Laminaciones Arreguiko langileek Jaurlaritzari eskatu diote inplikatzeko

Protesta egin dute enpresak bederatzi langile kaleratu nahi dituelako. Zuzendaritzari galdegin diote alboratu dezala «aldebakarreko bidea»

Langileen protesta, atzo, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Kaleratzeen mehatxua dute gainean, ostera ere, Celsa Atlantic-eko langileek —garai bateko Laminaciones Arregui—, eta mobilizazioak eta lanuzteak egiten ari dira horien kontra otsail hasieratik. Siderurgia taldeak Gasteizko eta Urbinako (Araba) lantegietako bederatzi behargin kaleratu nahi ditu, eta langile batzordeak salatu du zuzendaritzak ez duela hartu nahi lantaldea murriztea ez den beste neurririk. Gatazka betean dira enpresak negoziazioak bukatutzat eman zituenetik. Hori dela eta, beharginek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezala auzian, kaleratzeak eragotzi eta bi lantegien bideragarritasuna bermatzeko. Protesta egin zuten, atzo, Gasteizen, gobernuaren egoitzaren aurrean.

Abenduan eman zien enpresak kaleratze asmoen berri, eta, ordutik, negoziatzen aritu dira langile batzordea eta zuzendaritza, alternatibak bilatzeko. Eusko Jaurlaritza bitartekari gisa ere izan zen orduan, baina akordiorik lortu ez, eta enpresak bukatutzat jo zituen bilera horiek hil hasieran. Bada, lan gatazkan inplikatzeko eskatu diote beharginek berriz ere gobernuari. «Enplegu sailarekin bitartekaritza egiten saiatu ginen, baina ez zuen emaitzarik izan. Industria Sailari egin diogu eskaera orain, enplegua eta Arabako lantegien etorkizuna berma ditzan», adierazi du David Garcia langile batzordeko presidenteak.

Itxieraren beldur

Bilera eskatu diote Jaurlaritzari, gatazkaren nondik norakoak azaldu eta balizko konponbideak adosteko. Izan ere, kezkatuta daude zuzendaritzak proposatutako kaleratze horiek gertatuz gero, gehiago ere egon daitezkeelako luze gabe. «Arazoa ez da langile batzuk kaleratu nahi izatea orain, baizik eta horren ondoren enpresak bide beretik jarraitu nahi izatea». Beldur dira horrek berekin ekar dezakeelako Celsa Atlantic enpresak Araban dituen bi lantegien itxiera programatua.

Langile batzordeak salatu du lantaldean murrizketak izan direla azken urteetan, eta ez dagoela gehiagoren beharrik. «Neurriak hartu ziren dagoeneko arlo horretan», azaldu du Garciak. 2012tik dator gatazka Arabako Celsan: enpresak erregulazio txostena aurkeztu zuen 178 behargin kaleratzeko, baina auzitegiek baliogabetu egin zuten erabaki hura, eta langileak berriz hartzera behartu zuten. Protesta ugari izan ziren orduan ere.

Azken bi urteetan, hala ere, aldi baterako erregulazio planak egin ditu zuzendaritzak, eta kaleratzeak izan dira. Garciaren hitzetan, 2012an 360 langile ari ziren Arabako bi plantetan, eta lau urte geroago 160ra murriztu zen zenbateko hori. 2018an, berriz, 140 behargin ziren guztira, eta egun, 106 bat ari dira. «Murrizketak egon dira, horrenbestez; argi eta garbi». 2016ko eta 2018ko txostenei langile batzordeak ez zien errekurtsorik jarri, negoziazioak abiatzea lortu zutelako. Oraingoan, ordea, salatu dute zuzendaritzak ez duela beren proposamena entzun ere nahi izan.

Horiek horrela, langileek enpresari galdegin diote azken zortzi urteetan izandako «aldebakarreko bidea» alboratzea, «ez baitie inolako onurarik ekarri ez Celsa taldeari ezta langileei ere». Arabako bi lantegien jarduera eta enplegua bermatuko duen planaren aldeko apustua egitea ere galdegin diote.

Bitartean, mobilizazioei eutsiko dietela jakinarazi dute beharginek. Lanuzteak egiten ari dira hil hasieratik: bi orduko geldialdiak egin dituzte txanda bakoitzean, asteko bi egunetan. Batzordearen arabera, %99ko erantzuna izan dute mobilizazio horiek. Horrez gain, iragarri dute ostegunetan ere manifestazioak egingo dituztela Gasteizen, 2012ko protestetan egin zuten moduan. Atzo egin zuten aurrenekoa.

Voitheko langileak greban

Ibarrako (Gipuzkoa) Voitheko beharginak ere greba egitera deituta daude sei egunez: martxoaren 4, 11, 17, 18, 24 eta 25ean egingo dute. Langile batzordean ordezkaritza duten bi sindikatuek antolatu dute —ELAk sei ordezkari ditu, eta LABek, hiru—, eta «langileen babes zabala» jaso du.

Lanuztearen bitartez, lortu nahi dute zuzendaritzak enpresa hitzarmena betetzea, sindikatuen ustez hari izkin egiteko neurriak hartu dituelako azken urteetan. Batetik, salatu dute azpikontraten eta ABLE aldi baterako lan enpresen erabilera areagotu egin duela lan batzuk egiteko. Bestetik, saiatzen ari da lan hitzarmena ez aplikatzen «gazteei eta emakumeei», haien «kalteberatasuna baliatuta».

«Egoera ez da nobedade bat. Dagoeneko izen handiko enpresa gehiegi dira, batik bat industriaren sektorean, berdin jarduten dutenak. Lan erreformek beren eskura jarri dituzten lege trikimailuak erabiltzen dituzte, hainbeste borroka eta greba egun kostatu zaizkigun lan eskubideak baztertzeko», adierazi du ELAk zabaldutako agiriak.

Ibarrako Apatta industrialdean dauka fabrika Voithek, eta papergintzarako makinak egiten ditu. Haren jabea Voith multinazional alemaniarra da. Lan hitzarmena langile guztiei ezartzeko duela urtebete abiatutako negoziazioak desblokeatu nahi dituzte sindikatuek. «Hitzarmena errespetatzeko dago, eta guztiona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.