Los Arcos kostatu zenaren %10ean saldu du Nafarroako Gobernuak

Gobernuko arduradunak pozik agertu dira salmentarekin, urtero lau milioi euroko gastua baitzuen zirkuituak. Zazpi milioitan saldu dute

Los Arcos zirkuituaren inaugurazio ekitaldia, 2010eko ekainean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Los Arcosko zirkuitua eraikitzea, ustiatzea eta zorrak pagatzea 72 milioi inguru kostatu da, eta, azkenean, zazpimilioi euroren truke saldu du NICDO Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi azpiegituren sozietate publikoak. Auto eta moto lasterketak egiteko zirkuitua da Los Arcos.Eta kostatu zenaren %10 ordainduko du erosleak, MSV Group Erresuma Batuko taldeak. Maiatzean, salmenta prozesuari ekin zionean, NICDOk 15 milioi euroren truke saltzea jarri zuen helburu gisa, baina, salmenta prozesua burututa, arduradunak pozik azaldu dira, urtero lau milioi euroko kostua baitzuen zirkuituak.

Salmentari buruzko agerraldia egin dute Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak eta Ramon Urdiain NICDOko zuzendariak. Azaldu dutenez, MSV Groupek erosi du. Taldea sei zirkuituren jabe da Erresuma Batuan, eta horien bidez urtean 60 milioi euro fakturatzen ditu. Zirkuituok ateak irekitzen dituzten egunetan, okupazioa %90ekoa da batez beste. Zirkuitu nagusia Brands Hatch dute: 16 milioi euroko diru sarrerak ditu, eta ehun laguni ematen die lana. Hurrengo urteko motor lehiaketen egutegia urrian itxi ohi da, eta funtsezkotzat jotzen dute berehala hartzea ardura hori, kudeaketa ildo berriak ezar ditzan.

Nahiz eta kostuaren %10eko prezioan saldu, NICDOko eta gobernuko arduradunek nabarmendu dute dirua aurreztea lortuko dela salmentari esker. Urtean lau milioi euroko kostua zuen zirkuituak, maileguak, mantentze lanak, inbertsioak eta ekitaldi berezien antolakuntza aintzat hartuta. Gainera, berriro ere derrigorrezkoa zen inbertsio handiagoa egitea, eta orain MSV Groupek hartu du horren guztiaren ardura.

Zama hori kendu izanaren garrantzia azpimarratu du Ramon Urdiainek: «Kultura, kirol, aisia eta turismo bilkuren proiektuak gauzatzeko aukera emango digu». Dena den, azken prezioa zazpi milioi eurokoa izan da. Urdiainek nabarmendu du kanpoko aholkularitza bati zirkuituaren balorazio ekonomikoa egiteko enkargua eman ziola. Hark erabilitako hiru metodologiak kontuan harturik, kasurik hoberenean, sei milioi euroan baloratu zuen egungo zirkuitua.

Porrot baten amaiera

Salmentarekin, amaitu da porrot ekonomiko baten historia. 2006an, Logroñon (Errioxa, Espainia) egoitza zuen Construcciones Samaniego eraikuntza enpresak zoruak erosi zituen Los Arcosen, eta enpresaren arduradun Jesus Samaniegok zirkuitu bat eraikitzeko proiektua proposatu zion herriko UPNko alkateari. Egitasmo hura UPNren gobernuraino heldu zen, eta hasierako asmoa zen sozietate bat elkarbanatzea Los Arcosen zirkuitu bat egiteko. Hasierako asmo hartan, azpiegiturak kostu txikia zuen, eta alor publikoaren esfortzua ere apala izango zen.

Errealitatea bestelakoa izan da. Proiektua hasi berri, krisia etorri zen, eta Nafarroako Gobernuak hartu behar izan zuen bere gain azpiegituraren eraikuntza. Sei milioi euroko lehen aurrekontutik azken emaitza errealerainoko aldea handia izan zen. Nafarroako Kontuen Ganberak egindako azterketa baten arabera, azpiegitura 55 milioi euro kostatu zen, baina, ondorengo urteetako faktura aintzat hartuta, 72 milioi euro ingurukoa da xahututakoa: 55 milioi euro obra, zirkuituaren ustiaketa sozietate publikoen eskuetan geratu den urteetan 6,7 milioi euroko defizita eragin du, interes tasetan 9 milioi euro ordaindu dira, eta urteotan 720.000 euroko abal bat gauzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.