Sareren ustez, «ez da onargarria» Arronategi eta Igarrizen lekualdatzea

Azkarragak esan du presoak Euskal Herritik 250 kilometrora eramanda ez dela urrunketa amaitzen. Jonan Fernandezekin bildu dira

Erredakzioa
Gasteiz
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiarekin bildu zen atzo Sare Herritarra. Helburu batekin, haiek argitu zutenez: «Espetxe politikaren aldaketen inguruan Espainiako Gobernuarekin dituen harremanen berri jakitea, Eusko Jaurlaritzaren bide orriaren berri izatea eta Sarek auzi honen inguruan duen kezka eta aldarrikapenaren berri ematea». Bilera «ongi» joan zela nabarmendu zuen Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak, eta «hainbat iritzi zein lan lerro» izan zituztela mahai gainean. Dena dela, euren «kezka» ere adierazi zioten Sarekoek Bake eta Bizikidetza idazkariari, azken mugimenduek ez diotelako erantzuten «ez legeak dioenari, ez giza eskubideen errespetuari, ez eta jendartearen gehiengo batek maila sozialean zein instituzionalean eskatzen duenari».

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak bezperan iragarritakoaren testuinguruan egin zen atzoko bilera hori. Marta Igarriz Castelloko espetxetik (Herrialde Katalanak) Logroñokora (Errioxa, Espainia) lekualdatuko dutela eta Kepa Arronategi, berriz, Almeriako espetxetik (Andaluzia, Espainia) Zuerako espetxera (Zaragoza, Espainia) eramango dutela jakin baitzen herenegun. Eta lekualdatze horiek ez direla «onargarriak» nabarmendu zuen Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, Jonan Fernandezekin bildu ostean egindako agerraldian. Kepa Arronategi gaixo larri dagoela ekarri zuen gogora, eta etxean egon behar lukeela. Eta Marta Igarriz Logroñora lekualdatuko dutela, baina Espainiako Gobernuaren irizpideen kontra Espetxe Zaintzako epaile batek haren gradu aldaketari ameto eman diolako. «Norbere bizilekutik 250 kilometroa dagoen espetxe bati buruz ari gara, eta joan eta etorri 500 kilometro egin behar direla esan nahi du horrek. Hori ez da urruntze politika amaitzea. Urrunketa amaitzea presoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea da», nabarmendu zuen Azkarragak.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere aritu zen bi preso horien lekualdatzeaz, eta, haren iritziz, urrats hori ez da nahikoa: «Urruntzea amaitzeko eskatzen dugu, preso guztiak Euskal Herrian egon daitezela». Pedro Sanchezi «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko galdegin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.