Kataluniako hauteskundeak. Kanpaina 

A-21ean «estatu ikuskerarekin» botoa ematera dei egin du Carles Puigdemontek

Junts Per Catalunyak hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin du. Espetxetik mezua igorrita, Sanchezek esan du JPCren aldekoa «duintasunaren botoa» dela

Carles Puigdemont bideo konferentziaz hitz egiten, Junts Per Catalunyak atzo egindako ekitaldian. TONI ALBIR / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Urriaren 1aren bigarren itzulia eta urriaren 3aren 27aren berrespena» izango dira abenduaren 21eko hauteskundeak, Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratu eta Junts Per Catalunyako zerrendaburuaren arabera. Eta, bozketa horretan, «estatu ikuskerarekin» botoa ematera deitu du, «garaitutako autonomia baten mentalitatearekin» bozkatu beharrean: «Aukera bat da duintasuna, askatasuna eta demokrazia defendatzeko, azken 40 urteetako suntsitze saio handienaren aurrean». Puigdemontek gogoan izan du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea— preso dago ERCko zerrendaburua—, baina azpimarratu du «presoak kaleratzea eta erbesteratuak itzultzea bermatzen duen botoa» JPCren aldekoa dela.

Puigdemonten hautagaitzak atzo egin zuen hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia, Bartzelonako Vall d'Hebrongo kiroldegian, eta, Bruselatik konexioa eginez, hitz egiten azkena izan zen Puigdemont. 2.000 bat lagunentzako aretoa bete zuen JPCk, jertse, lepoko, xingola eta bestelako elementu horiz bete ere, Espainiako Hauteskunde Batzordearen debekuei erantzuteko. Aretoa beteta, berotu egin zen giroa; haizatu ziren senyera-k eta Europako Batasuneko banderak —apenas zegoen esteladarik—, eta txalo artean eman zioten ongietorria Artur Mas Generalitateko presidente ohiari. Han izan ziren PDECateko beste buruzagi batzuk ere, Marta Pascal, Joana Ortega eta Xavier Trias, kasurako.

Txalo horiek, ordea, txiki geratu ziren hautagaiak agertokira igo eta Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari eta preso ohien txanda iritsi zenean. Bolumena are gehiago igo zen Jordi Sanchez ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente ohi, JPCko zerrendako bigarren eta presoaren mezu bat zabaldu zutenean: «JPCri botoa ematea duintasunaren botoa da. Eskura dugu Puigdemont presidentearen garaipena, orain ezin diogu bizkarra eman».

Sanchezek eta Turullek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea izan zuten hizpide. Biek azpimarratu zuten hura dela garaitu beharreko arerioa. «Rajoyren eta 155.aren gorte mediatiko osoaren porrot handiena izango litzateke abenduaren 21ean atera behar izatea, aitortzera, Puigdemontek irabazi dituela hauteskundeak».

Presidentearen karta

Junts Pel Si errepikatzeko saioa baztertuta, PDECatek berriro aukeratu du alderdiaz harago doan zerrenda batean aurkeztea, eta Puigdemont presidentearen figura eta haren egoera pertsonala eta judiziala da hautagaitzaren ardatza. Presidentea itzul dadin, presidenteari eman behar zaio botoa, dio haren iragarkiak, eta Elkarrekin presidentearen alde leloak. Azken urteetan PDECaten babes mailak behera eginda, iritzi orokortua da, duela bi urte Junts Pel Si koalizioaren altzoan egin bezala, emaitza kaskarrak ezkutatu edo, ahal den neurrian, txukundu nahi dituela zentro-eskuin subiranistak.

Horrek azal dezake alderdiak berak zerrendaren osaeran duen pisu eskasa. Politikagintzako eta beste sektore batzuetako pertsona ezagunekin, preso politikoekin, erbesteratuekin eta PDECateko kide batzuekin osatu dute Junts Per Catalunya hautagaitza. Guztien buruan, Bartzelonako zerrendan, Puigdemont, eta lehen postuetan, Sanchez, Clara Ponsati erbesteratutako kontseilaria, Turull eta Rull.

Hortaz, sinbolismoz betetako hautagaitza da hauteskundeak irabazteko lehiatuko dena, eta sinbolismo hori elika lezake Puigdemonten balizko itzulerak. Hark ukatu du abenduaren 21a baino lehen itzultzeko aukera, Espainiako Estatuan sartuz gero atxilotua izateko arriskuan legokeelako. Irabaziko balu, ordea, litekeena da inbestidura saiora aurkeztea eta, horretarako, Kataluniara itzultzea. Bruselan lasai egon daiteke, haren kontrako estradizio eskaera erretiratu baitu Espainiako Auzitegi Gorenak.

Irabazteko aukerak urrun zirudien duela aste batzuk, baina, hauteskundeen eguna gerturatu ahala, inkestek diote goranzko joera duela JPCk, eta ERCren bizkar ari dela hazten. Zenbait inkestaren arabera, paretsu leudeke subiranismoaren bi indar nagusiak, eta, horien neurri berean, Ciutadans ere.

Madril, ogasunaren aurka

Espainiako Gobernuak ministroen kontseilua egin zuen atzo, eta hainbat ekinbide jarri zituen martxan Generalitateak alor ugaritan garatutako neurriak bertan behera uzteko. Batetik, Diplocat Kataluniako diplomazia erakundea desegin du. Bestetik, baliorik gabe utzi ditu Kataluniako sektore publikoak estatuko zergak ogasun propioaren bidez ordaintzeko neurriak. Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, «ogasun katalana garatzeko formulak» indargabetu ditu Madrilek; «Estatu egitura esan izan diotena».

Argudiatu zuen «autonomiaren eskumenak gainditzen» dituela Generalitateak sektore publikoko zergak zentralizatzeko asmoak, eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena baliatuta hartu ditu neurriok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.