Albistea entzun

1936ko gerrako memoria guneen sarea landu du Nafarroako Gobernuak

1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo diktadurak Nafarroan eragindako indarkeria guneen webgune bat aurkeztuko du
Berako bunkerra da webgunean ageri diren fitxetako bat.
Berako bunkerra da webgunean ageri diren fitxetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko abenduak 1 - Iruñea

Memoria guneen sareari buruzko webgunea aurkeztu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariarekin batera. Duela hiru urte onartu zen memoria tokiei buruzko foru legea, eta hamazazpi toki aitortu ziren. Webguneak, hain zuzen, hamazazpi toki horien fitxak dakartza, baita Pirinioak memoria eta muga izeneko ibilbidea ere.

«Gune horietan bizi izan zen indarkeriaz eta izuaz galde ahal izango diogu geure buruari. Askotan egon gara toki horietan, itzaltzen ari ziren oihartzun horiei buruz ezer jakin gabe». Halaxe azaldu du Ana Ollok egitasmoaren helburua. Hamazazpi fitxa horietan, 36ko gerra eta diktadura bultzatu zutenen indarkeriaren gertaerak daude: krimenak eta lurperatzeen hobiak, emakumeak umiliatuak izan ziren tokiak, atxilotuak espetxeratu zituzten kartzelak, muga ixteko asmoz defentsarako eraiki ziren gotorlekuak...

Ollok argi utzi du denborarekin fitxa gehiago izango dituztela, «zoritxarrez», jazarpen frankistaren «gune gehiago» baitaude Nafarroan. Informazioa memoriaren arloan ibiltzen diren elkarteei, tokiko erakundeei, ikastetxeei eta lehen aldiz iragan traumatiko horri buruz jakin nahi duten bisitariei zuzenduta dago.

Webgunera joz gero, honako toki hauek ageri dira: Babesaren muga iheslaria eta erbesteratuen omenezko eskultura, Elizondon; Erronkari eta Zaraitzu arteko errepidea eraikitzeko lanetan izan ziren presoei ostatu eman zien Igariko barrakoiaren erreplika; Artesiagan, Iruritatik Eugira doan errepidea eraiki zuten frankisten gatibu izan ziren langile esklaboen omenezko Bidegabeko bidea eskultura; Auritz inguruan, Ibañeta mendatean barrena muga inguruan diren sei bunker; Bera, Lesaka, Erratzu eta Eugi inguruko bunkerrak; Berako eta Erronkariko hilerriak; Ezkabako gotorlekutik 1938ko ihesean oinarritutako GR 225 ibilbidea; Erronkariko eskola, presondegi bihurtu zutena; Legarreako leizea, Gaztelun...

Guneetako batzuk bultzatu dituzten elkarteen informazioa ere bildu dute, joaten direnak haiekin harremanetan jartzeko edo bisitak antolatzeko. Pirinioetako ibilbidea ere aurkeztu dute, zeina «erbesteari eta bortxazko lanei loturik» dagoen. Dena den, Gastonek aurreratu du udaberrian ibilbide eta fitxa gehiagoren berri emango dutela: «Espero dugu erreminta baliagarria izatea ikastetxeentzat, tokiko erakundeentzat, memoria elkarteentzat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozialeko kideak, duela bi aste Donostian eginiko agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Estatuko biktimen» argitu gabeko kasuak agendan kokatzea nahi du Foro Sozialak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

364 dira Espainiako talde parapolizial edo polizialek hildako euskal herritarrak, eta horietatik %38 daude argitu gabe. Egiaren batzordean, txosten ofizialetan eta sekretu ofizialen lege berrian «sakontzea» nahi du foroak, biktima «guztiek» izan dezaten «egia» jakiteko aukera.

Omenaldia, gaur goizean, Donostian. ©Juan Herrero / EFE

Ramon Diaz oroitu dute Loiolan, ETAk hil eta 21 urtera

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Senide eta lagunek omenaldia egin diote Donostian, ETAk hil zuen lekuan.

Euskal presoen eskubideen alde urtarrilean Bilbon egindako manifestazioa. ©Aritz Loiola / FOKU

Bertze zazpi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Asier Garcia, Imanol Miner, Lierni Armendariz, Bittor Franco, Iñaki Reta, Gotzon Aranburu eta Xabier Zabalo dira Euskal Herrira ekarriko dituzten euskal presoak. Eusko Jaurlaritzak erabakiko du zer espetxetara lekualdatuko dituzten.

Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Ramon Zallo eta Iñaki Lasagabaster, gaur goizean, Donostian, hausnarketa dokumentua aurkezten. ©Andoni Canellada / FOKU

Espetxe zaintzako eskumena Euskal Herriratzeko eskatu du Sarek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren jarrera salatu du euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak, hausnarketa txosten batean. 2003az geroztik dago Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.