik behin-behinean dago espetxean, 1990eko hamarkadan abiatutako hiru auzirengatik. Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren txostenaren arabera, Martinek bihotzeko gaixotasuna eta buruko osasun arazoak ditu.

2011n eskatu zuten lehen aldiz Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoa libre uzteko behin-behinean, baina 2012an ukatu egin zioten aukera hori. 2014an, berriz, espetxe arindua ukatu zioten; 2011tik dago Zaballako kartzelan (Araba).

Bihotzeko gaixotasunaren ondorioz, ebakuntza bat egin behar zioten atzo, baina azkenean atzeratu egin dute. «Bihotzeko ebakuntza oso larria baldin bada, medikuen arabera, ebakuntza ostekoa are larriagoa izan daiteke. Beraz, etxean egon behar du, bizirik eta onik jarrai dezan», salatu du LABek.

Martinen egoera ezagutarazteko eta larri eri diren gainontzeko euskal presoen egoeraren berri emateko, LABek hitzordua eskatu du Nekane Murga Osasun sailburuarekin ere: «Argi utzi nahi diogu 21 euskal biztanle hauek ere bere ardura direla. Gaixo dauden 21 euskal presoak euskal herritarrak dira, eta Osakidetzako erabiltzaileak dira. Erabiltzaile diren heinean, beraien eskubideak bermatu behar ditugu», azaldu dute sindikatuko kideek. Horrenbestez, osasunaren eskubide unibertsala defendatu dute, «pertsona orori dagokiona, baita preso daudenei ere».

Espetxe politika aldatzea

Egungo espetxe politikaren ondorioz preso gaixo larrien egoera are okerragoa dela salatu duLABek: «Espetxe politikak, dispertsio politika krudel honek, herritik ehunka kilometrora urrunduta izateak eragozten die Euskal Herrian izatea». Arazo horri «konponbidea» bilatzeko eskatu diote Osasun sailburuari. Hala esan dute LABeko Osakidetzako kideek: «Osakidetzan lan egiten dugunok badakigu gauzak ondo egin daitezkeela, baina argi daukagu ardurak nork dituen. Horregatik egin dugu elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean».

Espetxe politika aldatu eta «mendeku garaiak alde batera» uzteko deia egin du LABek. «Jorra ditzagun konponbide garaiak». Martin etxeratzeaz gain, eri diren beste 20 euskal presoak askatzeko ere eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.