Trumpek «supremazismo zuria» gaitzetsi du El Pasoko tiroketaren harira

AEBetako presidenteak armak edukitzeko eskubidearen alde egin du: «Buruko gaixotasunek eta gorrotoak sakatzen dute katua, ez armak»

Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian, atzo, agerraldia egiteko pronto. CHRIS KLEPONIS / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Azkeneko urte eta erdian, Donald Trumpek 2.200 bat aldiz erabili du «inbasioa» hitza Twitterren eta Facebooken; gehienetan, Erdialdeko Amerikako migratzaileak hizpide izan dituenean. Neurketa hori egin du Media Matters etxeak. Lehengo larunbatean, El Pasoko (AEB) merkataritza gune batean gizonezko batek tiroz hogei pertsona hil baino hogei minutu lehenago, eskuin muturreko webgune batean manifestu bat jarri zuten, adieraziz erantzun egin behar zitzaiola «Texasko inbasio hispanoari». El Pasok 650.000 bat biztanle ditu, eta %85 inguruk dute jatorri hispanoa. Erasoaren ondoren, eledun demokratek hispanoekiko gorrotoa elikatzea leporatu zioten Trumpi. AEBetako presidenteak adierazpen instituzional bat egin zuen atzo Etxe Zurian, eta nabarmendu zuenAEBek «arrazismoa, intolerantzia eta supremazismo zuria» gaitzetsi behar dituztela.

El Pasoko erasoa gertatu eta ordu batzuetara, gizonezko batek bederatzi pertsona hil zituen tiroz, Daytonen, Ohio estatuan, diskoteka baten kanpoaldean. Bi erasoek erdigunean jarri dute armak eramateko eskubideari buruzko debatea, berriro ere, baina Trumpek ez du proposatu armen kontrolari buruzko erreformarik. «Buruko gaixotasunek eta gorrotoak sakatzen dute katua, ez armak», azpimarratu zuen Etxe Zuriko maizterrak atzoko prentsaurrekoan.

Ordu batzuk lehenago Twitterren idatzi zuen, ordea, kongresukide errepublikanoek eta demokratek legean aldaketak egin beharko lituzketela, armak erosteko orduan egiaztatze prozesuak eta baldintzak «zorrotzagoak» izan daitezen. Halere, migrazio erreforma «behar-beharrezkoarekin» lotu zuen aldaketa hori. «Bi gertaera tragiko hauetatik zerbait ona ateratzea lortu behar genuke», gehitu zuen. Presidente denetik, 2017ko urtarriletik, Trumpek bi aldiz esan du armen kontrola areagotu behar dela; azkenekoz iazko otsailean, Floridako Parkland institutuan gertatutako tiroketa batean hamazazpi pertsona hil ondoren.

Ordezkarien Ganberak gehiengo demokrata dauka, eta urtearen hasieran lege proiektu bat onartu zuen, armak erosteko orduan eroslearen aurrekariei buruzko egiaztapenak zorrotzagoak izan daitezen. Kongresuko goi ganberan, Senatuan, errepublikanoak dira nagusi, baina oraindik ez dute proiektuaz bozkatu. Chuck Schumer da demokraten liderra Senatuan, eta udako oporren ondoren bozkatu beharko litzatekeela eskatu zuen atzo.

Trumpek atzo adierazi zuenheriotza zigorra ezarri beharko litzaiekeela gorroto delituengatik kondenatuei, eta exekuzio «azkarrak» beharko liratekeela. El Pasoko erasoa ekintza «terrorista» gisa ikertzen ari da Polizia, eta hango fiskalburuak azaldu du heriotza zigorra ezarri nahi diola susmagarri gisa atxilotutako 21 urteko gazteari. Trumpen esanetan, hark idatzi zuen manifestua. Baieztatuz gero, gorroto delitua egotzi ahal izango liokete.

Mexikoren auzi eskea

Larunbatean merkataritza gunean hil ziren hogei pertsonetatik zazpi mexikarrak ziren —El Paso mugan dago—, eta, hori dela-eta «terrorismoagatik» auzi eskea aurkeztea aztertzen ari dela jakinarazi zuen Mexikoko Gobernuak atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.