Koronabirusa

Lapurdiko hiru ikastetxe hetsi behar izan dituzte koronabirusagatik

Bidarteko, Uztaritzeko eta Basusarriko eskolak gutxienez astebetez egonen dira zerraturik. Hegoaldean, 183 talde etxeratu dituzte

Eskola bat itxita, iragan urteko maiatzean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren datuak berriz ere okertzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Azken datuen arabera, zazpi eguneko intzidentzia tasa metatua 221ekoa da 100.000 biztanleko. Erraterako, Lapurdin bi eskola itxi behar izan dituzte ikasle batzuek positibo eman ondotik. Hala, atzotik hasita, Bidarteko eskola publikoa eta Uztaritzeko eta Basusarriko ikastolak astebetez egonen dira hetsirik, gutxienez. Eskola horietako ikasleek birusa detektatzeko proba bat egin beharko dute datozen egunetan.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez izan arren, lurraldea barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan 68 ikasgela zeuden itxita iragan ostiralean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, Eusko Jaurlaritzak 60 ikastetxetako 98 ikasgela hetsi ditu aste honetan koronabirusarengatik, baina ez dute oraingoz ikastetxerik osoki zerratu behar izan. Nafarroan, 85 ikasgela hetsi dituzte 44 ikastetxetan. Hego Euskal Herrian, beraz, 183 ikasgela bakartu dituzte guztira.

Zehaztekoa da eskolaz gain Bidarteko aisialdi zentroa ere hestea erabaki duela herriko etxeak. Izan ere, herriko eskolan 545 ikasle daude, eta ikastetxe ezberdinetako ikasleek elkar ez kutsatzeko hartu dute neurria. Emmanuel Alzuri auzapezak esplikatu du hastapenean ama eskolan atzeman zituztela kasuak, eta gelak itxi behar izan zituztela iragan astean. Baina fite hedatu da gaitza lehen hezkuntzara ere, eta horregatik erabaki behar izan zuten ikastetxea hestea, Pirino Atlantikoetako prefeturarekin eta Ikuskaritzarekin adostuta. Hetsierak iraunen duen bitartean, klaseak distantzian emanen dituzte irakasleek.

Maskara leku zenbaitetan

Egoera epidemiologikoaren okertzeari aurre egiteko asmoz, Pirinio Atlantikoetako Eric Spitz prefetak maskararen erabilera luzatzea erabaki du. Neurria abenduaren 17ra arte izanen da indarrean, baldintza jakin batzuetan. Kanpoko azoketan, elkarretaratze publikoetan eta publikoa hartzen duten egituren aitzinean sortzen diren jende lerroetan erabiltzea beharrezkoa izanen da; karrikan, baina, ez da baitezpadakoa izanen. Eskoletan, udazkeneko oporren sartzeaz geroztik, 6 urtetik aitzina derrigorrezkoa da maskara erabiltzea ikastetxe barnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.