Cabacasen gurasoek auziari buruzko txostenak eskatu dizkiote Erkorekari

Komunikabideetara igorritako gutunean, esan dute «samina» eragin diela Ertzaintzak barne ikerketa itxi izanak. Bilera eskatu diote Erkorekari

Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas semea gogoratzeko ekitaldi baten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigo Cabacasen gurasoek joan den abenduaren 15ean jakin zuten Ertzaintzak artxibatu egin behar zuela semearen heriotzaren inguruan zabalik zeukan barne ikerketa. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko batzordean jakinarazi zuen erabakia, eta orduantxe izan zuen horren berri Cabacasen sendiak. Erabakiak eragindako «samina eta kaltea» gainditzeko aste batzuk igaro direla, Cabacasen gurasoek barne ikerketa ixteari buruzko gogoeta egin dute komunikabideei igorritako gutun batean. Hartan, Erkorekari galdegin diote euren esku uztea Segurtasun Sailak auziari buruz duen dokumentazio guztia.

Ikusi gehiago: Erkoreka jaunari gutuna (Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu - Iñigo Cabacasen gurasoak)

Cabacasen gurasoek onartu dute «ezustean» jaso zutela barne ikerketa artxibatzeko erabakia, eta ez zutela espero Ertzaintzak bide hori amaitutzat ematea. Azaldu dute erabakiak «atsekabea» eta «min sakona» eragin dizkiela, eta «etsita» daudela: «Erabat etsita gaude, sinetsita geundelako barne ikerketak argituko zituela Bizkaiko Auzitegiak 2018ko azaroaren 29an kaleratutako sententziak jasotzen dituen irregulartasunak, gehiegikeriak eta protokoloen urraketak». Gurasoen iritziz, barne ikerketa ezinbestekoa zen polizia operazioan izandako «arau hausteak» argitzeko eta heriotzaren «erantzukizunak zuritzeko».

Apirilean hamar urte beteko dira Iñigo Cabacas hil zutenetik, Ertzaintzaren pilota batek jota, Bilboko Indautxu auzoan. Urtemuga hori gogoan hartuta, familiak Erkorekari eskatu dio polizia operazioari buruzko informazio guztia sendiaren esku uzteko: hala nola irekitako ikerketak, hartutako erabakiak, zabaldutako diziplina auziak, ertzainen txosten medikoak eta haien inhabilitazioen dokumentazioak. Informazio hori dena aurrez aurre jaso nahi dute, eta, horregatik, bilera bat eskatu diote Segurtasun sailburuari: «Aurpegira esan diezagula egoki deritzona».

Cabacasen gurasoek gogor kritikatu dute Segurtasun Sailak eta Erkorekak auzian izandako jarrera. Salatu dutenez, Erkorekaren erabakiek eta hitzek «samina areagotu» egin diote familiari. Erkorekak Eusko Legebiltzarreko agerraldian adierazi zuen auzibidean zigortutako ertzainburuari ezin zaiola eskatu diziplinari dagokion erantzukizunik jada ez delako Ertzaintzako kide, eta gainerakoak lan egiteko inhabilitatuta daudela eta jada ez daudela Polizian. Familiarentzat, «sinestezina» eta «mingarria» da Cabacasen heriotzan inork ez hartzea erantzukizunik bere gain.

«Gizatasunik eza»

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunaren «enpatia eta gizatasun falta» ere salatu dituzte gurasoek. Are, Erkorekari aurpegiratu diote legebiltzarreko batzordeko agerraldian ertzainentzat izan zituela soilik gertutasun mezuak. «Ikaragarritzat» jo dute jarrera hori. Hala, salatu dute auzia argitzeko egindako urratsak ez direla nahikoak izan, eta Segurtasun Sailari eta Eusko Jaurlaritzari leporatu diete pausorik ez eman izana familiaren samina arintzeko, ez eta «justizia, egia eta aitortzarako» eskubidea bermatzeko ere. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «hausnarketa zintzoa» egiteko: «Guk ez al dugu merezi inolako aitortzarik?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.