Haizea Barcenilla
BEGIZ

Edertasunaz gozatzea

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko beira-arasetan hainbat zeramikazko ontzi zoragarri ikusiak genituen cicerone lanak egiten ari zitzaidan Sho Hagio japoniar euskaltzaleak eta biok, hamar pieza hauen aurrean iltzatuta geratu ginenean. Binaka kokatutako plater laukizuzenak ziren, hauskortasunagatik paperezkoak ziruditenak. Edo kartoizkoak bederen, marroi apal bateko hondoa zutelako, puntutxo ilunagoz josia. Gainazal honetan plater bikote bakoitzak marrazki eder bat zuen, ontzi batean hasi eta bestean jarraitzen zuena; eta irudiarekin batera, poema antza zuten hitzak bietan ere. Ogata Kenzan XVII. mendeko zeramikariaren lana ziren.

Wakak zirela azaldu zidan Shok, hots, bost esaldiz osatutako poema tradizionalak. Lehen hiru esaldiek haiku bat osatzen dute, eta plater batean kokatu zituen Kenzanek; azken biek haiku horri bukaera ematen diote, eta bigarren platera zegokien. Beraz, bi atalak beharrezkoak dira poema zein marrazki osoa ikusteko.

Erakusketan bost zeuden arren, ehun plater bikote egin zituen artistak, erabilgarriak izateaz gain, kultur-jolas bat ere baitzirelako. Hain zuzen, Ogura Hyakunin Isshu izeneko obra osatzen duten VIII. eta XIII. mendeen artean idatzitako ehun waka bilduma irudikatzen dituzte. Kultura maila altua izateko, ehun poema horiek jakitea nahitaezkoa da Japonian, eta zeramikok modu jostagarrian helburua lortzen laguntzen zuten.

Janariarekin batera jolas egin zitekeen: aurrenengo plateretik jaten hasi eta poemaren lehen atala gutxika agertzen zenean, marrazkiaz gozatzeaz gain, bigarren atala asmatu behar zen. Janaririk gabe ere jolas egin zitekeen, kartak balira bezala gainazal batean hainbat bikote nahasiz, eta atal bakoitzari zegokion bikia bilatuz.

Liluragarria egin zitzaigun bioi horrenbeste alderdiren lotura: jostaketa eta kultura, literatura eta marrazkia, gastronomia eta poesia. Guztia, Mendebaldean, ezjakintasunez eta egozentrismoz, goi mailako artea kontsideratuko ez genukeen zeramika baten barnean. XVII. mendean bazekiten jada zein erraza den edertasunaz gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.