Ismael Manterola
BEGIZ

Tortura

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Galesen ospatu den Postcolonial Spain izeneko kongresuan azaldu da gaia. Torturari buruzko atalean aurkeztutako hitzaldi batean, torturaren ikusgarritasuna/ikusgarritasunik eza azaldu ziguten. Espainian tortura ezkutatzea lortu dela zen argumentu nagusia, eta adibide moduan arte edo beste irudikapen esparruetan gaia ia ez dela aztertu jarri zuen hizlariak. Bestalde, kontrako jarrera hartu dute nazioarteko ikus-entzunezkoetan, batez ere modan dauden serieetan, torturaren banalizazioa eta justifikazioa gero eta ugariago azaltzen dutenean. Noren kontra (terroristen kontra, gehienetan islamiarrak) eta zertarako egiten den (ekintza hilgarriak ekiditeko) justifikatuko lukete tortura telebista kate handiek sortzen dituzten audientzia handiko serieetan.

Ikusgarritasunaren/ikusgarritasunik ezaren joera horien artean Euskal Herria zertan dagoen pentsatzeko aukera izan nuen hitzaldia bukatu ondoren, eta, gehiegi aztertu gabe, konturatu nintzen Euskal Herria Espainiako ikusgarritasunik eza orokorrean sailkatu dezakegula. Ez da ohikoa torturari buruz hitz egitea gure arteko arte plastikoetan; agian musikan eta literaturan gehiago, baina ikus-entzunezko lanetan ere, zaila da torturaren gaia topatzea.

Bi arrazoi egon daitezke torturaren gaia artistentzat intereseko ez izateko: bat, erakundeetatik babesten den memoria ofizialak gaia ezkutatzea lortu duela, eta bi, autozentsura, ez baita erraza Espainiako estatuan indarrean dauden legeei aurre egitea arrisku handiak hartu gabe (Mozal legeari adibidez). Galesko kongresuan azaldutako beste iritzi baten arabera, Euskal Herriko torturaren kontrako taldeek egindako lanak irudikapenaren esparrua beteko luke.

Badakigu Euskal Herriko terrorismo egoerak berandu hasi zirela arte plastikoetan sartzen. Jende askok ez zuen ulertzen zergatik biolentzia jasaten zuen herri batean arteak ez zuen testuinguru horretaz hitz egiten, sarritan fikzioak zuzenean esan ezin daitezkeen egoerak aztertzeko balio duela jakinda.

Hala ere, irudikapena ez zen erraza gatazka egoera batean, artearen arriskuak handiak direlako. Hor dago, adibidez, lehen aipatutako banalizazio arriskua edo distantzia kritiko nahikoa ez izatea gai zail batzuk irudikatzeko. Bestalde, lehen esan bezala, Espainiak sortutako sare polizial eta judizialak ez du erraztu pentsamendu kritikoaren garapena, eta, beste aldean ere, ez zen erraza kritika adierazpenak egitea ostrazismoan edo okerragoetan erori nahi ez bazen.

Azkenik, badirudi gatazka guztiek berrogeialdi antzeko bat behar izaten duela errepresentazio normalizatura pasatu arte, eta torturak, jarraipena duen praktika denez (lehen aipatu bezala, noren kontra eta zergatik egiten den kontuan hartuta), oraindik urte batzuk beharko ditugu artearen gai arrunt bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.