Ekonomiak udan izandako erreboteari hiru hamarren gehitu dizkio Jaurlaritzak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %15,5 handitu zen uztailetik irailera. Iazko epealdi berarekin alderatuz, %7,2 uzkurtu da ekonomia

xabier martin
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Udako hiruhilekoan, ekonomiak hazkunde handia izan zuela jakinarazita zuen Eustatek: %15,2ko errebotea. Itxialdi handiaren eroriko historikoaren ondoren, uste baino hazkunde handiagoa izan zuen Eusko Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeen BPG barne produktu gordinak udako sasoian, baina urte arteko tasan islatu zen pandemiak eragindako zuloa: -%7,7. Bada, Jaurlaritzako Ekonomia Sailak datu horiek zabaldu ditu orain, eta pixka bat zuzendu ere bai. %15,2koa ez, baina %15,5ekoa izan zen udako errebote handia, atzo Eustatek jakinarazi zuenez, hiru hamarren handiagoa. Eta urte arteko tasan -%7,5 apaldu da hiru lurraldeen osotasunaren ekonomia, aurretik emandako datuan baino bi hamarren gutxiago.

Datu hori da irail bukaera arte pandemiak egindako zuloa. Lehen hiruhilekoan, -%4,7ko jaitsiera egon baitzen, eta bigarrenean, -%16,4koa. Hirugarrenaren hazkundearen ondoren, azken hiruhilekoak finkatuko du inoizko urterik okerrenetakoareneboluzioa eta -%7,5 horretatik zenbat jaitsiko den; izan ere, pandemiaren bigarren olatua ez da laguntzen ari jaitsiera ez dadin izan bi digitukoa. Irailean, Jaurlaritzak aurreratu zuen ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a. Baina egungo errealitateak estimazio hori aldatu behar izatea eragin dezake, asteon Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak aitortu duenez.

Enplegua eta sektoreak

Enpleguari dagokion datu aurreratua ere aldatu du Jaurlaritzak. Esandakoa baino hobea da, eta hobekuntza hori hiru hamarrenekoa da, bai hiruhilekoen arteko tasan, bai urte artekoan; 2019ko udako hiruhilekoarekiko %6,2 apaldu da enplegua, hortaz. Kontsolamendu txikia enplegu suntsiketa handiari begira, inondik ere.

Bestalde, urte arteko tasan balio erantsiaren atzerakada orokortua izan dela esplikatu du Eustatek, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarretan izan ezik. Baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, igoera handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.