Somalian lau milioi lagun elikagai behar larrian izango dira apirilerako

Desplazatuak urte hasieran halako hiru dira orain herrialdean. Afrikako Adarra azken 40 urteetako lehorterik gogorrena jasaten ari da

Emakume talde bat, ura biltzen, Somaliako Baligudable eskualdean. M.N. / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Somaliako lau milioi herritar baino gehiago gutxieneko elikagairik gabe gelditzeko arriskuan izango dira apirilerako, NBE Nazio Batuen Erakundearen MEP Munduko Elikadura Programaren arabera. Laguntza humanitarioaren beharraz ohartarazi zuen atzo MEPek, eta jakinarazi, oraingoz, Somaliak 2022rako beharko lituzkeen funtsen %3 baino ez dituela jaso.

Somaliarekin batera, Etiopia eta Kenya ere laguntza beharrean dira, giza hondamendi bat saihesteko. Afrikako Adarra azken lau hamarkadetako lehorterik gogorrena jasaten ari da, 2019tik ez delako izan ohiko euri sasoirik. Orotara, 7,7 milioi herritar daude elikagai faltan.

«Egoera oso larria da, eta azkar ari da okerrera egiten», Adam Abdelmula NBEren Somaliako koordinatzaile humanitarioaren esanetan. Azaldu duenez, ur eskasiak bizitzeko euskarririk gabe utzi ditu artzaintzatik bizi diren komunitateak, eta gaixotasunen agerraldiak ere eragin ditu, higienea mantentzea askorentzat ezinezkoa delako; bereziki, desplazatuen kanpalekuetan.

Hain justu, presioa geroz eta handiagoa da Somaliako kanpalekuetan, lehorteagatik etxetik ihes egin behar izan duten herritarrak joan den urtarrilean halako hiru dira orain, NBEren Auzi Humanitarioetarako Koordinazio Bulegoaren arabera. 245.000 desplazatu ziren lehen, eta jada 671.000 dira.

Lehortearen ondorioz, gosea hedatzen ari da. NBEren bulegoak jakinarazi du 26.000 haur ospitaleratu zituztela joan den urtarrilean desnutrizio larriagatik; iazko abenduan baino 7.000 haur gehiago. Eta ur eskasia luzatu egingo da oraindik. Iragarpenen arabera, lehorteak iraun egingo du aurten. Beraz, gosetearen arriskua handitu egingo da Somalian, behar besteko laguntza humanitarioa bideratu ezean.

Abdelmulak atsekabea adierazi du NBEk ez duelako lortu laguntza banatzea herrialdearen erdialdean eta hegoaldean. Eremu horiek Al-Shabab muturreko talde islamistaren kontrolpean daude, eta bi milioi lagun inguru bizi dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.