Albistea entzun

Adingabe iheslarien tratamendua salatzera deitu dute Baionan

Preso diren bi gazte ginear epaituko dituzte etzi: adingabeak direla sinetsarazi nahi izatea leporatu diete. Etorkinekin eta Cimade elkarteek Baionako auzitegi aitzinera deitu dute

Vincent Faget abokatua, Francisco Sanchez Rodriguez Cimadeko jurista eta Amaia Fontang Etorkinekin elkarteko kidea.
Vincent Faget abokatua, Francisco Sanchez Rodriguez Cimadeko jurista eta Amaia Fontang Etorkinekin elkarteko kidea. AURORE LUCAS Tamaina handiagoan ikusi

Nora Arbelbide Lete -

2018ko martxoak 6 - Baiona

Gertakaria, hauxe: adingabeak direla dioten bi gazte ginear Baionako espetxean preso azken hamar egun hauetan, auziaren zain. 17 urte dituztela diote K. M. eta M. J.-k. Baionako auzitegiak, berriz, adingabeak direla frogatzeko agiri faltsuak eman izana leporatu die. Nagusiak direlakoan, eta ordena publikoa nahasteko arriskua dutelakoan, epaileak erabaki zuen preso sartzea auzia iragan arte. Etzi da auzia.

Epaitegi barnean eta kanpoan elkarretaratzea: horra Cimade eta Etorkinekin kolektiboarekin deia. Bi elkarteek dei egin dute ostegunean 14:00etan Baionako auzitegi aitzinean biltzera: «Onartezinak dira egiteko molde horiek. Sumatzen da sistematizatzen ari dela agintariek adingabeei adingabetasuna ukatzea, beren betebeharrei ihes egiteko», salatu du Cimade elkarteko Baionako adarreko buruak, Alec Cadik. Adingabeak babestera behartzen baitu Frantziako legeak.

Kontua da gertatu izan dela faltsutzat harturiko agiri batzuk gero egiaztatu izana. Hala azpimarratu du Cimadeko juristak, Francisco Sanchez Rodriguezek. Vincent Faget ginearren abokatuak berretsi du errugabetasun presuntzioa dagoela, eta agintariei dagokiela bi gaztetxoak adinez nagusiak direla frogatzea, eta ez alderantziz. Abokatuak gaineratu du bi gazteek beren justiziako bilduma garbia dutela. Hau da: bilduma garbia, eta preso sartuak. Haurrentzako laguntza sozialaren babespean atxikitzea eskatu dute abokatuek.

Bi ginearren kasua beste bat gehiago da elkarteentzat, eta beldur dira ez direla azkenak izanen. Etorkinekin elkarteko ordezkari Amaia Fontangek adierazi du mobilizazioa hasiera baizik ez dela, eta gero eta adingabe gehiago iristen direla Gipuzkoatik Lapurdira. Dioenez, gero eta iheslari gehiago dago Ceutako bidean, Libiakoa zaildu denez geroztik, eta tartean adingabeak ere gero eta gehiago dira. «Hendaiako autobus geltokira joatera gonbidatzen zaituztet, zenbat diren ikusteko. Batzuek badute Parisera iristeko aukera; besteak kanporatu egiten dituzte. Eta berriz saiatzen dira».

Bi ginearren auziak astelehenean behar zuen, baina abokatuek auzia atzeratzeko eskatu zuten, prestatzeko denbora izateko. Eta hala gertatu da. Osteguneko hitzordu berrian ere abokatuek asmoa dute auzia atzeratzeko eskatzeko, gutxieneko bi asteko eperik ez baitute ukan. Baliteke onartzea. Dena dela, berriz ere aztertuko da bi ginearrak preso atxiki ala ez.

Bizkitartean, bi ginearren kasuak mahai gainera ekarri du egitura sozialek adingabeei egiten dieten harrerari buruzko eztabaida. Izan ere, legeak dioenari jarraikiz, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko gizarte arloa adingabe guztiak babestera behartua da; dela familietan arazoak dituztenak, dela, iheslarien kasuan, «bakarrik dauden adingabe» direnak. Hau da: frogatuta dagoelarik, batetik, adingabea dela, eta, bestetik, bakarrik dela. Hori frogatzeko azterketa bat egin beharra dago. Azterketa horren protokoloan lausoguneak agertzen dira, praktikei dagokienez, hain zuzen, aire eta mugetako polizia sartzen baita tartean. Izan ere, poliziak egitura sozialetako adingabeak deitzen dituzte. Hortik, batzuk atxilotu egiten dituzte, bi ginear horiek bezala, edota kanporatu, Irunera (Gipuzkoa).

Sozial arloko departamenduko buru Fabien Tuleuk ez du ukatzen poliziarekin duten elkarlana: «Ez da sistematikoa. Baina gerta daiteke aire eta mugetako poliziari esku hartzeko galdetzea, adinarekin dudak daudelako, azterketa gehigarriak egiteko». Hatz markak erabili izan dituzte horretarako. Alta, Tolosako dei auzitegiak (Okzitania) ebatzi berri du adina baieztatzeko hatz marken erabiltzea ez dela legezkoa.

Horri begira, Annick Trounday gizarte arloaz arduratzen den departamenduko hautetsiak poliziarekin daukan konfiantza berretsi du behin eta berriz. «Adingabe atzerritarrak iristen direlarik, gure ardura da estatua eta prefetura abisatzea. Legezkoa da poliziarekin eta haren inguruan diren egiturekin harremanak izatea. Eta konfiantza osoa daukagu poliziak egiten duen lanean. Oinarritzat daukagu adingabea babestea dela gure eginbeharra, eta ez kalte egitea». Polizia oinarri berekin ari dela deritzo Troundayek. «Dudak balituzte, ez lituzkete kanporatuko. Kanporatzen badituzte, arrazoiak dituzte. Ez dira arinkeriaz ari». Nabarmendu du badirela «sareak», «trafikoak» eta «erradikalizazioak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiru lagun Lezetxikin, urtarrilaren 28an, AHTaren tunela atzean dutela. ©Besaide mendi elkartea

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute

Paulo Ostolaza

Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu diren lekua da Arrasaten (Gipuzkoa) dagoen kobazulo hori. Arrasate inguruko espeleologia zaleen talde batek egin du salaketa.

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Nazioartean bilatzen ari dira Donostian «lapurturiko» umea

Berria

Foru Aldundiaren tutoretzan ordu batzuk zeramatzanean eraman zuten haurra. Ama biologikoak eraman zuela uste dute

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Eraso homofobo bat salatu dute Barakaldon

Berria

Barakaldoko Udalak jakinarazi du asteburuan izan zela erasoa. Elkarretaratze bat egingo dute bihar.

Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada Hego Euskal Herrian ohiko bidaiarientzat

Jone Arruabarrena

Bidaiariek fidantza bat ordaindu beharko dute, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egiten dutenean itzuliko zaie dirua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.