Ismael Manterola
BEGIZ

Olatuaren erresaka

2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urtebetean Donostia Europako kultur hiriburua izateak utzi duen arrastoari buruzko balantzea egiteko ordua iritsi omen da. Hala egin dute egun hauetan antolaketa taldekoek eta parte hartu duten erakundeek. Ez dut ezer garbi atera. Nire ustez, helburuak eta lorpenak parean jartzean egiten da onurei buruzko hausnarketa, eta horretarako goizegi dela esango nuke, hasieran jarritako helburuak, nik oker ulertu ez banu, luzerako zirelako. Urtebetean egindako ikuskizunak edo kultur ekintzez gainera, hiriburu izatearen garrantzia Donostiako eta Gipuzkoako kultur egiturak indartzea eta sareak sortzean zegoela esaten zuten antolatzaileek.

Artearen ikuspuntutik begiratuta zaila da jakitea Donostia 2016 delako horrek zerbait aldatu duen Donostian edo Gipuzkoan. Lehen esan dudan bezala, goizegi da ondorioak ateratzeko, baina urtea joan den moduan ikusita ez dut uste artearen alorrean gauzak gehiegi aldatu direnik. Donostian eta Gipuzkoan arteak 2015. urtean bezalaxe jarraitzen duela sumatzen dut, edo zerbait okerrago, Kalostraren itxieraren ondoren eta Koldo Mitxelenako erakusketa aretoaren etorkizunaren zalantzaren inguruko zurrumurruei kasu egin behar badiegu.

Artearen sareak ez dira gehiegi aldatu, behin-behineko proiektuak egon dira 2016. urtean zehar, baina ez dakigu jarraipena izango duten hurrengo urteetan, edo hurrengo urteetan ez dutela jarraituko sumatzen dugu diru kontuak dauden bezala ikusita.

Erakusketak izan dira artearen oinarria berriz ere, aurrekontuaren diru kopuruari erreparatzen badiogu. Bake Ituna izeneko erakusketa izan da arte egitarauaren ardatza, eta gehiegizko informazioan galduta jarraitzeaz gainera, ez dakit zer gehiago eskaini dion bertako arte munduari. Agian ikerketa taldeak eta jakintza gehiago zabaltzea espero nuen, baina beldur nago katalogo mardula laga duen beste erakusketen modura desagertuko ote den.

Bestalde, ez dut uste arte egiturak ere gehiegi aktibatu direnik. Donostian eta Gipuzkoan geneukanarekin jarraitzen dugu. Hiriburutza kultur etxeetako erakusketa aretoen arteko sarea antolatzeko balia zitekeen, edo azpiegituren arteko koordinazioa hobetzeko, edo, agian, parte hartzaile bakoitzaren zereginak hobeto zehazteko. Koldo Mitxelenako erakusketa aretoak, Tabakalerak, San Telmo Museoak, Kultur etxeetako aretoak, Kutxak Kursaalen eta Tabakaleran dituenak, berdin-berdin jarraitzen dutela ematen du. Espero dut energia olatua izan behar zuenak ez desagertzea iritsi zen modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.