Altsasuko «hiru urteko labirintoa» salatuko dute hainbat ekitaldiren bidez

Sergio Serraren erakusketa, musika emanaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte azaroan. Lluis Llach Burunda frontoian arituko da

Ekitaldien antolatzaileak, atzo, Altsasun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Azaroaren 14an hiru urte beteko dira Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak Altsasuko zortzi gazteak atxilotzeko agindu zuenetik. Duela gutxi, Espainiako Auzitegi Gorenak auziari buruzko epaia plazaratu du, baina Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek aurrera jarraitu nahi dute beren aldarrikapen eta salaketarekin, eta, atxiloketen hirugarren urteurrena kari, zenbait ekitaldi antolatuko dituzte azaroan, Altsasuko auzia, hiru urteko labirintoa izenburupean.

Bihar bertan izango da kanpaina horretako lehenengo ekitaldia. Altsasuko Burunda frontoian kontzertua antolatuko dute, Txikitasunetik egia erein, eta hainbat taldek parte hartuko dute: A Quemarropa, Nafarroa 1512, Txulapos Muertos, Azken Sustraiak, Iruñerria Jamaica Clash, Suia eta Ama Rebel eta abar. Hainbat gazte elkartek aurreko urriaren 16an auzia salatzeko egindako prentsaurrekoan iragarri zuten jada kontzertu hori.

Astelehenean, azaroak 4, 18:30ean, Sergio Serra artistaren erakusketa inauguratuko dute Preso politikoak Espainia garaikidean izenburupean, Iortia kulturgunean. 2018an, Madrilgo Arco Arte Garaikideko Azokan ikusgai izan zen erakusketa hori, baina zentsuratua izan zen, eta erretiratu egin zuten antolatzaileek: zuri-beltzeko 24 argazki pixelatu dira, eta 74 presori egiten diote aipamen —argazkietako batean Altsasuko gazteak ageri dira—.

Altsasuko antolatzaileek esker on berezia azaldu diote Txatxo Beneti, arte bilduma horren jabeari. Gainera, erakusketari jarraipena eman nahirik, zabaldu egin nahi dute ideia eta zentsuratutako argazkiak gehitu nahi dizkiote. Dei berezia egin diete herritarrei parte hartzeko. Erakusketa azaroaren 30ean amaituko da, eta bideo laburpen bat emango dute.

Kazetarien mahai ingurua

Azaroaren 8an, ostiralean, 18:30ean, Altsasuko auziak ezkutatzen duena aztertuko dute lau kazetarik mahai inguruan: Aritz Intxusta Gara-ko kazetaria, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendaria, Bea Talegon Diario 16-ko kazetaria eta Bertha Gaztelumendi kazetari eta EHUko ikerlaria. Xabier Lapitz ETBko aurkezlea izango da moderatzailea. Mahai inguruari bukaera emateko, Gontzal Mendibil abeslariak kantu pare bat joko ditu. Biok izeneko diskoa plazaratu du duela gutxi Mendibilek, eta han Altxa zu! Altsasu izeneko abestia ere agertzen da, auziari buruzkoa.Hori izango da joko dituenetako bat.

Azkenik, azaroaren 24an, 19:30ean, Altsasuko Burunda frontoian, kontzertu berezi bat egingo dute Aske izenburupean. Miren Amuriza bertsolaria eta Dani Martiarena kazetaria arituko dira ekitaldiaren aurkezle, eta kantariek, bertsolariek, musikariek eta dantzariek parte hartuko dute. Han izango dira, besteak beste, Oreka Tx, Altsasuko dantzariak, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran eta Tximeleta taldea, eta Lluis Llach musikari katalanak ere parte hartuko du. Sarrerak bost euro balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.