Atentatuak Katalunian. Islamofobia. Mohamed Ahsissene. Ikertzailea 

«Salbuespena dira ekintza xenofoboak»

Kulturen arteko talka dela eta, gazte musulmanek identitate hutsune bat izan dezaketela dio Ahsissenek: «Erradikalek izaera falta hori aprobetxatzen dute».

BERRIA.
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Musulmanen aurka egindako erasoek ez dute harritu Mohamed Ahsissene (Tetuan, Maroko, 1980). Ikasketengatik joan zen Bartzelonara, eta, jada ikasle zenean, komunitate musulmanak gizartean integratzeko zituen zailtasunak ikusita, erakunde bat sortu zuten bi kulturen artean zubiak eraikitzeko. Zuzenbideko irakasle da Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean, baita Euro Arab erakundeko bozeramailea ere. Batez ere, kultura, ekonomia eta politikako arloak lantzen dituzte, gazteei gizartean integratzen laguntzeko. Helburu nagusia aurreiritziak amaitzea dela dio: «Mesfidantza handia dago bi gizarteen artean»,

Atentatuaz geroztik, gora egin dute gorroto mezuek. Islamofobiaz hitz egin dezakegu?

Bai, argi gainera. Ez da kontzeptu berria, baina, azkenaldian, berpiztu egin da. Batez ere, migrazioaren hazkundeagatik eta terrorismo jihadistagatik. Hainbat arlotan nabari da. Nabarmenena hezkuntza sisteman da. Ikasketa prozesuan, ez dira ezagutza pedagogikoak lantzen, eta ez dagokultura desberdinetako ikasleei gizarteratzen laguntzen dien jarraibiderik. Hori dela eta, baztertuta senti daitezke. Izaera propio bat eratzen hasten dira, eta zenbait kasutan okerreko identitate bat sortzen dute, biolentzian edo muturreko erlijioan oinarrituta

80 erakunde musulmanek elkarretaratzea egin zuten, asteartean, Bartzelonako atentatua gaitzesteko. Badirudi komunitate musulmana etengabe desenkusatu behar dela gertatutakoaz.

Musulmanek ez dugu zertan desenkusatu atentatuagatik. Komunitate guztiak horrelako ekintza basatien aurka daude. Baina kontuan izan behar da hiltzaileek Islamaren izenean hiltzen dutela. Musulman moduan, zerbait egitearen beharra sentitzen dugu; ez erantzule gisa, mota honetako indarkeria amaitu nahi duen talde gisa baizik.

Atentatuaren biharamunean, eskuin muturreko hainbat talde kalera irten ziren musulmanen aurkako protestak egitera. Bartzelonako bizilagunek, ordea, manifestazioa geldiarazi zuten. Bitartean, Tarragonako meskita bati eraso egin zioten. Nola ikusten dituzu ekintza hauek?

Horrelako ekintza xenofobo eta arrazistak salbuespenak dira. Gizartearen gehiengoa musulmanak estigmatizatzearen aurka dago.

Datuen arabera, Espainiako Estatuan ia bi milioi musulman daude. Horien laurdena Katalunian bizi da. Zein da haien errealitatea?

Kasu bakoitzaren arabera, errealitatea aldakorra da. Hala ere, komunitate musulmanaren gehiengoa gizarte maila baxukoa da. Klase bereko kataluniarrek pairatzen dituzten zailtasun berak dituzte, hala nola langabezia eta hezkuntzarako aukera falta. Arazo horiei beste faktore bat gehitu behar zaie: arrazismoa. Pertsona horientzat oso zaila da, esaterako, etxe bat eskuratzea edo lan bat lortzea. Etxebizitzen kasuan, etxearen jabeak izen arabiar bat ikusten duenean, atzera botatzen da, eta lan elkarrizketa batera emakume bat zapiarekin joaten bada, ziurrena da lana ukatzea.

Nolakoa zen Kataluniara iritsi zen lehen belaunaldia?

Komunitate musulmanaren lehen belaunaldiaren profila oso apala zen; gehienak langileak ziren, eta ezkutuan iritsi ziren Kataluniara. Eraikuntzan eta nekazaritzan aritzen ziren, gutxi batzuk hirugarren sektorean. Aipatzekoa da, era berean, gehienak gizonezkoak zirela, eta bakarrik etortzen zirela, familia jatorrizko herrian utzita. Aurrerago, familiak batzen hasi ziren, eta Marokon jaio arren Katalunian hezi den belaunaldia sortzen hasi zen. Horri bigarren belaunaldia deritzogu.

Bigarren belaunaldikoak, nahiz eta Katalunian jaiotakoak izan, aurreiritziak direla eta, kanpotar izendapena hartzen dute gizartearen aurrean. Noiz uzten diete immigrante izateari gizartearen ikuspuntutik?

Maila sozialean gora eginez gero, immigrante izateari uzten diote. Hau da, gizarte maila baxuko musulman batek pobre izateari uzten badio, gizarteak ez du kanpotar bezala ikusiko. Esaterako, Katalunian asko dira turista arabiarrak, dirudunak direnak. Inork ez ditu mairutzat hartzen.

Belaunaldi berriek erlijio musulmanean sinesten jarraitzen dute edo fededun gutxiago dago?

Erlijio musulmanaren fededun kopuruak gora egin du. Izan ere, minduta sentitzen dira bertakogizartearekin, eta identitate propio bat sortzen saiatzen dira. Hala ere, deigarria da belaunaldi berrietako gazteen islama interpretatzeko modua: erlijio guztiak bezala, islama ere etengabe ari da aldatzen, baina badirudi hainbat gazte beraien gurasoek erakutsitako islam ereduan harrapatuta geratu direla. Hau da, erlijioaren eta Marokoren irudi finko bat dute, gizartea eta erlijioa elementu aldaezinak izango balira bezala. Hori dela eta, esaterako, gazte horiek Marokora joaten direnean, eta errealitatea ikusten dutenean, kulturen arteko talka gertatzen da; nortasuna falta zaiela sentitzen dute. Ez dira ez marokoarrak, ez kataluniarrak sentitzen. Erradikal erlijiosoek hutsune hori baliatzen dute gazteak erakartzeko. Gorrotoz betetako ideologia batean sinestera behartzen dituzte, euren iritzia ez den edozein iritziren aurka indarkeriazko ekintzak egiteko.

Hainbat komunikabidek zuzenean lotu dituzte erlijio musulmana eta jihadismoa. Auzi honetan, zein da hedabideen papera?

Funtsezkoa da hedabideen papera. Oro har, ez dago gaiaren inguruko aditurik. Profesionaltasun handia falta zaie, eta ezjakintasun handiz aritzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.