Munrori eta Durrenmatti liburu bana euskaratu diete

Alice Munroren 'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak' itzuli du Isabel Etxeberriak, eta Friedrich Durrenmatten 'Epailea eta haren borreroa' Idoia Santamariak

Isabel Etxeberria eta Idoia Santamaria itzultzaileak, Munroren eta Durrenmatten liburuak aurkezten, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Erein eta Igela argitaletxeek argitalpen bikoitza plazaratu dute oraingoan. Bi liburu ekarri dituzte euskarara, bi autorerenak, eta bi itzultzailek parte hartu dute prozesuan. Alice Munrok (Ontario, Kanada, 1931) eta Friedrich Durrenmatek (Konolfingen, Suitza, 1921- Neuchatel, Suitza, 1990), ordea, elkarrekin antz gutxi dute. Lehena ipuinak idazten abila izateagatik da ezaguna; bigarrenak ibilbide oparoa egin zuen antzerkirako testuak sortzen. Isabel Etxeberria eta Idoia Santamaria itzultzaileek ere azpimarratu dituzte liburu baten eta bestearen arteko aldeak. Etxeberriak Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak itzuli du, bederatzi ipuinez osatutako lana. Santamariak, berriz, Durrenmatten Epailea eta haren borreroa nobela beltza ekarri du euskarara. Aurkitu dute, ordea, bi lanak lotzen dituen hari bat: «Literatura unibertsala klasiko gisa lantzen dugu, baina bi obra hauek badute gaurkotasuna. Lehenak zentroan jartzen du emakumea. Nobela beltzak, berriz, beti du arrakasta». Istorioak Kanadan eta Suitzan girotuta daude, baina itzultzaileek azaldu dute euskal irakurleentzat ez direla arrotzak izango. Gaurkotasuna dute bi lan unibertsal horiek, eta euskaraz irakur daitezke aurrerantzean.

Bederatzi narrazio jasotzen dituen ipuin bilduma mardula da Munrorena. 2001ean argitaratu zen jatorrizko lana, ingelesez. Orduan, Munrok 70 urte zituen, eta hamar lanetik gora argitaratuta. Ordutik, beste lau ipuin liburu eta hainbat bilduma argitaratu ditu, eta literaturako Nobel saria jaso zuen 2013an. Narrazioak idazteko duen abileziagatik egin zioten aitorpena, eta Etxeberriak ere horixe azpimarratu du: «Sekulako gaitasuna du eguneroko gertakari arruntak islatzeko. Badirudi ez direla ezbehar handiak gertatzen bere ipuinetan, baina irakurleak sarri pentsatuko du berari buruz idazten ari dela Munro».

Ipuin bakoitzak bere ibilbidea du bilduman, baina itzultzaileak azpimarratu du badirela errepikatzen diren irudiak eta metaforak. Hiru ipuinetan, esaterako, pertsonaiak harrikoa egiten ageri dira. Beste hirutan, berriz, musu eszenek dute zentralitatea. Gainera, ipuin guztietan nabarmena da giza harremanen inguruko gogoeta.

Etxeberriak are gehiago zehaztu du giza harremanen inguruko idazlearen gogoeta: «Gehienetan, emakumeak dira protagonista. Kontatzen du zer harreman duten andre horiek beren inguruarekin, eta, sarri, inflexio puntuak azaltzen dira ipuinetan; horiek kolokan jartzen dituzte emakume horien bizi ereduak». Horren adibide da bildumaren izenburua daraman lehen ipuina, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, zeinak nerabeen joko baten nondik norakoak aletzen dituen. Neskatoek gustuko duten lagunaren izenaren hizkiak zenbatu, eta aipatutako zerrendan behera egiten dute, etsai edo lagun, ezkongai edo maitale izango diren jakiteko. Asunak ipuinean, berriz, bestelako inflexio puntu bat lantzen du: bizitzaren hondoan eta noraezean dabilenaren istorioa kontatzen du, ofizioz zulogilea den pertsonaia batekin metafora eginez.

«Abila da Munro horretan», adierazi du Etxeberriak. Hori da, haren ustez, idazlearen gaitasun handiena: «Erabat kalkulatuta ditu Munrok bere ipuinak. Zein metafora erabili, zer kontatu... Eta horretarako ezinbestekoak dira deskribapenak». Haren obrari kolore berezia ematen diote pertsonaiak eta lekuak xehe-xehe aletzeak eta erabiltzen duen ironiak, Etxeberriaren ustez.

Ironia eta deskribapen mardulak. Horiek azpimarratu ditu Santamariak ere Friedrich Durrenmatten lana aurkezterakoan. Santamariak 1952an argitaratutako Epailea eta haren borreroa itzuli du, Durrenmattek idatzitako hiru nobela beltzetako lehena, hain zuzen ere. Egunkari batean atalka argitaratu zuen lehenengo, eta gero plazaratu zuen liburu formatuan. Santamariak bereziki nabarmendu du idazle suitzarrak deskribapenak egiteko duen gaitasuna: «Suitzako landa eremuko hainbat herri txikitan eta eskualdetan gertatzen da istorioa, eta idazleak ongi azaltzen ditu bertako ingurumariak. Egiten duen ibilbideak zentzu osoa dauka». Durrenmatten idazkeraren beste berezitasun bat ere aipatu du: «Filosofiatik dator, eta, horregatik, igartzen da pertsonaiek elkarrizketa sakonak izaten dituztela, ongiaren eta gaizkiaren ingurukoak». 21 kapituluz osatuta dago liburua, eta azken atalean istorioak ematen duen ustekabeko biraren garrantzia azpimarratu du: «Bestela ere amai zitekeen, baina, nobela beltz on baten gisan, amaiera bihurria dauka».

Santamariak alemana ikasten ari zela irakurri zuen lehenengoz Durrenmatt, eta gero izan zuen EIZIEk antolatutako lehiaketa baten berri. Garaile suertatu zen, eta horrela itzuli du Epailea eta haren borreroa lana. Zalantza handienak erabaki txikietan izan dituela azaldu du, baina aitortu du horixe bera dela itzultzaile izateak dakartzan zailtasun eta erronka nagusiak.

Unibertsalak euskaraz

EIZIEko kideak, Erein eta Igelako editoreak eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustapenerako zuzendari Estitxu Alkorta izan dira lanen aurkezpenean, eta guztiek nabarmendu dute literatura unibertsala euskarara ekartzeak duen garrantzia. Alkorta: «Pozgarria da euskal komunitatearentzat. Euskararen normalizaziorako bidean beharrezkoa da, eta euskararen corpusa aberasten du, gainera».

Bide onean doa proiektua, eta hilabete gutxi barru beste bi liburu aurkeztuko dituztela jakinarazi dute: Mario Benedettirena bata, eta Fleur Jaeggyrena bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.