Katalunia

Koalizio gobernuak jarraitzea «lehentasun bat» da Aragonesentzat

«Egoera konpontzeko garaia da», JxCren arabera. Aragonesek «ahalik eta azkarren» aritzeko eskatu dio JxCri politika orokorreko eztabaidan

Pere Aragones, Kataluniako Parlamentuan, lehen aldiz Jordi Puignero presidenteordea aldamenean izan gabe. EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak osatzen duten koalizio gobernua mantentzearen alde egin zuen atzo Kataluniako Parlamentuko politika orokorreko azken eztabaidan. Are, nabarmendu zuen koalizio gobernua mantentzea bere «lehentasuna» dela. Albert BatetJxCren parlamentuko eledunak garrantzi eman zion bi alderdien arteko liskarrei irtenbide bat bilatzeari: «Egoera konpontzeko garaia da».

Aragonesek «ahalik eta azkarren» aritzeko eskatu zion JxCri atzoko mintzaldian. Izan ere, JxCko zuzendaritzak herenegun erabaki zuen oraingoz ez dela Kataluniako Gobernutik aterako, baina militantziaren esku utzi du gobernuan jarraitzeko ala ez segitzeko erabakia. Datozen ostegun eta ostiralean egingo dute kontsulta.

Gainera, JxCk bihar gauera arteko epea eman zion Aragonesi egoera bideratzeko negoziazioak egiteko. «Igande gauean, ados jartzea beste lanik ez dugu. Hori bai, ez da ultimatum bat izango», zehaztu zuen Jordi Turull idazkari nagusiak. Atzoko eztabaidan, Batetek iragarri zuen JxCk proposamen bat helaraziko diola Aragonesi, «zehaztapenekin, irizpideekin eta bermeekin», gobernu akordioa bete dadin. Edizio hau ixterako, JxCk ez ditu publikoki azaldu proposamenaren nondik norakoak.

Irtenbide bila

Hala ere, gobernuko krisia konpontzeko, hiru eskari egin dizkio JxCk ERCri liskarren hasieratik: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bateratua osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea.

ERCk esana zuen, ordea, ez dutela «ultimatumik» onartuko. Are, Generalitateko Presidentetza kontseilari Marta Vilagrak herenegun azpimarratu zuen gobernuak aurrera jarraituko duela JxCk erabakitzen duena kontuan izan gabe.

Politika orokorreko bigarreneta azken— saioaren eta asteartean egin zuten lehenaren arteko aldea nabarmena izan zen atzo. Asteartean, Aragonesen ondoan Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea zegoen eserita, eta atzo, berriz, ez. Asteazken gauean, Generalitateko presidenteak Puignero kargutik kendu zuen, harenganako «konfiantza politikoa galdu» zuela argudiatuta.

Izan ere, astearteko eztabaidan JxCren Kataluniako Parlamentuko eledunak Aragonesi ohartarazi zion ERCk eta JxCk sinatutako «gobernu akordioa betetzeko bermerik» aurkeztuko ez balu konfiantza mozio batera aurkeztu beharko lukeela bere burua parlamentuan.

Atzoko eztabaidan JxCk ez zuen ezer adierazi konfiantza mozio baten inguruan, baina bai PPCk. Aragonesi eskatu zion konfiantza mozio batera aurkezteko, baina ERC, JxC, CUP, PSC eta En Comu Podem indar politikoek ezetz bozkatu zuten.

Bestalde, En Comu Podemek Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean adostutako erreferendum bat antolatzea proposatu zuen atzo, baina ERCk baino ez zuen babestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.