Presoen harrerak «gune itxietan» egitearen alde hitz egin du Foro Sozialak

Asteburuko harreren gisakoak «zatiketarako elementu» direla uste dute, eta «min erantsia» biktimentzat. Okertzat hartu dute auzibidera jo izana

Jose Jabier Zabaleta Baldo preso ohiari Hernanin larunbatean egindako harrera. JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zeresana eragin dute joan den asteburuan bi euskal presori kartzelatik atera ondoren egindako harrerek. Alderdi gehienek irmo hitz egin dute horrelako ekitaldi publikoen aurka, eta Foro Sozialak ere auzitan jarri du ongietorri horien moldea. Eragile politikoen erreakzioak ikusita, sumatu du «zatiketarako elementu» bihurtu direla ekintza horiek, eta kezka agertu du: «Arriskuan jartzen dituzte presoen alorrean dauden kontsentsuak». Hori saihesteko asmoarekin, Foro Sozialak eskatu du preso ohiei ez diezaietela ekitaldi publikoen bitartez egin harrera, baizik eta «gune itxietan».

Gipuzkoan egin zituzten asteburuan bi ekitaldi. Bat, larunbatean, Hernanin: Jose Jabier Zabaleta Baldo presoari egin zioten ongietorria. 29 urte egin ditu preso—besteak beste, Zarautzen (Gipuzkoa) bost lagun hil zituen eraso bat egotzi zioten—. Bestea, Oñatin, Xabier Ugarte askatu zutela eta. 22 urteko espetxealdia bete du Ugartek —Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahitzea leporatu zioten, besteren artean—.

Harrera ekitaldi horiek «min erantsia» izan dira ETAren biktimentzat, Foro Sozialak ohartarazi duenez. «Hala jakinarazi digute espresuki». Presoen senideek ere «ezinegona» agertu diete: «Gai honek areagotu egiten du haien babesgabetasun sentsazioa». Atzerapausoa ikusi dute, beraz. «Euskal jendarteak ez du onartzen min gehiago eransten jarraitzea jada pilatutako sufrimenduei».

Presoak espetxetik ateratzen direnean nola jokatu, adostasun batzuk badaude, Foro Sozialaren esanetan. Batetik, harrera egitea, bai, baina leku itxietan: «Kaleratzeek presoen senideengan eta ingurune hurbilean eragiten duten pozarekiko errespetuz, eragileak bat datoz ongietorriak espazio itxietan egiteko aukerarekin». Bestetik, biktimei errespetua izatea: «Biktimen minarekiko errespetu osoa, bai eta egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearekiko». Adostasunak akordio batera eramateko premia ikusten du Foro Sozialak: «Akordio horren zutabe izan behar dira salbuespeneko egoera amaitzea, espetxe lege arruntak ezartzea, eta presoek eragindako mina onartzea». Areago, ohartarazi dute ez litzatekeela halako ekitaldirik izango euskal presoek ohiko kartzela legedia balute, inguruarekin ohiko erlazioa izango bailukete.

Harreren harira Ertzaintzak ez du atestaturik egin, ez baitu deliturik sumatu. Espainiako Gobernuak, ordea, fiskaltzara jo du, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean ere badira salaketak. Foro Sozialak dio bide antzua dela. Hori ez, adostasunak sendotzea eskatu du: biktimen mina errespetatzea, presoen senideen sufrimendua aitortzea, eta preso ohiek «ekarpena» egitea bizikidetzaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.