Kenoshan izan da Trump, segurtasun indarrei babesa adierazteko

AEBetako estatuburuak defendatu egin du bi manifestari hil zituen gaztea. Blakeren familiak presidentegai errepublikanoaren bisita kritikatu du

Donald Trump autoan, protestek hondatutako guneetatik igarotzen, atzo, Kenoshan. TANNEN MAURI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Presidentetzarako kanpaina betean, Kenoshan (Wisconsin) izan da Donald Trump hautagai errepublikanoa, abuztuaren 23an Jacob Blake afro-amerikarra tirokatu zuten hirian. Iritsi denerako,zain zituen hainbat jarraitzaile hirian; izan ere, asko dira uste dutenak «ezkerra» dela istiluak eragin dituena. Estatuburuaren bidaiak Wisconsingo gobernadore Tony Evers demokrataren eta Kenoshako alkate John Antaramianen kritikak eragin ditu Alderdi Demokratako kidea azken hori ere. Bi buruzagiek ohartarazi dute egoera nahiko «zaila» izaten ari dela bertako segurtasun indarrentzat horiei orain presidentearen bidaiak sor ditzakeen «arazoak» gehitu beharrik gabe.

Presidentegai errepublikanoak hasieratik kritikatu ditu Blakeren aurkako tiroketak eta haren aurretik George Floyden hilketak eragindako protestak, eta ohartarazi du «ordena eta legea berrezarriko» dituela, modu horretan hautesle zurien babesa bermatzeko asmoz. Helburu hori bera du Kenoshara egin duen bidaiak ere. Trumpen kanpainakoek zabaldu dute Blakeren familiarekin biltzeko ahalegina egin duela estatuburuak, baina haiek abokatu bat aurrean egotea jarri dutela baldintza gisara, eta hori dela-eta egin diola uko Trumpek aurrez aurrekoari.

Aldiz, babes osoa adierazi die bai Kenoshako Poliziari, zeina «setiopean» dagoela salatu duen, eta baita Kyle Rittenhouse 17 urteko gazteari ere, Kenoshako protestetan bi manifestari hiltzeaz akusatutakoari. «Zuek ere ikusi dituzue irudiak. Jendetzatik aldentzen saiatzen ari zen, baina azkenean erori egin zen, eta eraso egin zioten. Hala iruditu zait niri, behintzat. Arazoak zituen. Egin zuena egin ez balu, ziurrenik hil egingo zuten», esan zuen herenegun Rittenhousez galdetuta. Blake tirokatu zuen poliziaren kasuan ere, haren defentsan atera da estatuburua, eta nabarmendu «milaka ekintza on» egiten dituztela segurtasun indarretako kideek, eta behin «huts bat» egin izanak, ezin duela haien izen ona ilundu. «Zer egingo zenukete zuek? Blakek arma bat eduki zezakeen ezkutatuta. Batzuetan golf jokalariek ere, pilota zuloan erraz sartzeko aukera izan arren, huts egiten dute».

Joe Biden presidentegai demokrata ere Kenoshara joatekoa da datozen egunetan, baina haren kanpainako arduradunek ez dute zehaztu noiz. Bidenek, hala ere, gogor kritikatu du estatuburu errepublikanoak Rittenhouseren jarrera gaitzetsi ez izana, eta «liskarrak sustatzea» egotzi dio Trumpi.

Elkarretaratzea

Trumpen bisitaren aurkako protestak ere izan ziren atzo Kenoshan. Blakeren senide eta lagunek antolatuta, elkarretaratzea egin zuten afro-amerikarra tirokatu zuten kale bazterrean. «Badakigu zergatik etorri den Trump kenoshara. Kaosa eta nahasmena piztu nahi ditu, baina ez diogu onartuko», ohartarazi zuen Tanya McLean ekintzaileak.

Trumpen kanpainako arduradunek eurek onartu dute eskubideen aldeko manifestazioetan izandako istiluek presidentegai errepublikanoari egiten diotela mesede, hautesle zurien artean babesak gora egiten baitu halakoetan. Hala, Black Lives Matter mugimenduak behin baino gehiagotan salatu izan du manifestazioetan izandako istiluak «zuriek» eragiten dituztela, erantzukizuna mugimenduari egozteko helburuarekin. Hori dela eta, atzo gauean manifestaziorik ez egiteko eskatu zieten mugimenduko kideek Kenoshako herritarrei, ohartaraziz eginez gero «huts larria» litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.