Kateetatik askatzeko katea

Diada eguneko ohiko manifestazioez beste, independentziaren aldeko giza katea antolatu du ANCk aurtengo irailaren 11rakoSubiranismoaren aldeko leloak tirabirak eragin ditu CiU eta PSC alderdien barruan

Kateetatik askatzeko katea.
Ion Orzaiz.
2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hamar egun besterik ez dira falta. Hamar egun, independentziarako bidean Kataluniak beste pauso garrantzitsu bat eman dezan. Irailaren 11n, urtero bezala, Diada edo Festa Nazionala ospatuko dute. Aurtengo hitzordua, alta, berezia izanen da. Batetik, ANC Biltzar Nazional Katalanak giza kate erraldoia antolatu duelako egun horretarako Via Catalana cap a la Independencia (Bide katalana independentziara) lelopean; eta bestetik, independentziaren aldeko hautu garbiak —erabakitze eskubidearen aldeko ohiko aldarrikapenez harago— alderdi politikoen eta herritarren artean duen babesa neurtzeko balioko duelako, 2014an egin asmo duten galdeketara begira.

ANCko buru Carme Forcadellen ustez, «erabateko arrakasta» izango du ekinaldiak. Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatuko duen eta 400 kilometro luze izanen den giza katea osatu nahi dute, eta uztailean argitaratutako azken datuen arabera, 150.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena Internet bidez dagoeneko. Horiei batuko zaizkie ANCko eskualdekako batzordeetan izena emandako milaka herritarrak —zenbatu gabe daude oraindik—. «IazBartzelonan egindako manifestazioan baino jende gehiagok parte hartuko duela uste dut. Dugun krisi egoeran, itxaropena pizteko moduko proiektu positiboa aurkitu du Kataluniako gizarteak, eta independentziarenprozesuan herri justuago eta aberatsago bat eratzeko aukera ikusi dute askok», adierazi du Forcadellek.

ANCk ez du lan makala izanen: milioi bat pertsona baino gehiago bildu zituen Bartzelonako kaleetan iazko manifestazio erraldoiak. Independentismoak «bataila ideologikoa» irabazi zuela adierazi zuen orduan ERC alderdiko Joan Tardak, eta horren erakusgarri izan zen alderdi politikoen barruan izandako mugimendu estrategikoak. Orduko lurrikarak jarraipena izanen du aurten, eta alderdiak hasiak dira giroa berotzen.

Independentziaren alde zein kontra, baina hasieratik garbi egon dira CUP eta ERCren jarrerak; baita, beste aldera, PP eta Ciutadansenak ere. Horregatik, ANCren deialdiaren aurrean CiUko eta, batez ere, PSCko buruzagiek hartuko zuten erabakiaz espekulatu dute Kataluniako hedabideek azken asteetan.

Desadostasunak CiUn

CiUren barruan, iritzi kontrajarriak agertu dituzte UDC Unio Democratica de Catalunyako eta CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko buruek. Irailaren 11ko giza katearen antolatzaileek erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen soilak baztertu eta independentziaren aldeko mezu garbia zabaldu izana kritikatu dute UDCko zenbait kargudunek; besteak beste, Kataluniako Gobernuko Nekazaritza kontseilari Josep Maria Pelegrik edota Barne sailburu Ramon Espadalerrek. Independentzia aldarrikatzeak «indar demokratikoak zatitu» egiten dituela adierazi dute behin baino gehiagotan biek ala biek. UDCko buru Josep Antoni Duran i Lleidak nahiago izan du, oraingo honetan, adierazpenik ez egin. CDCko buruzagiek, berriz, jarrera irekiagoa agertu dute ekinaldiaren aitzinean. «Kataluniaren askatasunaren alde herritar gehienok dugun borondatearen isla demokratiko eta arduratsua izatea espero dut», esan du berriki CDCko Antolakuntza idazkari Josep Rullek.

Alderdi horrek azken urtebetean izan duen bilakaera nabarmendu dute Kataluniako hedabideek. Subiranismoaren aldeko hautua egin du CDCk, eta aukera guztiak ari dira aztertzen egunotan. Independentziaren aldeko argumentuak jasotzen dituen agiria banatu dute militanteen artean, eta galdeketaren osteko bide orria zehazten da hor (herrialde independente baten politika ekonomikoa, erakundeak, hizkuntza politika, moneta, enplegua...). Madrilek kontsulta debekatuko balu ere, aukerak badirela azpimarratu dute alderdiko buruzagiek. Hauteskunde deialdia eginen lukete, bozak plebiszitu gisa aurkeztu eta —indar subiranistek irabaziz gero— independentzia aldarrikapen aldebakarra egin.

CiU osatzen duten bi indarren arteko iritzi kontrajarriek gobernagarritasuna arriskuan jar ez dezaten, ordea, Generalitateak ez du jarrera ofizialik adierazi, eta askatasuna eman die kontseilariei, hala nahi izanez gero, irailaren 11ko ekitaldietan parte har dezaten. Iazko manifestazioarekin egin bezala, Artur Mas presidenteak —CDCkoa berau— uko egin dio giza katean parte hartzeari, baina irailaren 11n bertan ANCko ordezkaritza batekin bilduko dela iragarri du. Kataluniako Parlamentuko presidente Nuria Gispertek ere ez du parte hartuko ekinaldian, baina harrera eginen die antolatzaileei. «Ahalik eta jarrerarik neutroena izatea exijitzen dit karguak», esan du. Beste kargudun batzuek, ordea, baiezkoa eman diote gonbitari, tartean Felip Puig, Germa Gordo, Ferran Mascarell, Neus Munte eta Santi Villa sailburuek.

Diadaren izaera independentistak aztoramendu handiagoa eragin du PSCren barruan. Familia edo hainbat talderen arteko bakea erabat apurtu da Pere Navarro alderdi sozialistako idazkari nagusi izendatu zutenetik, eta, azken egunotan, etengabeak izan dira alderdikideen arteko tirabirak. PSCko zuzendaritzak gogor kritikatu du Via Catalana giza katearen izaera independentista, baina burujabetzaren eta subiranotasunaren alde egin du alderdiko sektore katalanistak.

PSC, subiranismoak zatituta

Antonio Balmon idazkariak berripaper batean idatzitako artikulu batek hautsak harrotu zituen iragan astean, PSCn independentziaren aldekoak «sobera» daudela eta alderditik alde egin beharko luketela iradoki baitzuen han. Eta aholkua ontzat hartuta, horixe egin dute kritiko askok: bazkide txartela itzuli eta alde egin. «Kataluniako erdigune politikoan egon nahi duen alderdi batek pentsaera askotarikoak bildu behar lituzke. PSCk jarrera argiagoa izan behar luke erabakitze eskubidearen alde», adierazi du Flixeko alkate eta PSCko zuzendaritzako kide dio Marc Murrek VilaWeb atariari.

Gainontzeko alderdi politikoen artean ez da ezusterik izan. PPk kritika sutsua egin dio ANCren deialdiari eta «kateak albo batera uzteko» eskatu du. Independentismoari mesede egitea leporatu dio Generalitateari. ERC eta CUP alderdiek, berriz, «antzutzat» jo dituzte eztabaida horiek, eta irailaren 11ko giza katea «arrakastatsua» izan dadin lan egiteko deia egin dute. «Independentismoak irabaziko du», esan du CUPeko David Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.