ELAk hezkuntzako lan baldintzez aritzeko mahai bat eskatu dio Jaurlaritzari

ELAk ekarpenak egingo dizkio Hezkuntza Legearen aurreproiektuari. Negoziaziorik ezean, prest daude mobilizazioak eta grebak egiteko

Sindikatuen protesta, Gasteizen, hezkuntza ituna sinatu zutenean. R.G. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Beste zenbait eragilek bezala, ELA sindikatuak ere argitu du zer ekarpen egingo dizkion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroari. Prest agertu da horien inguruan Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Legebiltzarreko alderdiekin eztabaidatzeko, eta, bide horretan, lan baldintzei buruz jarduteko mahai bat eratzea galdegin dio Jaurlaritzari. Ordea, negoziaziorik egon ezean zer egingo duen ohartarazi du: «[ELAk] Hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera, mobilizazioak eta grebak sustatuko ditu, hezkuntza eredu propio baten alde eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko lan baldintzen alde».

Gaur-gaurkoz, «hutsuneak» ikusten dizkio dokumentuari. Lan baldintzei erreparatuta, eskaera historiko bati ere egin dio aipamena; egonkortasuna lortu beharrari, alegia: «Ibilbide zehatz bat adostu behar da hezkuntza publikoan behin-behinekotasuna hiru urtean %8tik behera kokatzeko». Itunpekoari dagokionez, uste du sare publikokoarekin parekatu behar direla bost urtean. Eta, oro har, hezkuntzan lanpostu gehiago behar direla nabarmendu dute.

Bertatik eta euskaraz

Hezkuntza ereduaren aldaketaz ere badute zer esana. Iruditzen zaio curriculuma bertan ondu behar dela. Halaber, ikasmaterialgintzan ere autonomia galdegin du, baita euskara gehiago eskaintzea ere: «Irakats hizkuntza izateaz gain, euskararen presentzia eskolaren jarduera guztietan bermatu behar da —jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, jolas orduen zaintzetan, autobus zerbitzuetan...—, baita euskararen erabilera neurtu ere».

Segregazioari aurre egiteko neurriak ere baditu: ikasle zaurgarriak eta zaurgarri ez direnak modu proportzionalean banatzea, eta eskola orok ikasle zaurgarrientzako lekuak gordetzea.

Beste gai korapilatsu bati ere heldu dio. Esan du nahi duten itunpeko eskolei publifikatzeko bidea zehaztu behar zaiela; besteak, berriz, doan izango dira, eta gardentasunez arituko dira: «Finantzaketa publikoa jasotzen dutenek kontuak argitaratu beharko dituzte. Gardentasun Mahai bat sortu beharko da sindikatuekin, guraso elkarteekin eta alderdi politikoekin».

Hori guztia egin ahal izateko, hezkuntzarako diru publiko gehiago jartzea nahi du sindikatuak: BPG barne produktu gordinaren %4,7 hezkuntzarako erabiltzea du jomuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.