Ekitaldi berezia egingo dute igandean, duela 40 urteko sanferminak oroitzeko

Kalejira egingo dute 11:30ean, zezen plazatik Udaletxe plazaraino, eta han egingo dute ekitaldi nagusia. Egia eta justizia aldarrikatuko dituzte

78ko Sanferminak Gogoan eta Peñen Federazioak atzo emandako prentsaurrekoa. SF 78 GOGOAN.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Aurten, igandean, 40 urte beteko dira Polizia Armatua tiroka eta bortizki sartu zela Iruñeko zezen plazan. 20:45ean hasi eta gau osoan iraun zuten istilu larri haiek ehundik gora zauritu eragin zituzten —horietatik 11 balaz—, eta hildako bat (German Rodriguez). Ondorengo egunetan, hilketaren aurkako protestetan, Donostian, Joseba Barandiaran Astigarragako (Gipuzkoa) gaztea hil zuten poliziek. Horregatik, urtero, gertaera haien inguruko ekitaldia antolatu du 1978ko Sanferminak Gogoan taldeak, baina aurten, 40. urteurrena baliaturik, zerbait berezia egingo dute. 11:30ean, zezen plazatik, kalejira abiatuko da, eta, oldarraldi hartako toki ugaritatik igaro ostean, Iruñeko Udaletxe plazan amaituko da. Han egingo dute ekitaldi nagusia, eta ez aurreko urteetan egin den tokian, Orreaga etorbidean.

Hain zuzen ere, hori izango da aurtengo aldaketa nagusia. Amaia Kowasch 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak atzo arrazoitu zuen German Rodriguezen oroitarriak garrantzi berezia duela, baina, hori alboratu nahi gabe, Udaletxe plazan egin nahi izan dutela ekitaldia «Iruñea izan zelako indarkeria polizialaren biktima eta helburu nagusia».

Atzo eman zuten egitarauaren berri 78ko Sanferminak Gogoan taldeak eta Peñen Federazioak. Igandekoa ez da izango ekitaldi bakarra. Izan ere, urteurrenaren testuinguruan, hainbat jarduera antolatu ditu 78ko Sanferminak Gogoan taldeak. Azaroaz geroztik, kanpaina bat abiatu dute, eta hilero ekintza ugari egin dituzte: dokumentalak, antzerkia, hitzaldiak eta mahai inguruak, flamenko emanaldia, antzerkia, bertsolaritza saioa, argitalpenak, erakusketak... Ostiralean, Dora Salazar artista nafarrak egindako monumentua inauguratu zuten, Orreaga etorbidean, zezen plazatik gertu. Lan horrek hiriak jasandako erasoa sinbolizatu nahi du.

Jarduera guztiok helburu jakin batekin egin dituzte: «Egia, justizia eta ordaina lortzea», azpimarratu zuen Amaia Kowasch historialari eta Egiaren Batzordeko kideak. Ekain hasieran, Iruñeko Udalak bultzatutako Egiaren Batzordeak nabarmendu zuen oraindik Espainiako Barne Ministerioak ez dituela desklasifikatu hainbat paper eta agiri ofizial, eta argi gehiago egin dezaketela gertaeren inguruan. Horregatik, 78 SF Gogoan taldeko kideak Europako Legebiltzarrean izan ziren aurreko astean, aldarrikapen hori egiteko.

Kalejira, geldialdiekin

Igandeko kalejira 11:30ean abiatuko da, eta 1978ko uztailaren 8 hartan bereziak izan ziren tokietan geldituko dira. Adibidez, German Rodriguezen oroitarria dagoen tokian. «Toki horietan esku hartze labur bana egingo da, gertaera haien memoria demokratikoa erreskatatzeko borrokaren barruan toki bakoitzak duen esanahiari lotuta», esan zuen Kowaschek.

Udaletxe plazan, garai hartako hainbat lekukotza entzungo dira, eta agiri bat irakurriko dute justizia eskatzeko. Gainera, Fermin Valenciak Hilarria abestia kantatuko du Kantuz taldearekin. Peñek ere parte hartuko dute ekitaldian, eta plazan pankarta handi bat zabalduko dute. Zezenketen aurretik, aurresku bat dantzatuko dute, eta, amaitutakoan, isilik aterako dira plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.