urtzirrutikoetxea
Kataluniako hauteskundeak. LEKU-LEKUTAN

Zirrara Katalunian

2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ez da astebete BECen geundela, liluratuta, Barakaldoko eraikin erraldoitik kanpo mundua han barruan bezain zoragarria izan zitekeela sinetsita. Goizeko unerik hunkigarrienetakoa Unai Agirrek utzi zigun. Bruselara eraman gintuen BECetik —nire irudimena izango zen, baina ohi baino jertse beilegi gehiago ikusi nituela iruditu zitzaidan—, eta agertokira begira, itzulpenarekin segitzen ari ziren atzerriko lagunen artean estelada-k astintzen hasi ziren (berriz ere Herrialde Katalanetatik etorritako glosadore-ak ziren talde handiena. Egunkaria-ren itxieraren 15. urteurrena gainean, ez dugu zalantzan jarriko nor dugun lagun leialena munduan, ezta?). Estelada haiekin batera, «Puigdemont» oihuak edo, zurrumurruak, hedatu ziren ia hamabost mila bertsozaleren artean. Edonori hiru hilotako uneren bati buruz galdetuta, Maddalen Arzallus aipatuko dute askok Doraemonen doinuan Kataluniako lehendakariari kantatzen Irunen.

Apustua biribil irten zaio Puigdemonti. Independentismoaren buru kokatu da nabarmen etxean, eta erreferente erabateko bihurtu da nazioartean. ERC 45 aulkien bueltan eta PDECat hogeitik behera ageri zen duela bi hil baino gutxiago, Madrilek autonomia kendu, Katalunia bere aginte zuzenaren menpe jarri eta hauteskundeak deitu zituenean. Gogorra da espetxean dagoenaren estrategia okerra izan zela esatea, baina gogora ekarri behar da 2014ko azaroaren 9an ere huts nabarmena egin zuela Oriol Junquerasek: beste militante bat gehiago bezala hautes-mahai batean egotea hautatu zuen; sasoiotan mugimendu bat gorpuzten duen pertsonak presentzia mediatiko etengabea behar du horrelako data seinalatuan. Bata mahaitik mugitu gabe, protagonismo guztia Artur Masek bereganatu zuen. Gero, David Fernandezekin besarkada espontaneoak eguna biribildu zuen. Boz hauetan, ERCren apustua lehen indarra izatea bazen, ez dute asmatu. Baina egia izan da bereizita boto eta aulki gehiago lor zitzaketela: ezin jakin batera joanez gero horrelako emaitzarik lortuko ote zituzten. Eta inkestek ziotena betetzera, ERC aurretik gelditzera sor zitekeen arazoa ere aldi baterako estaltzen du: ANCk berak ohartarazi zuen duela astebete Kataluniako president legitimoa Puigdemont dela; ERC gailenduz gero, talka konplikatua gerta zitekeen, 155aren eta Gobernu legitimoaren artean. Alde horretatik, Nafarroaren antzera, Geroa Baik EH Bilduk baino boto gehiago lortu izanak, objektiboki, aldaketa gertatzea erraztu zuen. Zoragarria izan zen Bruselan erbesteratutako gobernukideak elkarrekin agertzea, eta Carles Puigdemontek hitza hartu aurretik Toni Comin ERCko sailburuak (ministroak!) berba egitea; president-aren keinu bikaina, etorkizuna begira batez ere.

Emaitzei dagokienez, nahi diren ñabardura guztiekin, baina bikainak dira independentistentzat, edonondik begiratuta ere (CUPen beharra gutxitu da, baina akatsa litzateke aintzat hartzen ez badituzte). Joko-zelaia aldatuta, epaileak erosita, eta jokalari onenak zelaitik kanpo izanda gailendu dira inoizko oldarraldi handienaren aurrean.

Europa osoko hedabideek bat egin dute Rajoyren zartakoa azpimarratzerakoan. Puigdemontek 34, Rajoyk 3. Independentismoak 70, unionismoak 57, edo bototan ehuneko 48-43. Ines Arrimadas eta Albert Rivera, espainol hutsez biak, ez hainbeste keinu identitario gisa (Katalunian ez dago hizkuntza-arazorik, Espainiatik planteatu gura den gisan), ezpada Espainiara begira baizik. PPk kale eginez gero, marketinak prest du produktu alternatiboa (hil-kanpaiak goizegi jo badizkiete ere, Albert izeneko inor Gaztelako herrietan irabaztetik urrun dago).

Gurean egin bezala, itsu-itsuan profezia idatzi eta errepikatzearen indarrez beteko zela uste izan dute espainiar hedabideek berriz ere. Europan ere lelo hori erosi ei zieten. Ustez hasierako lekura itzuli gara. Baina ezer ez da berdin, ez Europa, ez Espainia ez Katalunia. Lehen aldiz herrialde baten aurkako prozedura abiarazi du Bruselan Batzordeak. Merkelek nahiko lan etxea gobernatzea lortzen. Espainian, hauteskundeak amaitu aurretik berriz ere aktibatu du errepresioaren beso judiziala. Preso politikoen kostua astunagoa da. Eta Espainiak kanporatutako president-a erbesteratura, etxera garaile itzultzea falta da, inbestidurarako. Eutsi emozioei, kapitulu zirraragarriak datoz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.