Apalago bada ere, ikuspegi positiboari eutsi diote euskal ekonomistek

Ekonomisten Euskal Elkargoko kideek uste dute euskara politika publikoekin lagundu behar dela lanaren eta enpresaren munduan
Joseba Barandiaran eta Mercedes Vallejo, Ekonometroaren arduradunak.
Joseba Barandiaran eta Mercedes Vallejo, Ekonometroaren arduradunak. EKONOMISTAK

Irune Lasa -

2019ko urtarrilak 30
Sei hilean behin euskal ekonomistei pultsua hartzeko ariketa egiten du Ekonomisten Euskal Elkargoak, inkesta baten bidez, eta atzo aurkeztutako bederatzigarren Ekonometroak ekonomiaren etorkizunari begirako orain arteko konfiantza indizerik apalena (8,6 puntu) neurtu du.

Ikuspegi positiboa da, oraindik ere —zero azpikoak lirateke ikuspegi negatiboak—, EHUko Mercedes Vallejok azaldu zuenez. Oro har, ekonomistek uste dute ekonomiak bilakaera positiboa izango duela datozen sei hilabeteetan, baina, elkargoko Joseba Barandiaranek gaineratu zuenez, «ikuspegi pesimisten kopurua handitu egin da». Egoerak okerrera egin duela uste dutenak %4,5 ziren lehen eta %21 dira orain. Ziurrenez, bi ekonomisten arabera, konfiantza indize apalago hori aurreratzen ari da adierazle ekonomikoek iragartzen duten hazkunde motelagoa.

Konfiantza indize hori osatzeko erabiltzen diren lau aldagaietatik hiru dira joan den ekainekoak baino apalagoak: jaitsiera izan da ekonomistek euren egoera pertsonalaz duten iritzian; baita euskal ekonomiak izan dezakeen bilakaerari buruzko ustean ere. Era berean, nahiz eta pentsatu langabeziak behera egiten jarraituko duela, uste dute murrizketa erritmo motelagoan gertatuko dela. Laugarren aldagaian, aurrezpenaren bilakaeraren inguruan ere jaitsiera bat izan da, baina oso apala.

Lehiakortasunaren faktoreei buruz, berritasun handirik ez; ekonomisten aburuz, I+G+B arloan egindako inbertsioak, soldata kostuak eta formakuntza dira euskal ekonomiaren lehiakortasunean gehien eragiten duten aldagaiak.

Galdera bereziak

Azken Ekonometroak beste lau gai bereziri buruz ere galdetu die ekonomistei. Horiek horrela, aitatasun baimenen onura soziala azpimarratu dute ekonomistek, baina, hala ere, ez dute uste emakumezkoen eta gizonezkoen kontratu kopuruen parekotasunean eta produktibitatean eragin nabarmenik izango duenik.

Administrazio publikoek enpresa pribatuetan parte hartzeari buruz, baldintzapeko babesa eman diote ekonomistek. %44 ados daude enpresak estrategikoak direnean, eta ia %30ek unean uneko kasuei ere oniritzia emango liekete. Halere, %21ek ezezko biribila eman diote halako parte hartze bati, edozein dela kasua ere.

Ekonomistei kirol eta kultur arloko ekitaldi handien ereduaz ere galdetu die Ekonometroak, eta %60 inguru halakoen aldeko agertu dira. Herrialdeka, Bizkaikoen artean jaso dute ekitaldi erraldoiek babesik handiena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Irune Lasa

Informazio osagarria