«Konpromisoa» eskatu diete Altsasuko Gurasoek Europako parlamentariei

Pozueta eta Goikoetxea Estrasburgon daude, eta bilerak egin dituzte zenbait talderekin. Auzitegi Gorenak bihar aztertuko du gazteen auzia

Edurne Goikoetxea eta Bel Pozueta, europarlamentarien aurrean azalpenak ematen, atzo, Estrasburgon. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Altsasuko Gurasoak plataformako kideak Estrasburgon daude, Europako Parlamentuak han duen egoitzan, eta bilerak izan dituzte zenbait talde parlamentariorekin, Altsasuko auziko gazteen egoera zertan den azaldu eta eskaera jakin bat egiteko: parlamentariek Europako Batzordeari eska diezaioten auzibideari «gertutik» jarraitzeko.

GUE/ENL ezkerreko talde parlamentarioarekin eta Europako Aliantza Librea taldearekin batzartu ziren atzo Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, eta gaur ere aurrez aurreko bilera izango dute zenbait parlamentarirekin. Atzoko bi bileren arteko atsedenaldian mintzatu zen Pozueta BERRIArekin: «Ez genuen hainbeste jende espero; aretoa parlamentariz beterik egon da. Bilera laburra izan da, baina oso zehatza: egoera azaldu diegu, eta salatu dugu hiru urte daramatzatela behin-behineko espetxealdian, epaia irmoa ez den arren; gogoratu dugu bere garaian Frans Timmermansek [erakundeen arteko arloko komisarioak] aferari gerturik jarraitzeko konpromiso pertsonala hartu zuela, eta eskatu dugu konpromiso hori berresteko».

Parlamentari batzuek esan dute zuzenean eramango dutela gaia Timmermansengana. Hori dela eta, «pozik» daude espetxeratutako gazteen gurasoak: «Gure auzia haien agendetan egotea nahi dugu, eta haien eskuetan dagoen guztia egin dezaten injustizia hau bukatzeko».

Gorenaren ebazpena

Espainiako Auzitegi Gorenak bihar aztertuko du 2016an Altsasuko jaietan izandako liskarrarengatik espetxeraturik dauden gazteen auzia. Pozuetak dio «kontu handiz» ikusten dutela Gorenak egin beharreko saioa: «Ibilbide honetan jaso ditugun epaiak hain gogorrak eta hain bidegabeak izan direnez, Gorenarena ere kontu handiz ikusten dugu». Dena dela, gurasoek badakite oraingoan Gorenaren esku dagoela auzia amaitzeko aukera: «Hiru urte daramatzagu kontu honekin; gazteek hiru urte daramatzate kartzelan. Hau neurri guztietatik kanpo dago, eta bukatzeko aukera dugu».

Espainiako Auzitegi Nazionalak, emandako bi epaietan, ebatzi zuen Altsasun 2016ko urrian gertatutakoa ez zela terrorismo delitua izan, eta fiskaltzak eta akusazio partikularrek ez zuten helegiterik jarri erabaki horren kontra. Beraz, Auzitegi Gorenak ez du afera horren inguruan eztabaidatuko. Beste kontu batzuk izango dituzte aztergai: akusatuak absolbitu behar ote diren edo jarri dizkieten zigorrak murriztu daitezkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.