Geroa Baik eskua luzatu dio PSNri, baina azaldu dio ez duela betorik onartuko

Unai Hualdek eta Koldo Martinezek nabarmendu dute parlamentuan PSNk UPN eta PPrekin bat egin duela gehienetan legealdi honetan

Geroa Baik abuztuaren 31n egin zuen urte politiko berria hasteko ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Urte politikoaren hasiera honetan, alderdiak foru hauteskundeei begira jarri dira Nafarroan, eta, ezinbestean, Geroa Bairi duela hiru urteko ezbaia planteatu zaio. Atzo, Unai Hualde eta Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariek eskua luzatu zioten PSNri, bat egin dezaten aldaketaren aldeko indarrekin. Hala ere, Martinezek argi utzi zuen ez zuela betorik onartuko. «Geroa Baik ez du nahi PSNk EH Bildu baztertzea, ezta EH Bilduk PSN baztertu nahi izatea ere». Haren esanetan, jarrera ez da aldatu: «PSNk ateak irekita ditu negoziatzeko. Hala esan genuen 2015ean, hala esaten dugu 2018an eta hala esaten jarraituko dugu 2019an ere».

Gaur-gaurkoz, Geroa Baiko ordezkariek uste dute PSNk ez duela jarrera aldatu, eta UPNrengandik gertuago jarraitzen duela. Hiru urteotan sozialistek parlamentuan izandako jarrera dute eredurik garbiena. «UPNrekin eta PPrekin bat egiten dute aldi gehienetan parlamentuan, baita gizarte arloko legeak onartzeko orduan ere», azaldu zuen Unai Hualdek. Horregatik, PSNri ez dio ikusten benetako borondaterik aldaketarekin bat egiteko, eta horregatik, argi utzi dio Maria Txibiteri Geroa Bai ez dela erraz eroriko haien besoetan. «Gertaerek kontrakoa diotenez, ez diegu sirenen kantei jaramonik egingo».

Iritzi berekoa da Koldo Martinez. Haren irudiko, PSNk nahiago du UPNri jokoa egin: «Nahiago du identitate arloko borroketan erori Nafarroan aurrerabideko gobernu bat osatzen lagundu baino», esan zuen.

Txibiteren erantzuna

Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak ez du gustuko izan Geroa Bairen ohartarazpena. «Inork ez digu esango norekin egin behar dugun hitzarmena gobernua osatzeko». PSNk bereari eusten dio, eta enegarrenez argi utzi du EH Bildurekin ez dutela ezer jakin nahi etorkizuneko akordioak egiterako orduan. «Ideologiaren eta etikaren araberako posizionamendu politikoa da». Era berean, gaineratu du PPrekin ere ez dutela akordiorik egin nahi. «Beste mutur ideologikoan daude, eta sozialistek politika horiek iraultzeko egiten dugu lan». Hain zuzen ere, duela bi urte Txibitek UPNrekin akordiorik ez zuela egingo aipatu zuen, baina azken hilabeteteetan ate hori ireki egin du berriz.

Hain zuzen ere, Pedro Sanchezen gobernuak Konstituzioaren erreforma planteatu du hautetsiei foru izaera kentzeko asmoz. Hori ikusita, UPNk berehala probestu du aukera, eta exijitu du laugarren xedapen iragankorra kendu behar dela aldaketa horretan. Xedapen iragankorrak Nafarroak beste hiru euskal lurraldeekin bat egiteko aukera aipatzen du, eta zehazten du azken erabakia erreferendum bidez berretsi beharko litzatekeela.

Koldo Martinezen arabera, jatorrian «lau lurraldeko Euskadi bat sortzeko aukerari galga jartzeko sortu zen, baina egun, Konstituzioaren baitan, askatasun erreminta bat da». Haren ustez, nafarrei erabakitzeko ahalmena aitortzen zaie xedapen horren bitartez: «Nafarroa subjektu politiko gisa aitortzeko modu bat da». Horregatik, deigarria egiten zaio UPN «Pablo Casadoren eskuin atzerakoiarekin edo Ciudadanoseko antiforalistekin» lehiatzea «ea nor den zentralistago».

Hauteskundeei begira, Geroa Baik jada zehaztu ditu zerrendaburuak: Uxue Barkos lehendakarigai izango da berriro, eta Itziar Gomez, Iruñeko zerrendaburu. «Norbaitek leporatu digu ez dugula aurpegirik aldatu, eta egia da, guk berrikuntza politiketan aplikatzen baitugu. Beste batzuk aurpegiak aldatzen dituzte, baina diskurtsorik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.