Torra hilaren 25ean eta 26an epaituko dute xingola horien auziarengatik

ERCk independentisten arteko «adostasuna» lehenesten du. Tsunami Democratic plataformak desobedientzia ekintzak egitea du helburu

Igor Susaeta.
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea datorren irailaren 25ean eta 26an epaituko dute Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Kataluniako Fiskaltzak desobedientzia leporatzen dio, argudiatuta ez zituela Espainiako Hauteskunde Batzordearen ebazpenak bete Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpainan, eta, horrenbestez, ez zituela garaiz kendu preso politikoen aldeko xingola horiak Generalitatearen eraikinetatik. Urtebete eta zortzi hilabetez kargugabetzeko eta 30.000 euroko isuna ezartzeko eskatzen dio fiskaltzak Mercedes Aramas Galve magistratuari.

Hauteskunde batzordeko dozena bat kidek lekuko gisa deklaratzeko eskatu zuen defentsak, baina Torra epaituko duen aretoak eskaera hori baztertu du. Artean ikerketapean zegoenean Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratu zuenean —joan den maiatzaren 15ean—, Generalitateko presidenteak nabarmendu zuen organo «ezgai» baten agindu «ilegala» desobeditu zuela, Kataluniako presidente gisa herritarren «agindu gorena» bete behar zuelako. Vox eskuin muturreko alderdia herri akusazioa izango da epaiketan.

Genevako bilera

Inpendentismoko eragile nagusiak Genevan (Suitza) bildu ziren joan den asteburuan, erabakitzeko zer pauso eman buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiaren ondoren. Hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuz argitaratu dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak irail amaieran edo urri hasieran emango du epaiaren berri. Marta Vilalta ERC Esquerra Republicanako bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, asteburuko bileran «aurrerapausoak» eman dituzte, baina ez dute akordiorik itxi. Adierazi zuen ERCk lehenesten duena dela independentisten arteko «adostasun estrategikoa» berreraikitzea, modu horretan Kataluniako instituzioak indartzeko. Kataluniako hedabideen arabera, Genevako bileran parte hartu zuten Carles Puigdemontek, Torrak, Marta Rovirak (ERC), Marcel Maurik(Omnium Cultural), eta, besteak beste, Anna Gabrielek (CUP).

Bestetik, gizarte zibileko aktibista talde batek bultzatuta jaio da Tsunami Democratic plataforma. Sare sozialen bidez funtzionatuko du, eta, webguneko manifestuak dioenez, epaiketaren epaiari herritarrek emango dioten «erantzuna» artikulatzea du helburu. Mobilizazio kanpaina iraunkor bat sustatuko du, desobedientzia ekintza «ez-biolentoetan» oinarrituko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.